Libanon gobernu krisia piztu du kaleko protesten mugimenduak

Saad Hariri lehen ministroak dimisioa aurkeztu du. Hezbollahk ez du nahi Haririk dimititzerik, eta manifestarien aurkako jarrera gogortu du
Hariri lehen ministroaren mezua pantailan, atzo, Beiruten.
Hariri lehen ministroaren mezua pantailan, atzo, Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE

Mikel Rodriguez -

2019ko urriak 30
Saad Hariri Libanoko lehen ministroak dimisioa eman zuen atzo, hilabete honetako protesta mugimenduaren ondorioz egoera «karrika itsu batera» ailegatu dela iritzita. «Beharrezkoa da mugimendu handi bat egitea krisia bukatzeko», adierazi zuen telebistaz eman zuen mezu batean. Dimisioak, ordea, ez dirudi egoera konponduko duenik, aurka agertu baita herrialdeko bertze fakziorik boteretsuena, Hezbollah alderdi xiita, eta protesten aurkako jarrera gogortu baitu.

Haririk erran du dimititzeko erabakia herritarren alde hartu duela: «Libanoko herriak hamahiru egun eman ditu egoera okertzea eragotziko zuen erabaki baten zain. Eta denbora horretan saiatu naiz bide bat aurkitzen herriaren ahotsa entzuteko». Michel Aoun presidenteari aurkeztu zion atzo dimisioa, eta estatuburuak du azken hitza.

Gobernuak ekonomiari eta zerbitzu publikoei eragiten zieten hainbat neurri iragarri zituen duela bi aste, eta horietako batek piztu zuen txinparta: Interneteko sare sozialen bidez egiten diren deiei ezarri nahi zien zergak. Bereziki Whatsapp sare soziala erabiltzeagatik ezarri nahi zuenak haserretu zituen herritar anitz, eta, horregatik, Whatsapparen zerga erran zioten. Lehen protesten ondoren, gobernuak zerga kentzea erabaki zuen, baina horrek ez zituen mobilizazioak eten.

Milaka pertsonak hartu dituzte hiri nagusietako karrikak eta plazak, eta errepideak moztu dituzte. Hasierako eskakizunaz gain, ustelkeria bukatzea eta egoera ekonomikoa hobetzeko exijitu dute. Gainera, protesten ondorioz hornikuntza arazoak sortu dira, eta banku gehienek hamar egun egin dituzte itxita, baita eskola eta bertzelako negozio anitzek ere.

Armadak joan den astean adierazi zuen manifestariek arrazoia zutela, baina errepideak ez mozteko ohartarazi zien. Hala ere, alderdiak dira Libanoko egitura politikoaren elementu garrantzitsuena; handienak izaera erlijiosoen arabera osatuta daude, eta auzoen eta udalerrien kontrol eraginkorra dute —milizia propioak dituzte, segurtasuna kontrolatzen dute, eta bertzelako zerbitzuez arduratzen dira—. Estatuko aginte postu nagusiak konfesio erlijiosoen arabera banatuta daude, eta, horren ondorioz, anitzetan etsai diren alderdiek ere ados paratu behar dute.

Istilu handiak Beiruten

Horixe da Haririren Etorkizuna Mugimendua alderdiaren —nagusiki arabiar sunitek babestua— eta Hezbollah eta Amal alderdien kasua —nagusiki arabiar xiitek babestuak—. Hezbollah eta Amal protesten aurka lerratu dira, eta Hassan Nasrallah Hezbollahko buruak iragan astean erran zuen «atzerritik ezarritako agenda bati» jarraitzen diotela. Atzo, Haririk dimisioa eman aitzinetik, zibilez jantzitako talde handi batek indarrez desegin zuen manifestariek Beirut erdigunean ezarria zuten kanpamentua. Libanoko hedabide batzuen arabera, Hezbollahren eta Amalen jarraitzaileak ziren. Hezbollahren Al-Manar telebistaren arabera, ordea, errepideak ireki nahi zituzten «bertako herritarrak» ziren. «Manifestari kopuru handi bat gaizkile bihurtu da, Libanoko hainbat hiritan autobideak blokeatuta», idatzi zuen atzo webguneko ingelesezko bertsioan, Beiruteko istiluen berri emateko kronikan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna