Melodramari eskainitako zinema bizitza

Donostiako 67. Zinemaldiak Roberto Gavaldon zinemagile mexikarrari eskainiko dio aurtengo atzera begirakoa

Roberto Gavaldon, pelikula baten filmaketa lanetan. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
mikel lizarralde
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Mexikoko zinemagile ezagunenetako eta arrakastatsuenetako bat izan arren, Roberto Gavaldonek (1909-1986) ez zuen zorte handirik izan bere herrialdeko kritikarekin. Zinema nazionalaren ardatz akademizistarekin lotzen zituzten haren filmak, eta kosta egin zitzaion muga hori gainditzea. Denborarekin, ordea, zenbait eragilek haren filmografia berreskuratzeko ahalegina egin dute, eta hori bera egingo du aurten Donostiako 67. Zinemaldiak. Irailaren 20tik 28ra atzera begirako zikloa eskainiko dio Gavaldoni, eta haren 25 bat film emango ditu. Espainiako Zinematekarekin elkarlanean antolatuko du zikloa, eta, horrekin batera, zinemagileari buruzko liburu monografiko bat ere argitaratuko du.

Gavaldon 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Mexikoko zinema zuzendari garrantzitsuenetako bat izan zen. Estra, aktore, zuzendari laguntzaile eta gidoilari lanetan hasi zen zinemaren munduan. 1945ean zuzendu zuen lehen bakarkako lana: La barraca, Vicente Blasco Ibañez idazle espainiarraren izen bereko nobelaren egokitzapena. Espainiako gerraren ondoren Mexikora erbesteratu ziren Espainiako zenbait teknikari aritu ziren filmaren errealizazio taldean. Filmak arrakasta handia lortu zuen, eta irabazle nagusia izan zen Mexikon urte hartan bertan abian jarritako Ariel sarietan. Film onenaren sariaz gain, beste bederatzi eskuratu zituen.

Lehen film horretan bertan ezarri zuen bere estiloa Gavaldonek: soila, klasikoa eta errealista. Eta generoa ere marraztu zuen, melodrama izan baitzuen ibilbidearen ardatz nagusia. Horrek guztiak eta aukeratzen zituen istorioek aurrez aurre jarriko zuten, urte batzuk geroago, kritikari eta zuzendari gazteagoekin. Izan ere, haiek zalantzan jartzen zuten zinemagileak zinema nazionalerako zuen joera. Gavaldonekin batera, 50eko hamarkadan baziren zinema mota hori egiteko beharra nabarmentzen zuten zinemagile eta aktoreak —Dolores del Rio, Maria Felix, Gabriel Figueroa, Pedro Armendariz—. Aitzitik, zinemagile gazteagoek eta zenbait kritikarik ez zuten begi onez ikusten zinema mexikarraren joera hori, eta beste nortasun zeinu batzuk eskatzen zizkioten Mexikoko zinemari.

Urteetan, bere herrialdeko zinemaren ordezkaria izan zen nazioarteko lehiaketa garrantzitsuenetan. Zenbait aldiz lehiatu zen Cannesen, Venezian eta Berlinen, eta, 1953an, Acuérdate de vivir lana aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldiaren lehen aldian.

Macario (1960) da haren filmik garrantzitsuenetako bat. Ben Travenen kontakizun bat du oinarri —John Hustonek ere idazle hori izan zuen inspirazio iturri The Treasure of the Sierra Madre filmean, eta Gavaldonek berak ere berriro egokitu zituen haren lanak Rosa blanca (1961) eta Días de otoño (1963) filmetan—, eta harekin Cannesko zinema jaialdian parte hartu zuen. Gainera, ingelesez besteko film onenaren Oscar sarietarako izendatutako lehen film mexikarra izan zen. Gavaldonek Mexikoko zinematografiako aktore oso ezagunekin egin zuen lan urte haietan: Maria Felix, Ignacio Lopez Tarso, Dolores del Rio, Arturo de Cordova, Pedro Armendariz, Libertad Lamarque...

Gehienbat melodrama landu bazuen ere, jorratu zuen bestelako generorik; esaterako, poliziakoa, musikala, fantasiazkoa eta drama, eta western-ranchero ziklo bat egin zuen Antonio Aguilar aktorearekin.

Haren filmen artean, hauek azpimarratu behar dira: Macario, La otra (1946) —film horren remake bat egin zuten Hollywooden, Dead Ringer izenekoa (1964), Bette Davis aktoreare-kin—; La diosa arrodillada (1947), En la palma de tu mano (1951), La noche avanza (1952) —lan horretako protagonista euskal pilotako eskrupulurik gabeko txapeldun bat da—, El rebozo de soledad (1952); El niño y la niebla (1953); Camelia (1954), Sombra verde (1954), La escondida (1956), eta Miércoles de ceniza (1958). 1955. urtean, Disney etxeak Mexikon filmatutako bere ekoizpenetako bat zuzentzeko aukeratu zuen Gavaldon: The Littlest Outlaw.

1960ko hamarkadaren hasieran, erabateko aldaketa izan zuen lantzen zituen gaietan, eta argiago agertu zen gai sozialen eta politikoen alde. Hala, Rosa blanca filmatu zuen, Mexikoko petrolioaren desjabetzeari buruz, baina debekatu egin zuten, eta 1972ra arte ez zen estreinatu.

Horren ondoren, Gabriel Garcia Marquez eta Carlos Fuentes idazleekin batera lan egin zuen El gallo de oro (1964) filmaren gidoian: borroka oilar bati buruzko parabola bat, Juan Rulforen istorio batean oinarrituta.

1970eko hamarkadaren lehen erdian, hiru film egin zituen Espainian: Don Quijote cabalga de nuevo (1973), Fernando Fernan Gomez eta Cantinflasekin; eta Amparo Rivelles protagonista den bi drama: La madrastra (1974) eta La playa vacía (1977). 1979ra arte aritu zen lanean. Urte hartan zuzendu zuen Cuando tejen las arañas, bere azken lana, neska nerabe baten sexualitate erreprimituari buruzko drama bat. Mexiko Hirian zendu zen, 1986an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.