Euskara ala ez gara

Patrik Unzurrunzaga Garate
2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Globalismoaren aurkako erresistentzia herri nortasuna defendatzetik pasatzen da, ala ez da. Gizateriaren historiako unerik larrienetako batean, non herri eta nazioen nortasun kulturala suntsitu nahi duten, estatu global batean, gizaki-robot guztiak berdinak eta otzanak direlarik, erresistentzia herri bakoitza egiten duena defendatzetik hasten da, horrek gizateriari ematen dion aberastasuna eta aniztasuna zainduz. Gobernu global bati aurre egin diezaiokegu, baina ez bagara gai ulertzeko erresistentzia munduko talde kultural bakoitzaren izatea eragiten digun berezitasunean oinarritzen dela, globalismoak gizakiaren gauzarik zoragarriena deuseztatzea lortuko du.

Gure kasuan, euskaldun izatea eragiten diguna ez dira mapa batean dauden marra batzuk, ezta Erdi Aroko euskal erresuma independente bat ere. Euskaldun izatea eragiten diguna gure pertsonarengan, eta gure gizataldean, euskara izatea da, gure hizkuntza. Euskara izatea, euskalduna izatea, dakienak hitz egitea da, ikasi duenak hobetzea eta ez dakienak ikastea edo barneratzea. Euskararik gabe herri hau ez da deus. Euskara «folklorismo» huts gisa erabiltzen jarraitzen badugu, haurrei, saltokiei, negozioei eta enpresei euskarazko izenak jarriz marketin huts gisa, balio hori besterik eman gabe, desagertu egingo den herri baten, euskal folklorearen, oinordekoak izango gara. Euskararik gabe independentziak ere ez luke zentzurik izango. Zertarako nahi dugu estatu subirano bat, izatea eragiten digunak jada ez badigu eragiten? Estatu inperialisten akats berberak errepikatzeko, baina eskala txikian?

Inflexio-une historiko honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da munduko herri bakoitzak bere nortasuna babestea, eta, gure kasuan, euskara indartzeko aukera paregabean gaude. Hau globalismoa geldiarazteko modu oso eraginkorra litzateke, beste batzuekin batera.

Batzuek plan globalista honen aurka ibili eta eraiki nahi dugun bide berri honetan, etorkizuna herrietan dagoela ulertzen hasi behar dugu, eta ez estatuetan. Herri libreak, kulturalki aberatsak, beren ezaugarri eta hizkuntzekin, jakinduria partekatzen dutenak eta elkarri munduko gizatalde gisa laguntzen diotenak. Inolako eliterik gabeko etorkizuna, ez diktadura kolpistarik, ez lau urtean behin aukeratutako diktadorerik, herriaren mesederako inoiz ez diren interesak besterik ez dutenak.

Horregatik, deialdia egiten dut hemendik, gure hizkuntza eta kultura mahai gainean jar ditzagun gizakiaren iraunkortasunaren aldeko mugimenduaren barruan, eta munduko gainerako herriek ere egin dezaten. Hori izango da tiranien mundu honen aurrean irauteko modu bakarra, zeina orain tirania handi bakar bihurtu nahi baitute; inperio bat besterik ez. Mundu osoa elite batzuen eskuetan, eta gainerako gizakiak hankapean, zanpatuak, kulturalki eta pertsonalki deuseztatuak, otzanak eta manaerrazak, psikopata batzuen zerbitzuko esklaboak.

Zuk aukeratuko duzu; esklabo izatea eta nortasun eta pentsamendu propiorik gabeko klon bat, edo aske izatea zure esentzia pertsonalarekin eta kultura-talde bateko kide izateak ematen dizun nortasunarekin, munduko gainerako kultura-talde eta herriei onena eman eta jasotzen duen herri baten kide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.