Etiopia iparralderako giza laguntza eten dute

TPLFko matxinoek eraso egin diete Munduko Elikadura Programaren bi biltegiri. 400.000 lagun daude gosez herrialdean

TPLFko matxinoen aurkako protesta bat, Addis Abeban. EFE.
Maria Ortega Zubiate - Arantxa Elizegi Egilegor
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Etiopiako egoera okertu egin da: MEP Munduko Elikagaien Programak bertan behera utzi zituen atzo herrialdeko iparraldeko bi herritan zituen giza laguntzarako misioak, ezezagunek elikagaiak zeuden bi biltegiri eraso egin eta gero. Erakundeak salatu zuen elikagai ugari ostu zituztela; horien artean, elikadura arazoak dituzten haurrentzako ehunka produktu. NBE Nazio Batuen Erakundeak berak onartu du herrialdeko egoera zaila dela, 400.000 lagun baino gehiago baitaude gosez, baina giza laguntza eskaintzen duten taldeek «muturreko jazarpena» jasaten dutela-eta hartu du erabakia.

Erasoa TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteari egotzi zion nazioarteko erakundeak, baina horrek, oraingoz, ez du bere gain hartu. Horrez gain, MEPek salatu zuen Etiopiako Gobernuko indarrek giza laguntzako hiru kamioi bereganatu zituztela, beren helburuetarako erabiltzeko asmoz.

Herrialdeko iparraldeko bi herritan egin zieten eraso biltegiei, Kombolchan eta Dessien. Bi herri horiek garrantzi handia dute, Addis Abeba hiribururako bidean baitaude. Tigray eskualdetik kanpo daude herriak, Amhara eskualdean. Gerra duela urtebete pasa hasi zen, eta lehen asteetan borrokak Tigray eskualdean soilik kokatu ziren arren, gerora beste lurraldeetara era zabaldu ziren. Hain zuen ere, herri horiekTPLFren esku zeuden astelehenera arte; orduan jakinarazi zuten gobernuko indarrek bi herriak bereganatu zituztela.

Mehatxuak

Etiopiako iparraldea da munduko lekurik arriskutsuenetako bat giza laguntzan ari diren erakundeentzat; gatazka hasi zenetik, duela urtebete, giza laguntzarako erakundeetako 28 kide hil dituzte. Beren biziak arriskuan jartzeaz gain, lanerako zailtasunak ere izan dituzte erakundeek, eta hilabeteak egin dituzte Etiopiako Gobernuari burokrazia gutxitu eta giza laguntza gehiago baimentzeko eskatzen. Horrez gain, salatu dute erregai eta diru murrizketak jasan dituztela.

Egun iristen den baino askoz laguntza gehiago bideratu beharko litzateke gosez dauden guztiak elikatu ahal izateko. Agentziek kalkulatu dute egunean ehun kamioi inguru beharko lituzketela, eta onartu dute kopuru hori ez dela inondik ere betetzen.

NBEren datuen arabera, gatazka hasi zenetik bi milioi pertsonak utzi behar izan dute beren etxea, eta milaka dira oinarrizko beharrizanak asetzeko gai ez direnak. Informazioa, baina, ez dela zehatza aitortu du nazioarteko erakundeak; izan ere, gobernuko indarrek eta miliziek ez diete uzten borrokak dauden guneetara sartzen, eta ez diete desplazatuei buruzko daturik ere ematen.

Gobernuz kanpoko eta nazioarteko erakundeen bidez jasotako datuak, hala ere, nahikoa argigarriak dira: bost urtetik beherako 200 haur inguru hil ziren gosez Tigrayko ospitaleetan, ekain amaiera eta urri bitartean. Arazoa, baina, ez dago Tigrayn soilik. Probintzia guztietan haurren %16 eta %28 bitarte inguruk dituzte elikadura arazoak, eta, Tigrayn eta Amharan, haurdun dauden edo bularra ematen ari diren emakumeen %79k dute arazo bera. Gerrak bestelako arazoak ere eragin ditu. Bankuek lau hilabete daramatzate itxita, eta langileek ez dute soldatarik jaso joan den ekainetik. Askok Somalian 2011n izandako gosetearekin parekatu dute Etiopiako egoera; orduan 250.000 pertsona hil ziren gosez.

Nazioarteko agintariek kezka agertu dute Etiopiako egoeraz, eta erasoak eteteko eskatu diete bi aldeei. AEBetako Gobernuak berak lehentasuntzat jo du gerra gelditzea, baina gaur-gaurkoz ez du urratsik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.