Klima larrialdia

Iazkoa inoizko urterik beroena izan zen Europan

Batez besteko tenperatura nabarmen igo zen Artikoan ere, Copernicus zerbitzuaren arabera

Zenbait lagun eguzkiari izkin egin nahian, iazko uztailean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
XIX. mende erdialdean egin zituzten tenperaturaren lehen neurketak, eta Europako batez besteko tenperatura iazkoa baino hotzagoa izan da 2020aren aurretiko aldi guztietan. Berotze globalaren eta klima joeren inguruko ikerketa batargitaratu zuen atzo Europako Batzordeak sustatutako Copernicus Klima Aldaketa Zerbitzuak, eta bereziki nabarmendu zituen Europako eta Artikoko datuak. Tenperaturen goranzko joeraren adierazle dira biak.

Europan urterik beroenak izan direnen aldean, gutxienez 0,4 gradu zentigradu beroagoa izan zen batez besteko tenperatura iaz. Gainerako bostak ere azken hamarkadan erregistratu ziren. Iazko negua eta azaroa ere inoizko beroenak izan ziren, baina bereziki adierazgarritzat hartu dituzte neguko datuak; besteak beste, 1981 eta 2010 bitartean izandako batezbestekoa baino 3,4 gradu zentigradu beroagoa izan zen tenperatura urtaro horretan, eta orain arte beroena izan dena baino 1,4 gradu beroagoa.

Igoera bereziki nabarmena izan da kontinentearen ipar-ekialdean, eta, aldi berean, joera aldakorrenak ere bertan antzeman dituzte. Ikerketaren arabera, inguru horretan aurrez neurtutako batez besteko tenperatura beroena gainditu zen, eta 1,9 gradu handiagoa izan zen iazko beroena. Gainera, gehienezko eta gutxieneko tenperaturak 1981-2010 epearen batezbestekoa baino sei eta bederatzi gradu beroagoak izan ziren neguan.

Hain justu, udazkenean eta neguan izandako tenperaturak bereziki beroak izan ziren kontinente osoan, ikerketak azpimarratu duenez, eta hori jotzen du igoera orokorraren arrazoi nagusitzat. Uda ere ohi baino beroagoa izan zen, baina bero boladak ez ziren izan aurreko urteetan bezain gogorrak, orokorrak eta luzeak. Horietako bat azpimarratzen du: iazko abuztuan Afrika aldetik iritsitakoa. Gaueko tenperaturak nabarmen igo zituela dio; bereziki, Europa ekialdean. Gehienezko tenperaturak markak hautsi zituen Frantzian, bolada horren eraginez.

Artikoko kasuak ere atal berezi bat du atzo aurkeztutako txostenean. 1990eko harmarkadaz geroztik, eskualde horretako tenperaturak munduko beste lekuetan baino erritmo azkarragoan igo dira, anplifikazio efektua delakoagatik, txostenaren egileek diotenez. Izotz zatiak urtzeak eragiten du fenomeno konplexu hori; arrazoietako bat da ozeanoaren zati geroz eta handiagoa dagoela agerian, izotza urtzearen ondorioz, eta eguzkiaren argiak errazago berotzen duela itsasoa, izotz zatiak baino.

Horren zantzu moduan hartu du ikerketa Copernicus erakundeak. Izan ere, urte beroenetan bigarrena izan zen iazkoa han. Tenperaturen batezbestekoa 1981etik 2010era artekoa baino 2,2 gradu beroagoa izan zen. Eskualdean inoiz neurtutako gehienezko tenperatura baino 1,8 gradu handiagoa izan zen iaz erregistratutako maximoa. Bigarren hiruhilekotik aurrera nabaritu zuten ohi baino urte beroagoa izango zela, urtarriletik martxora arteko tartea ohi baino hotzagoa izan baitzen. Uda eta udazkena inoizko beroenak izan ziren, ordea.

Lupa atzeratuta, antzera

Eskala handiagoko datuei ere erreparatu die ikerketak. Mundu mailan, inoizko urterik beroenen artean dago iazkoa, beste birekin batera. Batezbestekoa baino sei gradu beroagoko tenperaturak erregistratu ziren Artikoan eta Siberia iparraldean, eta horrek eragin nabarmena izan zuen, ikerketak erakusten duenez. Kontrastean, Pazifikoko zenbait ingurutan ohi baino tenperatura hotzagoak izan ziren, eta hori La NiƱa fenomenoari zor zaiola uste dute ikerketaren egileek.

Aurkeztutako emaitzen balizko arrazoiak ere eman dituzte, eta arreta berezia jarri dute gas isurietan, horien kontzentrazio maila hartzen baita beroketa globalaren arrazoi nagusitzat. Iazko urtean karbono dioxido eta metano kontzentrazioa handitu egin ziren, satelite bidez jasotako datuen arabera. Karbonodioxido kontzentrazioa %0,6 handitu zen, eta metanoarena, ia %0,8.

Datu horiek erakusten dute berotegi gasen kantitatea inoizko handiena dela. Hala ere, geldialdi txiki bat izan dela nabaritu dute, eta aurreko urteetan baino motelago handitu dela, pandemiaren ondorioz hartutako neurriengatik. Ez da gauza bera gertatu metanoarekin, azkartu egin baita horren isurketa erritmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.