Zaintza sistema publiko-komunitarioaren kimera

Irene Ruiz eta Nadia Perez
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Berdintasun Ministerioak Estatuko Zainketen Estrategia martxoaren erdialdean aurkeztea aurreikusten du. Legegintzaldia amaitu aurretik, indar aurrerakoiek azken aukera bat erabili nahi dute zaintza-sistemaren bide-orria ezagutarazteko. Gaiari buruzko eztabaida ez da instituzioetan agortzen; izan ere, mugimendu politikoetatik ere zaintza-politika horien beharra azpimarratu baita, ardatz eraldatzaile gisa.

Etxeko lanen eta zaintza-lanen gaia funtsezkoa izan da emakume langilea askatzeko proposamenaren baitan, eta, beraz, ukaezina da hori ebazteak duen garrantzia. Testu honen bidez, zaintza auziaren gaineko proposamenei eta hauen mugei heldu nahi diegu.

Krisi kapitalistak etekin ekonomikoa handitzen jarraitu dezan beharrezkoak ditu erreformak. Etxeko lanei eta zaintza zerbitzuei dagokienez, krisi kapitalistak bi ondorio azaleratu ditu: lehenengoa, sektoreko lan-baldintzen eta zerbitzuen kalitatearen beheranzko joera, eta bigarrena, zerbitzuen pixkanako pribatizazioa. Eta garrantzitsua da baldintzen okertze horretan instituzioen erantzukizuna seinalatzea: enpresa horiek azpikontratatzen dituzte, lan-baldintzak ezartzen dituzte eta pribatizazioa indartzen dute.

Ezkerreko zenbait sektoretatik zaintza-lanen gaia hiru ardatzetan egituratzen da: zaintzak jasotzeko eskubidea, baldintza berdinetan zaintzeko eskubidea eta baldintza duinetan lan egiteko eskubidea. Horren aterabidea politika publikoak indartzean kokatzen dute. Planteamendu horrek estatua eragile neutral gisa kokatzen du, bere izaera klasista ezkutatuz eta gobernuko alderdi politikoaren borondatearen esku jarriz inbertsio publikoa egitearen edo ez egitearen aukera. Aldi berean, politika publikoak indartzeko finantzaketa ekonomikoa behar da. Hori dela eta, etekinen birbanaketa ekitatiboa proposatzen da, erreforma fiskalaren bidez. Proposamen hau gauzatu ahal izateko kapitalisten ontasunean sinetsi beharko genuke, azken hauek beraien pribilegioak alde batera utzi eta gehiengoaren ongizatearen mesedetara jardun beharko luketelako. Honen guztiaren oinarrian elkartasunean oinarrituriko maila lokaleko sare herritarrak proposatzen dituzte. Horiek, aldiz, administrazio publikoaren hutsuneak betetzeko funtzio asistentzialean erortzen dira.

Jarduera politiko hauek, hasiera batean nahi edo asmo alternatibo bat eduki badezakete ere, ez dute norabide iraultzailerik, ez baitituzte bere gain hartzen analisiaren inplikazio praktikoak. Azken finean, adierazpen politiko horiek egiten duten lana alderdi politiko profesionalek eta haien ezkerreko alderdiek kapitalizatzen dute, estatuaren baitan eta kapitalaren kudeaketan duten posizioari eutsiz, besteak beste, botoak eskuratuz.

Gure ustez, konponbidea lortzeko, alde batetik, lanaren banaketa sexuala amaitu behar da, eta horrek, aldi berean, onura ekonomikoa oinarri duen lanaren banaketa soziala amaitzea eskatzen du. Eta, beste alde batetik, etxeko lanak emakumeon ardura izatetik gizartearen ardura izatera pasa behar dira; baina zerbitzuen publikotasunak ez du hori bermatzen, estatuak duen gaitasun ekonomiko edo borondate politikoaren menpe baitaude.

Ildo estrategiko horiek funtsezkoak dira pertsona guztientzako kalitatezko bizi eta lan baldintza berdinak bermatzeko; norabide horretan kokatzen ditugu honako aldarrikapen hauek: kualifikazioaren araberako lan-prozesuen hierarkia amaitzea eta, beraz, lan guztientzako aitortza sozial bera bermatzea; eta zaintza eta garbiketa zerbitzuak gauzatuko eta jasoko dituzten pertsonei kalitatezko baldintzak bermatzea, hau izango baita zaintza modu duin eta gizatiarrean jasotzeko premisa.

Sektoreko borrokak eta esperientziak,kapitalismoa gainditzeko norabidean, baldintza politikoak garatu eta botere propioa gorpuzteko balio behar dute. Horregatik, planteamendu horrek guztiak emakume langilearen aktibazio politikoa ahalbidetu behar du, eta, aldi berean, botere independente baten eraikuntzan ekarpena egin, guztion ongizatea bermatuko duen gizarte baten alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.