Sistema-aditua eta distopiak

2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Denok bizi izan dugu noizbait Diaz de Rada antropologo sozialak ondo definitu duen sistema-adituen jokaera. Ezagunetako bat: Erakundearen Irribarrea. Oso ohikoa den adibide bat jarriko dut. Banketxe batera ezohiko eragiketa bat egitera joaten garelarik, leihatilako langileak, irribarre zabal batez, ezinezkoa dela esango digu. Segituan online ala kutxazain automatikotik egiteko proposatu digu, eta gure denboraren ordu erditxo bat galdutakoan, bost euroko komisioa ordaindu ondoren, ezinezkoa zen tramite hura egina izango dugu.

Iragarkietan poz-pozik azaltzen diren aktoreek denetik saldu nahi digute. Gure onerako diren hamaika aukera eskainiko dizkigute: etxe berri bat, auto hobea, pentsio pribatua, osasun-zerbitzua, ortodontzia distiratsua, oporraldia... Gure lagunak bailiran jokatzen dute, atseginak dira, ederrak, azkarrak. Lehenengo ordainketa egindakoan, amua jandakoan, aldiz, irribarre horren atzean ezkutaturik zeuden letaginak agertzen hasten dira. Lehenengo arazotxoa eduki orduko, kosk egingo digute: etxearen gainbalorazioa, mailegu aldakorra, komisio ezkutuak, bizitza osorako soka...

Sistema-adituak ederki hartu digu neurria. Adituek baino ezin dute konpondu beraiek sortutako arazoa, eta aditu horrek sarritan ez du aurpegirik, ez da inor, logaritmo bat omen da.

Buruhauste hauetako batekin ari nintzela, aurrekoan, Miren Basaras birologoaren hitz batzuk ikusi nituen: «Txertoa jarri nahi ez dutenen jarrera ez dut ulertzen». Miren Basaras oso ezaguna egin da azkeneko urte honetan, beti neurri zorrotzenak ezarri nahi dituztenekin lerratu delako, eta beti, horiexek Basarasez baliatu dira euren erabaki irmoenak justifikatzeko.

Esaten zuten bezain eraginkorra ez den txertoa jarrita badut ere, niri behintzat arraroa iruditu zait «ez dut ulertzen» hori. Batik bat aditu gisa mintzo den pertsona baten ahotik.

Baina birologoaren pasadizo hau joera orokor baten adierazle baino ez da. Egungo sistema beste arlotan erabiltzen ari den sistema-adituaren jokaera maisuki erabili baitu pairatzen ari garen krisi sanitario eta sozialean. Sistema-adituen bozeramaileek gertaeren ikuspegi bakarra azpimarratzen duten aditu bakoitzari dagokion esparrua, alegia. Esparru horietan adituen diren neurrian, euren hitzak ezin dira zalantzan jarri. Hala egiten duena burutik egina dago edota harrokeriak jota dago. Trebea da gero, noski, sistema-aditua; aditu horiek botatzen dituzten datuak egiazko datuak izan daitezke eta. Aldiz, adituen datuen zaparrada horrek badu zeregina: ikuspegi osoa, holistikoa, lausotzea. Muina ezkutatzea, bestelako arazoak baztertzea, bestelako iritziak bekatuen mundura erbesteratzea.

Sistema-aditua dugu sistema holistikoaren arerioa. Bigarrena, gertaerak modu orokorrean ulertzeko baliabideak eman nahi dituen jokabidea da. Hau da, herritarrak pertsona heldu, arduratsu, ahaldundu eta aske gisa tratatzen dituena.

Krisi sanitario larri honek ondorio latzak ekarri ditu: hildako kopuru izugarria, krisi ekonomiko sakona, gaixotasun mental andana, mesfidantza, paranoiak, kontrol soziala... Ekar zitzakeen ere bestelako aldaketa positiboak: elkartasuna, zerbitzu publikoen berrindartzea, desazkundea, jokaera arduratsua. Ez da horrela suertatuko, ordea, besteak beste, bozgorailua duten adituak ardura gehien izan duten eragileen baldarkeriak zuritzeko erabiltzen ari direlako. Pertsona aske gisa erabaki zentzudunenak hartzeko eskubidea ukatu nahi digutelako. Erabakiaren monopolioa logaritmo bati eman behar diogulako. Utopia berdintzaile eta askatzaileak distopiaz ito nahi dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.