Steamek ez nau maite

2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Stem, steam, stem. Ingeleseko aditz irregularra dirudien azken hamarkadako erretolika. Hasieran STEM etorri zitzaigun AEBetatik (Science, Technology,Engineering, Mathematics) eta, nola ez, mundu guztian hori txertatu behar, kosta ahala kosta, atsedenik ez stem-ik gabe. Hezkuntza sistemek hitz santu hori aipatzen ez bazuten, taxuzkoak ez ziren seinale, atzerakoiak, kanfor kiratsa zerien. Ondoren, stem-i diziplinartekotasuna eman nahian edo, A (Art) gehitu zioten eta estem zurruna stim fin bilakatu zen, sentsibilitate handiagoa zuena. Norbaitek zientzien aristoklubean artea garrantzitsua zela erabaki zuen; diseinu eskola batek, hain zuzen ere. Baina artea ez ikuspuntu humanistatik (Artearen Historiatik, adibidez), diseinutik baizik (ingeniaritza, arkitektura, industria): ederra izatea beti baita garrantzitsu (merkatuan, batik bat). Nolanahi ere, steam-ek ez du Humanities-en H-arentzat lekurik; h-ak beti izan dira hitzetan txertatzeko zailak, are gehiago h-ak soinurik ez duen hizkuntzetan. Oraindik ez dira konturatu ere egin —bost axola, egia esan— Humanitateak humanitas direla, hots, gizateria osoa eta gizakiarekin zerikusia duen oro, baita steam ere.

Humanitateak, Giza zientziak. Giza ala Gizarte? Giza-Gizarte, hitz joko xalo, polit, sinplea. Gizartek Giza fagozitatu du, Saturnok bere seme-alabak irentsi zituen moduan. Botaka egingo al du, titanak bere seme-alabak bota zituen bezala? Latina eta greziera, hizkuntza hilak. Autopsiarik ez dute merezi hauek. Ez autopsia, ez errespetu, ez ezer. Arbaso zaharkitu inutilak bihurtu dira, antza, autoritateen ustetan; baina ozenki inork ez du sekula (saecula) adorerik halakorik esateko. Consummatum est, Kristok esana.

Letrak, alegia. Letrak zertarako? Neskak letretan. Mutil gutxi letretan. Neskak, zientzietara! Mutilak, letretara? Letretan gutxi batzuk. Letretan inor ez. Letrek zientzien bidea ixten dute (alderantziz ez!). Letretako irakasleak falta dira. Welcome steam!Bienvenido Mr. Steam. Letrazaleak ezkurra amets, Erisen urrezko sagarra hiru jainkosek desio zuten bezain beste. Eta ezkurra Steam-ek du, fama, izen ona eta prestigioa.

Eta gu beti negarrez, galdutako mundu idealizatua zaharkituegi geratu omen da gaur egungo mundurako. Tempus fugit, amicus Plato. Afizio gisa ongi, baina afizioa ez da ofizioa. Platerean dilistak behar dira eta letrak etereoegiak dira sabela betetzeko (burua —edo hankartea— Isla de las tentaciones-ekin betea dugu jada). Pragmatikoa izan behar eta langileria fabrikara. Periodikua leituz ilustratzen gara. Negozioak aisia ukatzen du: neg(are)-otium.

Kimera, mitologia klasikoko frankensteina (lehoi buru, ahuntz sabel, herensuge isats). Emakumeak zientzian lekua izatea kimera izan da, ezinezkoa eta harrigarria (zientzian bakarrik, ala?). Lan handia egin da hau bultzatzen eta badoa aurrera (ikus LOMLOE, oe, oe, enegarren hezkuntza dekretua). Aupa, neskak! Emakumeek (emakumeok?) jada badute (badugu?) zientzian bere (gure?) lekua aldarrikatzeko nazioarteko eguna, otsailaren 11. Steam zurrunbilo itzel eta ikaragarriak irentsi gaitu eta baita zanpatu ere. Neska-mutilek zientzia ikasi nahi badute, ikas dezatela, jarrai bide hori! Baina beste hainbat grina ere badaude, beste scientiae (jakituriak) ere badaude. Arraroak ere bagare, bagera, bagire, bagara.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.