Zertan ari dira?

Javier Saez Sanchez eta Isabel Castro Garcia
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Otsailaren 15a oso egun garrantzitsua izan zen Nafarroan, sektore publikoko langileek greba deialdi indartsua egin zuten zerbitzu publikoen alde; zoritxarrez, ESK ez zen deialdi horretara gonbidatuta izan.

Nafarroako sektore publiko osoko greba-deialdiak mobilizazio sozial eta sindikala piztu beharko luke, zerbitzu publiko guztien defentsan, ez soilik osasun publikoan, erabateko desegite prozesuan dagoena, EAJk, CiU ja desagertuak, PSOEk eta PPk pribatizazioaren aldeko apustua egin zutenetik, lankidetza publiko-pribatuen bidez, joan den mendeko 80ko hamarkadatik aurrera, eta 15/1997 Legearen onarpenarekin indartu zena. Lege horrek indarrean jarraitzen du, eta ez dirudi Estatuan historiako aurrerakoiena omen den gobernuak derogatzea planteatu duenik ere; PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako gobernuak euskal alderdi nagusien—EAJren, EH Bilduren eta Geroa Bairen— babesa du.

Bada, gutxi aldatzen da Osasunbideak eta Nafarroako gainerako zerbitzu publikoek bizi duten egoera, Osakidetzak eta EAEko gainerako zerbitzu publikoek bizi dutenarekin, bi gobernuek utzikeria eta pribatizazioa banderatzat hartuta; izan ere, langile publiko guztien erosteko ahalmena izugarri jaitsi da (%20 inguru 2010etik), CCOOren eta UGTren akordio onartezinaren babesarekin.

Eta egoera horren aurrean, mahai sektorialeko sindikatuek mobilizazioak proposatu dituzte Osakidetzan, ESK kanpoan utzita arrazoi bakar batengatik, hauteskunde sindikalak bultzatu ditugulako, langileek ordezkariak aukera ditzaten 10 urte baino gehiago hauteskunderik egin gabe egon ondoren. Bai, Osakidetzan, azken hauteskunde sindikalak duela 10 urte baino gehiago egin ziren.

ESKtik 2021eko azaroaren 22an Osakidetzako sindikatu guztiei argi eta garbi esan genien legitimatuta daudenak, hau da, mahai sektorialean daudenak, hauteskundeetara deitzen ez bazuten, hauteskundeak egiten saiatuko ginela. Horren ondorioz, epai batek, behingoz, definitu ditu ELAk, LABek, CCOOk, UGTk, SMEk eta SATSEk hauteskundeetara ez deitzeko aitzakia jartzen duten hauteskunde-esparruak. Nabarmentzekoa da prozesu osoan sindikatu horiek Osakidetzaren jarrera bera izan dutela hauteskunde sindikalak berehala egitearen aurka.

Epaiaren aurrean, sindikatu horiek bi erabaki hartu dituzte: lehenengoa hauteskunde-eremuei buruzko sindikatuen arteko hirugarren akordio bat sinatzea izan da, bigarrena 2019an sinatu zuten bezala, eta 2015ean sinatutakoaren ia berdina, biak ere eraginkortasunik gabekoak, eta badirudi sindikatuen arteko akordioekin hauteskundeak lau urtean behin ordezkatu nahi dituztela. Lehen proposamen hori ez du CCOOk babestu.

Zer pentsatuko luke euskal gizarteak parlamentu, foru aldundi eta udaletarako hauteskundeak egiteari utziko baliote eta alderdien arteko akordioekin ordezkatuko balira?

ELA, LAB, CCOO, UGT, SME eta SATSE sindikatuek hartutako bigarren erabakia ESK mahai sektorialean adosten ari diren mobilizazioetatik kanpo uztea izan da. Hau oso larria da, are gehiago gehiengo sindikal batek egiten duenean, non Madrilen euskal langile publikoen eta Estatuko gainerako langileen pobretzea onartzen dutenak, CCOO eta UGT, eta osasun publikoa Nafarroan mediku eta erizainentzako plusen prezioan saltzen dutenak, SME eta SATSE, barne dauden.

Aldiz, kanpoan uzten dituzte Osakidetzako LEP medikoetako ustelkeria salatzen eta zerbitzu publikoak tinko defendatzen ditugunak. ELAk eta LABek baztertu dituzte eredu sozial eta ekonomiko justu baten alde borrokatzeko espazio sozio-sindikalak partekatzen dituztenak, hala nola Euskal Herriko Eskubide Sozialen aldeko gutuna. Erabat onartezina eta ulertezina da ESKren baztertze hau.

Baina guk argi daukagu, egoera birpentsatzeko eta indarrak batzeko unea da, guztion onerako ezberdintasun sindikalak alde batera utziz, helburu eta mobilizazio argiekin eta inolako betorik gabe. Mahai gainean dugun erronka nahikoa garrantzitsua da erantzukizunez ez jokatzeko.

ESK arduratsua izango da eta hilaren 25eko manifestazioetan egongo da, herritar guztiak parte hartzera animatuz, eta kalitatezko osasun publiko unibertsalaren aldeko mobilizazio guztietan egongo da, zeren, zalantzarik gabe, bizitza jokoan dugu, eta argi daukagu bizitzaren eta kapitalaren arteko borroka baten aurrean gaudela, non pertsona guztientzako bizitza duina defendatzen dugunok bat egin besterik ezin dugun egin kapitalaren aurka borrokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.