Albistea entzun

Olatu baten gainean iritsi dira

Ados klubak eta BERRIAk antolatutako binakakoaren finalak jokatuko dituzte bihar Zumarragan. Barrocal eta Ruiz de Larramendi Zabaletaren eta Agirreren aurka ariko dira Lehen Mailakoan
Naroa Agirre, Olatz Insausti, Natale Aranburu, Goiuri Zabaleta eta Maddi Barrocal, finalaren aukeraketan.
Naroa Agirre, Olatz Insausti, Natale Aranburu, Goiuri Zabaleta eta Maddi Barrocal, finalaren aukeraketan. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2023ko martxoak 4

Ados Pilota klubeko kideek kolpe gogorra jaso zuten bigarrenez binakakoa prestatzen ari zirela: ETBri eskatu zioten finala ez ezik partida gehiago ere emateko. Ezusteko galanta jaso zuten: bakar bat ere ez zien emango; ezta finala ere. Arrazoia? ETBren arabera, Adosek eta Emakume Master Cupek eduki bera eskaintzen dute, eta ezin da eduki bera bi aldiz eman. Erabaki horrek ondorio larria zuen: telebistarik gabe, Eusko Labelek ez zuen diruz lagunduko txapelketa; nahitaezko betebeharra zen.

Kolpe gogorra izan zen, baina ez nahikoa Ados klubeko ordezkarien asmoa zapuzteko. Babes handia zuten: 24 pilotariren eta hogei udalen konpromisoa. Baita BERRIArena ere; egunkariak eutsi egin zion iaz egindako apustuari: luze eta zabal emango zuen txapelketaren berri, eta haren marka presente egongo zen frontoietan, iragarkietan eta pilotarien elastikoetan. Hamaika telebista ere batu zen: final-laurdenak, finalerdiak eta finala eskainiko zituen. Horiek guztiek, eta makina bat enpresek eta norbanakoek emandako babesari esker sortu zen Adosen aldeko olatu berdea.

Ia hiru hilabete pasatu dira, eta. horiei guztiei esker, berriro arrakastatsua izan da txapelketa. Iera Agirre pilotariak eta Ados klubeko ordezkariak nabarmendu duenez, pilotariei «asteburuero» bermatu zaie jokatzea, eta pilotariek «izugarri» eskertu dutela. 33 partida jokatu dituzte guztira.

Lehia estua ere egon da, eta lau bikote iritsi dira finalera. Bihar jokatuko dituzte Promozio eta Lehen Mailako finalak, Zumarragako (Gipuzkoa) Beloki frontoian, 11:30ean. Hamaika-k zuzenean eskainiko ditu. Promozio Mailan, Aiala Uriarte Gordon eta Leire Oskoz Natale Aranbururen eta Olatz Insaustiren aurka ariko dira. Lehen Mailan, berriz, Maddi Barrocalek eta Olatz Ruiz de Larramendik jokatuko dute Goiuri Zabaletaren eta Naroa Agirreren kontra.

Onenak, hasi eta buka

Ez da ezustea finalean egotea Barrocal eta Ruiz de Larramendi, eta Zabaleta eta Agirre. Bi bikote horiek izan dira onenak hasi eta buka. Barrocal eta Ruiz de Larramendi lehenak izan ziren ligaxkan, zazpi partidak irabazita. Zabaleta eta Agirre, berriz, bigarren izan ziren, bost garaipen lortuta. Finalerdietan ere nagusitasunez irabazi zuten: Barrocalek eta Ruiz de Larramendik 22-11 hartu zituzten mendean Naroa Elizalde Etxekolonea eta Maite Ruiz de Larramendi Mujika, eta Zabaletak eta Agirrek 22-12 Ainhoa Ruiz de Infante eta Oihana Orbegozo.

«Ez nuen uste horren txapelketa ona egingo genuenik, baina Olatz eta biok oso ondo moldatu gara elkarrekin; plazera da hura bezalako atzelari indartsu batekin aritzea. Bikote sendoa osatu dugu, eta bizi eman diogu pilotari. Horri esker irabazi ditugu partida guztiak», azaldu du Barrocalek. Promozio Mailan txapeldunorde izan zen iaz. Txapela nahi du aurten. «Oso txapelketa polita izan da berriz. Ea errematea eman diogun, txapela jantzita. Bikote sendoa dira Goiuri eta Naroa, baina gurea egiten badugu, irabaz dezakegu»

Agirrek ere txapela irabazi nahi du. Hura ere «oso gustura» aritu da bikotekidearekin. «Lehen aldiz aritu gara elkarrekin, baina banekien nolakoa den Goiuri: oso-oso pilotaria da, sekulako kalitatea du, eta gozamena da harekin jokatzea. Horregatik, izugarri poztu nintzen harekin jokatuko nuela esan zidatenean».

Bikote «segurua» osatu dutela dio, eta horri eutsi nahi diote finalean. «Oso partida zaila izango da; frontoia bizia eta garaia da, eta baldintza horietan sekulako pilotakadak ematen ditu Olatzek. Baina ondo ari gara; hamazazpi tanto egin genizkien ligaxkan; zergatik ez dizkiegu 22 egingo?».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOK U

«Saskibaloiaren egunerokoari heltzeko energia ematen dit umeak»

Ainara Arratibel Gascon

Urtarrilean iritsi zen Donostiara hegalekoa. 2 urteko alaba du, eta amatasuna eta saskibaloia uztartzeko leku «egokia» topatu du Donostian. «Goi mailako gero eta emakume kirolari gehiago gara ama izateko urratsa egiten ari garenak», nabarmendu du.
<b>Gorka Nieto iragan asteartean, Sportingen aurkako neurketan, jaurtiketa bat egiten.</b> ©JON URBE / FOKU

Lisboan biribildu behar

Beñat Mujika Telleria

Artalekun irabazi ostean, Bidasoa kanporaketa biribiltzen ahaleginduko da gaur, Lisboan. Hiru golen aldea daukate irundarrek

Maria Txibite lehendakaria Iñaki Perurenari gurutzea ematen, atzo, Iruñean. ©Jesus Diges / EFE

Iñaki Perurena: «Gaizki pasatzen nuen Gorputz Hezkuntza ikasgaian»

Paulo Ostolaza

Nafarroako Gobernuak Karlos III.aren gurutzea eman dio harri jasotzaileari, eta hark hitzaldi hunkigarri bat eman du bere ibilbideari eta Nafarroak harriarekin duen harremanari buruz.

Laskun herria, eta atzean, zirkua osatzen duten gailurretako batzuk. ©JUAN MARI ANSA

Laskungo mendietan murgilean

Ramon Olasagasti

Juan Mari Ansak Pirinioetako zirku eder hari buruzko liburu bat ondu du, hamabi urteko lan handiaren ondotik. Auñamendi, Bilhara, Hiru Erregeen Mahaia, Dec de Lhurs eta beste zenbait gailur ezagutzeko 24 ibilbide bildu ditu, baita ingurunearen giza alderdia ezagutzeko kondairak eta istorioak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.