EKOGRAFIAK

Plazera

Lander Arretxea.
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Kontraesanezkoak dira udako plazerak. Gozagarria izan daiteke hondartza, itsasoa. Galtzamotzak jantzi eta sandaliak soinean ibiltzea, parranda giroan, hara eta hona. Baina plazera da, baita ere, etxe freskoan babestea kanpoko beroak ahaztuta, eta telebistari begira etzatea, lasai. Hori guztia da plazera, eta bada, baita ere, Vikingak den ETB1eko saio berriak lehen saioan jorratzeko hautatu duen hizketagaia. Plazera, zentzu zabalenean.

Hiru lagun dira Vikingak: Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga eta Zuriñe Hidalgo. Berebiziko espioiak ETBtik joan zirenetik ez dugu halako hirukorik ezagutu. Hirurek dute ibilbide oparoa telebistatik kanpo —dela antzerkian, dela musikan— eta baita, Hidalgok eta Amancayk behintzat, telebistan bertan ere. Baina lehen aldiz ari dira euren buru eta gorputzetatik atera den proiektu batean, lagun giroan eta —telebista jeneralista eta publiko batek baimentzen duen neurrian— aske.

Ez da erraza saioa definitzea. Gidari anonimo baten eskutik enkargua jasoko dute hiru lagunek: plazera —fisikoki eta kontzeptualki— arakatzea. Autokarabana hartuta, Euskal Herrian barrena abiatuko dira, esperimentatu, berriketan aritu eta erantzunak bilatzeko. Ez da, ordea, aurkezle eta elkarrizketatuen arteko bereizketa zurrunik egiten. Egitura erreportajearena bada ere, fikziozko egoerak irudikatzen dira. (Ustez) kasualitatez topatutako bidelagunek janzten dute hiru lagunen bidaia.

Ezohiko parte hartzaileen agerpenarekin egiten du saioak gora. Batzuek —Telmo Irureta, Satiro edo Esti Quesadak— umore puntua jarri diote, eta besteek—Maitane Usabiagak, kasurako— edukiz jantzi dute haiek gabe oporraldi baten kronika soila litzatekeena. Antzematen da hiru protagonisten eskua: sexuaz eta gozamenaz sakontasunez hitz egiteko lagin aberatsa hautatu dute.

Gehiago kostatu zait hiru protagonistek autokarabanan dituzten berriketaldiak sinestea. Gaietan esplizituegia egin zait fikziorako, eta errekurtso informatibo gisa, fikzionatuegia. Baina ohituko gara horretara ere. Orain gutxi pentsaezina zena gertatu da Vikingak-ekin: hiru emakumek sortutako proiektu ausart batek lortu du, ekoiztetxe handien erreinuan tokia egin, eta ETBk apustu egitea. Gauzak —batzuk, behintzat— aldatzen ari direla ikustea, hori ere bada plazera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.