Etxean egonkortasuna «bermatzeko»

Madurok hainbat arlotako 28 akordio sinatu ditu Txinan Venezuelaren egoera hobetzeko. Xi: «Bi estatuen harremana aro berri batean dago»

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea, atzo, Txinara iristean. PRENSA MIRAFLORES / EFE.
ander perez zala
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Nazioarteko bisita garrantzitsu batean murgilduta dago Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Sinetsita dagoenez etxean dituen zailtasun sozioekonomikoei aurre egiteko irtenbide eta laguntzak kanpoan daudela, agintaria Txinan da egunotan, egoera leheneratzeko adostasunen eta akordioen bila. Ez da kasualitatea Asiako potentzia nagusiarengana jo izana, urteak baitira bi herrialdeen arteko harremanak ezin hobeak direla; horregatik, Venezuelako presidenteak bileraz jositako eguna izan zuen atzo, eta lehen emaitzak lortu ditu jada: petrolio, meatzaritza, ekonomia, segurtasun, teknologia eta osasun arloko 28 akordio sinatu ditu, Venezuelaren «egonkortasun ekonomikoa berreskuratzeko eta bermatzeko». Hori da, behintzat, Maduroren asmoa.

Venezuelako presidenteak Xi Jinping Txinako presidentearekin izandako bileraren ostean eman zuen sinaduren berri. «Venezuelak Txinaren laguntza eskertzen du. Arreta handiz jarraitzen diegu Txinak nazioartean martxan jarri dituen proiektuei, eta inbertsioren bat egiteko aukeraz eztabaidatuko dugu hemendik gutxira», adierazi zuen Madurok. 28 akordio horiek, jakinarazi zuenaren arabera, «mila milioi dolarren inbertsioak» dira.

Horiek horrela, Venezuelako presidenteak lortu du Txinaren babes ekonomiko gehigarria—hartzekodun nagusiarena—, eta, bi herrialdeen arteko lankidetzan sakontzeko, Madurok jakinarazi zuen Venezuelak ere parte hartuko duela Zetazko Bide Berrien proiektuan —Hego Amerikako bigarren estatua izango da, Uruguairekin batera—. Xik pozez hartu zuen erabaki hori : «Gure herrialdeak kontuan hartuko ditu Venezuelarekin dituen harremanak, ikuspuntu estrategiko batetik eta beti epe luzera begira. Ezegonkortasunen garaian, Pekinek eta Caracasek laguntasuna eta konfiantza sustatu behar dituzte haien artean».

Hain justu, atzo sinaturiko akordioak konfiantza horren erakusle dira. Izan ere, Txinaren interesentzat ere onuragarriak izango dira; izan ere, besteak beste, hango bi enpresak Venezuelako petrolioa eta gasa esportatzeko aukera izango dute. Atzoko adostasunek eta hitz onek, beraz, «maila gorago batera» igo dute bi herrialdeen arteko harremana, Maduroren iritziz. Berdin mintzatu zen Xi, eta adierazi zuen bi estatuen arteko harremana «aro berri batean» sartu dela.

Hugo Chavez 1999an Venezuelako boterera iritsi zenetik, bi estatuen arteko hartu emanak ugaritu egin dira, eta horren isla izan dira hogei urteotan sinaturiko akordio guztiak; denera, 780 proiektu inguru jarri dituzte martxan, ia 43.000 milioi euroren inbertsioei esker. Madurok, beraz, bide berari jarraitu nahi dio, etxean dituen arazoei konponbidea emate aldera.

Migratzaileen egoera

Arazo horien ondorioz, Venezuelako krisi politiko eta ekonomikoak etxeko mugak gainditu ditu, eta ondoko herrialdeetara hedatu da krisiaren ondorioetako bat: milioika venezuelarren migrazioa. Lau urteko epean, 2,3 milioi herritar atera dira Venezuelatik, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera —herrialdeak 31 milioi biztanle inguru ditu—, baina azken hilabeteotan areagotu da gehienbat. PMA Elikagaien Mundu Programak atzo jakinarazi zuenez, Kolonbian dauden venezuelarren %80k arazoak dituzte elikagaiak lortzeko, eta, lortzen badituzte ere, ez dira «osasuntsuak».

Izan ere, PMAren eledun Herve Verhooselek azaldu zuenez, Kolonbiara iristen direnek gehienez bost egun igaro ditzakete laguntza zentroetan, gero haien tokia etorri berriei utzi behar dietelako. Eta horrek ez die egunerokoa errazten migratzaileei: «Laguntza eskaintzen diegu, baina oraindik oinarrizko zerbitzuak falta dira». Bogotaren arabera, udaz geroztik milioi bat venezuelar inguru sartu dira herrialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.