Ikastetxeak, gizartearen zulo beltzak

2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Gure gizartea unibertso zabal bat da, pertsona anitzek, dirdiratsuek, bakanek eratzen dute. Berdintasunean hezten saiatzen gara, banako ausart, kritiko eta eskuzabalak hezten saiatzen gara. Irakastea hezitzaileok ditugun zereginetako bat da, horretarako beharrezko baldintza jakintza izatea baita... Eta hor dago auzia, hezitzaileon ekintza nagusia heztea baita, eta horretarako ez da nahiko jakitea, horretarako ezinbestekoa da izatea.

Nola defendatu defendaezina, nola egin koherente logikarik gabekoa, nola izan kritiko ekintza ez zuzenen aurrean ezer egin gabe geldituz?

Nik dakidala, Unibertsoan Albert Einsteinek eta hainbat zientzialarik finduriko lege fisiko unibertsalak gailentzen dira, bertako edozein muturretan betetzen direnak. Lege hauek bere horretan hausten dira zulo beltzei buruz ari garenean, han, badirudi, dentsitatea hain handia da eta materia hain kontzentratua dago, ezen lege fisiko horiek bertan behera erortzen direla zulo beltzak irentsita...

Gure gizartean lege asko eta asko egiten dira, hauen diseinatzaileei gustatzen zaie koherentziaz mintzatzea, hezkuntza kritikoarekin eta berdintasunarekin ahoak betetzen dituzte, legeak denontzako berdinak direla kontatzen digute, unibertsalak direla... Barka jaun-andreak, hausnartu dezagun une batez; hori ez da horrela, eta, adibide gisa, azpiko hau:

Lehenengo artikulua. COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio-, euste- eta koordinazio-neurri urgenteei buruzko martxoaren 29ko 2/2021 Legea aldatzean. Honela geratzen da idatzita 6. artikulua: maskarak nahitaez erabili behar dira.

1. Sei urtetik gorako pertsonek maskarak erabili behar dituzte honako kasu hauetan:

a) Erabilera publikoko edozein gune itxitan edo jendearentzat irekita dagoenean.

b) Aire zabaleko edozein espaziotan, pertsonen aglomerazioa dela eta, horien arteko gutxieneko distantzia 1,5 metrokoa izatea ezinezkoa denean, bizikide-taldeak izan ezik.

Denok dakigu ez gaituztela behartu aire zabalean eta ireki dauden igerileku zein parkeetan musukoa eramatera, bertan inork ziurtatu ezin zezakeelarik bizikideak ez direnen arteko 1,5 metroko distantzia bete zitekeen ala ez.

Denok ikusi dugu tabernetako zein jatetxeetako terrazak nola okupatu ditugun, nola bete ditugun kaleak, hala ibili gara, lasai, arduratsu, lagun artean musukoaren derrigortasunik gabe. Egoerak eskatzen duen neurriak leunduz, tolerantziaren maila ongizate emozionalaren alde makurtuz.

Hona hemen auzia, gizartearen zulo beltza, lege unibertsalak desagertzen diren unea: Nafarroako ikastetxeak.

Hezkuntzak dio gure ikasle gazte eta bizien ikastetxeetan, atsedenerako eta jolaserakodauden espazio irekietan musukoa eramatea derrigorrezkoa dela, nahiz eta espazio horietan irakasle-zaintzaile arduratsu eta konpetentea egon, nahiz eta eremu horietan bizikideak ez direnen arteko gutxieneko distantzia 1,5 metrokoa izatea posible denean ere. Nola defenda liteke hau ikasleen aurrean? Nola esan musukoa derrigorrezkoa dela atariaren alde honetan eta bestean ez?

Gizartean dagoen askatasun-emozional hori ere behar dute gure ikasleek, gela barruetan 1,5 metroko distantzia baino gutxiagora aurrera begira bakarturik sei ordu jarraian ematen duten banako heroiko eta miresgarriek. 20 eta 30 ikasle arteko ratioetako klaseetan pilaturik dauden ikastun errugabeak!

Ikastetxeko barne espazioetan eta geletan musukoa eramatea defendagarria izan liteke, ratioen inguruko eztabaidan sakontzen ez badugu (hori beste eztabaida bat da). Baina defendaezina da musukoa derrigortzea aire zabalean ematen dituzten 30 minutu eskas horietan. Elkarri aurpegiak ikusteko, elkarrekin barre egiteko, elkarrekin jolasteko, hamaiketakoa gustura hartzeko...

Lagun zein guraso, ikastetxeetako irakasle zein zuzendaritza-talde... instantziaz lepo utzi behar dugu hezkuntza departamentua, ikastetxeak ez direlako zulo beltzak, askatasunaren, izaten ikastearen eta jakintzaren etxeak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.