Pat Finucaneren hilketa berriz ikertzeari uko egin dio Londresek

Loialistek hil zuten abokatu irlandarra, 1989an. Poliziaren eta armadaren laguntza izan zuten

Sinn Feinen protesta bat Pat Finucaneren hilketa argitzeko eskatuz, 2004an. PETER MORRISON / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Gobernuak uko egin dio Pat Finucane abokatu irlandarraren hilketari buruzko ikerketa publiko bat egiteari. Brandon Lewis Ipar Irlandarako ministroak hildakoaren familiarekin bildu ostean eman zuen erabakiaren berri, atzo, Komunen Ganberan. Senideek «iraintzat» hartu zuten beste prozesu bat ez abiatzea.

Finucane 1989ko otsailaren 12an hil zuen tiroz UDA Ulsterren Aldeko Elkartea erakunde loialista paramilitarrak, Belfast iparraldeko bere etxean, emaztearekin eta hiru seme-alabekin afaltzen ari zela. Erakundeak IRA Irlanda Armada Errepublikanoko kidea izatea egotzi zion legelariari. Haren familiak, ordea, beti ukatu du halakorik, eta Finucanek berak bi aldeetako auzipetuak defendatu zituen abokatu lanetan aritu zen tartean, baita IRAko kideak ere, tartean Maze espetxeko gose grebetan parte hartu zutenetako batzuk.

Finucane hil aurreko urtean, Pat McGeownen abokatu lanak egin zituen. McGeown armadako bi kideren hilketa antolatzen laguntzeaz akusatuta zegoen preso. Bi militarrak IRAko hileta bati jarraitzen ari ziren, hainbat lagunek autotik aterarazi zituztenean. Lurrean zeudela, tiroz hil zituzten. Finucanek lortu zuen McGeown aske uztea, baina, epaiketa amaitu berritan, informazio zerbitzuetako kide batek argazki bat atera zion abokatu irlandarrari, eta argazki hura izan zen paramilitarren eskuetara heldu zena.

Gerora jakin zen erakunde paramilitarrak armadako kide baten eta Poliziako baten laguntza izan zuela Finucaneri jarraitzeko eta hari hamalau tiro egiteko erabili zituzten armetako bat eskuratzeko. Abokatua hil eta hamar urtera, 1999an, UDAko kide eta polizia ohi Willian Stobiek aitortu zuen Finucane hiltzeko erabilitako armetako bat eman ziela erasotzaileei, baina ukatu egin zuen tiroketan parte hartu zuela. Hilketagatik akusatu bazuten ere, haren aurkako karguak bertan behera geratu ziren bi urte geroago, lekuko nagusiak haren aurka deklaratzeari uko egin zionean. 2001eko abenduan, loialistek tiroz hil zuten Stobie. 2004an, Ken Barrett loialista atxilotu zuten, Finucaneren hiltzaileak haren etxeraino eraman izana egotzita. 22 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina handik hiru urtera irten zen, Ostiral Santuko Akordioen harira.

Familiak, ordea, beti salatu izan du paramilitarrek segurtasun indarren laguntza izan zutela. 2012an, David Cameron lehen ministroak berak aitortu zuen egon zela elkarlanik, baina ukatu egin zuen estatuak zerikusia izan zuela. Londresen eskariz, Nazio Batuen Erakundeko gerra krimenetarako fiskal izandako Desmond de Silvak egindako txostenak jasotzen zuen Poliziak proposatu zuela Finucane hiltzea, eta hiltzaileei informazioa helarazi ziela militarren laguntzarekin. Orduan Ipar Irlandarako poliziaburu zen Matt Baggottek berak ere barkamena eskatu zuen, eta ontzat eman zituen txosteneko ondorioak.

Iaz familiak beste garaipen bat lortu zuen. Auzitegi Gorenak ondorioztatu zuen Finucaneren hilketari buruzko ikerketak «hutsuneak» zituela eta ez zela «eraginkorra» izan. Hala ere, nabarmendu zuen akatsak ez zirela «borondate txarrez» egindakoak izan, eta ez zuen beste ikerketarik agindu. Dena den, Gorenaren erabakiak aukera ematen dio Erresuma Batuko Gobernuari beste ikerketa bat eskatzeko.

Irlandako Gobernuak eta alderdi nagusiek ikerketa zabaltzearen alde egin dute. Irlandako Atzerri ministro Simon Coveneyk nabarmendu zuen atzo Londresek Finucaneren auzian hartzen duen erabakiak argituko duela Erresuma Batuko Gobernuak «egiarekin eta adiskidetzearekin duen konpromisoa».

Hogei urteko borroka

Abokatu irlandarraren emazte Geraldine Finucanek auzitara jo zuen urtarrilean, iaz Gorenak emandako ebazpena oinarri hartuta eta Belfasteko Auzitegi Nagusiaren babesarekin. Azken horrek berretsi zuen urte hasieran frogatuta geratu zela Erresuma Batuak legea urratu zuela abokatuaren hilketa ikertzeko eskaria etengabe atzeratuz. «Nire familiak eta nik argi dugu gure esku dagoen guztia egingo dugula hilketaren inguruko ikerketa independente bat egin dadin. Ez gaituzte garaituko gobernuz kanpoko atzerapenek», ohartarazi zuen Geraldine Finucanek joan den urrian.

Azken hilabeteetan Londresen jarrerak kritika ugari jaso ditu, ikerketari buruzko erabakia ia bi urtez atzeratu izanagatik. Urrian Erresuma Batuko Gobernuak barkamena eskatu zuen atzerapenengatik, eta iragarri zuen beranduenez azaro amaierarako jakinaraziko zutela ikerketa publiko bat aginduko zuten edo ez.

Auziak nazioartera ere jauzi egin du. Joan den astean, AEBetako Ordezkarien Ganberako 24 kidek Boris Johnson lehen ministroari zuzendutako gutun bat sinatu zuten, eskatuz onar zezala hilketari buruzko ikerketa independente bat. Idatzian, ordezkari estatubatuarrek «erantzukizunari uko egin» izana egozten diote Londresi. «Ia hamabost urte beranduago, eta David Cameron lehen ministro zenak paramilitar eta Poliziaren arteko elkarlana aitortu eta hainbat urtera, harrituta ikusten dugu gobernuak bere erantzunkizunari uko egiten jarraitzen duela, ikerketa bat egiteko ardura baztertuz».

Aurrez Europako Batzordeakere antzeko eskari bat egin zion Londresi. Bruselaren kasuan,baina, eskaria ez zen Finucaneren hilketara mugatu, eta argitu gabe jarraitzen duten auziak ikertzeko eman beharreko urratsen inguruko argibideak eskatu zizkion Batzordeak Londresko exekutiboari. Oharrean, EBk kezka agertzen zuen Erresuma Batuak ez zuelako oraindik argitu «zer eta nola egingo dion aurre iraganari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.