AEBek militarrak baliatuko dituzte osasun arreta bermatzeko

Koronabirusaren aurkako neurriak zorroztuko dituzte Alemaniako, Italiako, Portugalgo eta Suediako gobernuek ere, Eguberrietarako

AEBetako militar bat herritar bati COVID-19aren kontrako txertoa jartzen, Maryland estatuan. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Neurriak gogortzen ari dira nazioartean. Egunetik egunera, eta osasun egoera okertu ahala, gobernuak murrizketa gehiago ezartzen ari dira koronabirusaren pandemiari aurre egiteko. AEBetakoa da horietako bat. Txertaketan jarriko ditu indarrak Joe Biden presidenteak. Etxe Zuriak herrialdeko armadako mila militar baliatuko ditu lanez gainezka dauden osasun langileei laguntzeko. Horrez gain, koronabirus probak egiteko guneak ugarituko dituzte, erizain gehiago jarriko dituzte txertaketa guneetan, eta doan banatuko dituzte 500 milioi test azkar.

AEBetan asko zabaldu da omikron aldaera, kasu kopuruan nagusi bilakatzeraino. Gaitzen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak bildutako datuen arabera, azken astean positiboen %73 izan dira omikronenak. Adituek orain arte ondorioztatu dutenez, aldaera berria aurrekoak baino arriskutsuagoa ez bada ere, azkarrago zabaltzen da, eta, beraz, errazago kutsatzen.

AEBetako Gobernuak adierazi du herrialdean beste itxialdi bat ezartzeko erabakia saihestu nahi duela; hori dela eta, Bidenek herritarrei eskatu die «txertatuta egonda ere» leku itxietan maskara erabiltzeko, eta «ahal dela» segurtasun distantziei eusteko. Batzuek dagoeneko aurreratu dute datozen asteak «erabakigarriak» izango direla Bidenen presidentetzarako.

Alemanian ere neurri murriztaileak ezarriko dituzte abenduaren 28tik aurrera. Esaterako, taldetan bildu daitekeen jende kopurua mugatuko du gobernuak. Gehienez ere, hamar lagun elkartu ahal izango dira, txertatuta dauden herritarrak eta gaitza gainditu dutenak barne. Taldean txertatu gabekoren bat bada, gehienez ere beste bi etxetan bizi diren kideekin elkartu ahal izango da. Horrez gain, itxi egingo dituzte gaueko aisialdiarekin lotutako tabernak eta dantzalekuak.

Italiako Gobernuak bestelako bidea aukeratu du. Erromak iragarri du hilaren 23tik aurrera derrigorrezkoa izango dela kalean maskara erabiltzea Erromako eta Lazioko eskualdeetan, baina ez dute baztertzen neurria herrialde osora zabaltzea. Horrez gain, eta neguko oporrek irauten duten bitartean, osasun langileek hamar egunetik behin egin beharko dute koronabirusa atzemateko proba. Italiak 30.000 kasu atzeman zituen atzo, eta gobernuak iragarri du ez dutela neurri murriztaile gehiago hartuko, «egoerak bere horretan irauten badu».

Portugalgo Gobernuak, berriz, aurreratu egin ditu urtarrilerako iragarriak zituen neurriak, eta murrizketa gehiago ezarriko ditu Eguberrietarako. Besteak beste, herritarrek test negatibo bat aurkeztu beharko dute jatetxeetan sartu ahal izateko.

Izurriari aurre egiteko neurriak zorroztuko dituzte Suedian ere. Gobernuak aurreratu duenez, telelana areagotzeko eta tabernetan gutxieneko tartea gordetzeko erabakiak hartuko dituzte, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.