Errusiak esan du jarraituko duela Europa gasez hornitzen

Kremlinek adierazi du kontratuak beteko dituela. Bielorrusiara etorkinik ez eramateko konpromisoa hartu dute hainbat aire konpainiak

Bi immigrante, Hrodna (Bielorrusia) inguruan. IREK DOROZANSKI / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bielorrusia eta Polonia arteko mugan piztutako migrazio krisia dela eta, Europako Batzordeak asteon iragarri du zigor gehiago jarriko dizkiola Bielorrusiari. Hori aintzat hartuta, eta erantzun gisa, hango gobernuko presidente Aleksandr Lukaxenkok gas hornikuntza eteteko mehatxua egin zion, herenegun, EB Europako Batasunari. Baina mehatxu horiek gorabehera, Errusiak atzo jakinarazi zuen jarraituko duela, sinatutako kontratuak betez, Europa gasez hornitzen. Errusiak Gazprom enpresa publikoaren bidez Europari saltzen dion gasaren %20 Bielorrusiatik igarotzen da.

Errusiako Gobernuaren Presidentetzako Ministerioaren bozeramaile Dmitri Peskovek egunero egiten duen prentsa agerraldian nabarmendu zuenez, Lukaxenkoren adierazpen hori ez zegoen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin adostuta. Eta Bielorrusia Errusiaren aliatua izanagatik, Kremlinaren bozeramaileak gogoratu zuen estatu burujabea dela.

Lukaxenkoren mehatxua eta gero, Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrak Putini deitu zion telefonoz, eta eskatu balia zezala Minsken gain duen eragina. «Ez dago Errusiaren fidagarritasunaz zalantza egiteko inongo motiborik», azpimarratu zuen Putinen bozeramaileak.

Migrazio krisiarekin lotuta, Europako Batzordeko bozeramaile Dana Spinantek adierazi zuen, atzo, Ekialde Hurbilean lan egiten duten hainbat aire konpainien «konpromisoa» dutela Bielorrusiara migratzailerik ez eramateko. Bruselak uste du Bielorrusiak, behin haien mugetan egonda, EBko herrialdeetarako bidea errazten diela errefuxiatuei. «Kontaktatutako aire konpainiek giza trafikoaren edozein aldaera gaitzesten dute, eta horri aurre egiteko konpromisoa dutela adierazi dute», azaldu zuen Spinantek, eguneroko prentsaurrekoan.

Irakeko eta Jordaniako konpainiek Bielorrusiara zituzten hegaldiak eten dituzte behin-behinean asteon, eta atzo Turkiatik ere iritsi zen albistea. Irak, Siria eta Yemengo herritarrek ezingo dute Turkiatik Bielorrusiara hegazkinez joan, Istanbulek hala erabakita. Turkish Airlines airelineak hamar bat hegaldi ditu, astero, Turkia eta Bielorrusia artean; eta bide bera egiten duen Belavia Bielorrusiako aire konpainia publikoaren hegaldi kopurua ere antzekoa da. Belaviak ere ezingo ditu eraman herrialde horietako bidaiariak Turkia eta Bielorrusia arteko hegaldietan.

Laguntza humanitarioa

IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeko kideek laguntza humanitarioa banatu zieten, herenegun, mugan, Hrodna (Bielorrusia) inguruan, zeuden immigranteei. Europar Kontseiluaren arabera, 2.000 inguru daude hango kanpalekuetan —Poloniarentzat, baina, 4.000-5.000 bat—, baldintza eskasetan bizitzen. Eta atzo Gurutze Gorriaren Bielorrusiako bulegoak sei kamioi bidali zituen eremu horretara, immigranteei hotzari aurre egiteko «mantak, eskularruak, bufandak, txanoak, galtzerdiak» banatzeko. Immigrante gehienak Siriatik, Iraketik eta Afganistandik heldu dira.

OME Osasunaren Mundu Erakundearen Europarako zuzendari Hans Klugen esanetan, mugan dauden errefuxiatuek «errespetua» eta «duintasunez» tratatuak izatea merezi dute. Azpimarratu du, gainera, osasun arreta behar dutela; batzuek, premia larriaz. Giza eskubideen alde lan egiten duten hainbat elkartek ere salatu dute immigrante horien egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.