Abelardoren alde bigarrenez

Alavesek kargutik kendu du Machin, eta denboraldi amaierara arte fitxatu teknikari espainiarra
Pablo Machin eta Abelardo Fernandez elkar agurtzen partida baten atarian.
Pablo Machin eta Abelardo Fernandez elkar agurtzen partida baten atarian. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2021eko urtarrilak 13

Alavesek entrenatzaile berria du. Atzo goizean jakinarazi zuen ohar bidez Pablo Machinek utzi egiten ziola teknikari izateari, eta arratsaldeko lehen orduan iragarri zuen haren ordezkoa Abelardo Fernandez zela, 2017ko abendutik 2019ko maiatzera arte taldea gidatu zuen entrenatzailea. Espainiarrak bigarren aroa izango du. Sasoi amaiera bitarteko kontratua sinatu du. «Oso pozik nago itzultzeagatik. Ea goraka egiten dugun, mendeurrena ondo ospatzen dugun eta datorren sasoian berriro Lehen Mailan aritzen garen», esan zuen atzo Abelardok.

Entrenatzaile dantza ez da kontu zaharra Alavesen azkenaldian. Izan ere, Josean Kerejetak eta haren taldeak klubaren ardura hartu zutenetik 2011ko udan, hamahiru entrenatzaile izan ditu: Luis de la Fuente, Juan Carlos Granero, Natxo Gonzalez, Juan Carlos Mandia, Alberto Lopez, Jose Bordalas, Mauricio Pellegrino, Luis Zubeldia, Gianni de Biasi, Abelardo, Asier Garitano, Juan Ramon Lopez Muñiz eta Machin. Hamalaugarrena Abelardo da, lehen egondakoa bada ere.

Lehen aroan 69 partida zuzendu zituen teknikari espainiarrak, eta 28 garaipen, 14 berdinketa eta 27 porrot bildu. 2017ko abenduaren 1ean hartu zuen taldearen ardura. Artean Alaves azken postuan zegoen sailkapenean, sei punturekin. Askok izango dute gogoan haren debuta. Gironaren zelaian izan zen, eta 2-0 galduz joan eta gero, arabarrek 2-3 irabazi zuten. Ibai Gomezek sartu zituen hiru golak, azkena 93. minutuan. Machin zen orduan Gironaren entrenatzailea.

Handik aurrera gora egin zuen Alavesek sailkapenean, eta mailari eusteko helburua aise lortu. Hamalaugarren amaitu zuen, 47 punturekin. Hurrengo sasoian entrenatzaile jarraitu zuen Abelardok, eta Europara sailkatzeko postuetatik gertu egon zen azken partidetara arte. Baina emaitza bolada txar batean sartu zen orduan, eta kontratu luzatzearen elkarrizketen harira, korapilatu egin zen Abelardoren eta Kerejetaren arteko harremana. «Taldearen bigarren itzulia ez da batere ona izan, eta Abelardok kobratzen zuen bikoitza eskatu du. Gainera, berak edo haren ordezkariak zabaldu dute ez jarraitzeko erabakiaren berria», esan zuen Kerejetak. Abelardok ukatu egin zuen, eta ez zuen jarraitu.

Alaveseko lehendabiziko esperientzia haren ondotik, Espanyolen aulkian eseri zen aurreko denboraldian, 2019ko abendutik. Machin ordezkatu zuen, orain Alavesen bezala. Ez zuen asko iraun, sei hilabete baino ez. Azkenean, Kataluniako taldeak egoera txarra iraultzea lortu ez, eta maila galdu zuen, Rufete aulkian zela.

Machinen ibilbide laburra

Iazko abuztuan iritsi zen Machin kargura. Eta hainbat gauzak kondenatu dute. Ligako sailkapenean, hamaseigarren taldea da Alaves, 18 punturekin, eta bi puntura dauka jaitsiera. Espainiako Kopan, hirugarren kanporaketa jokatuko du datorren larunbatean Almerian. Lau partida irabazi ditu ligan, sei berdindu eta zortzi galdu. Hamasei gol dauzka alde, eta 23 kontra. Azkeneko partidetan, behin baino gehiagotan tokatu izan zaio jokalari bat gutxiagorekin jokatzea, epaileek Alaveseko jokalariren bat kaleratzeagatik.

Alavesen helburua mailari eustea baldin bada, Machin hori betetzen ari zen. Emaitzak bakarrik hartuta, beste alderdi bat ere egon da, ordea, haren jardunaren barruan: adibidez, Osasunaren aurka Sadarren gertatu zitzaiona taldeari. Jokalari bat gehiagorekin aritu, eta berdinketa baino ez lortzea galduz joan eta gero.

Emaitzez harago, talde landua edo lantzen ari delako itxura eman du Machinenak. Gustukoa du espainiarrak bosteko atzelari lerroa erabiltzea, eta horrela hasi zen. Baina ikusita ez zeuzkala jokalari egokiak horretarako, batez ere hegaleko atzelarietan, lauko lerroa lantzen hasi zen. Erasoan, agerikoa izan da Joselu eta Lucas Perezen lanarekiko mendekotasuna, eta hala behar du izan, bi aurrelari horiek direlako kalitate teknikorik handiena duten jokalariak. Azkenaldian, gainera, erasoko jokoan, baloia zelaira jaitsiz lehen baino aiseago zebilen taldea. Bazela lan bat, azken batean. Lan hori errotik moztu du zuzendaritzak, mendeurrena ospatzeko egun gutxi falta direnean.

Saskibaloian Dusko Ivanovicekin egin bezala, aurretik taldean arrakasta izan zuen teknikari baten talde egin du Kerejetak. Ikusteko dago apustua Ivanovicekin bezain ondo ateratzen zaion.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Athleticek partida aurreko azken entrenamenduan atzo, Lezaman. ©ATHLETIC CLUB

Athleticek Eivissaren zelaian ekingo dio gaur Espainiako Kopari

Aitor Manterola

2. B Mailako talde onena da, ez du alerik galdu, gol bakarra sartu diote, eta belar artifizialean aritzen da. Marcelinok aldaketak egingo ditu

Osasunak Athleticen aurka lortu zuen azken garaipena. Irudian, jokalariak gola ospatzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Atera izan da lehen ere tuneletik

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak beste hirutan ere kateatu ditu garaipenik gabeko hamabi lehia, eta bitan onik atera da: 2000-2001 eta 2004-2005eko sasoietan. Azken sasoi horretan, gainera, Kopako finalera iritsi zen.

Willian Jose baloia zartatzen, Realaren bigarren gola sartzeko, atzo Kordoban. ©SALAS / EFE

Azkena, bere kontura

Jon Ander De la Hoz

Realak Kordoba kanporatu du Espainiako Kopan, Willian Joseren bi golekin. Okerrik izan ezean, Wolverhamptonera joango da utzita

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Halako erronka baten beharra nuen errugbira itzultzeko»

Iñaki Berastegi

Otsaila amaitu aurretik egin nahi du debuta Igor Genuak Ordiziarekin. Artean, gorputza berriz ere goi mailako errugbira ohitzeko lan fisikoa eta entrena menduak uztartuko ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.