Maitane Nerekan Umaran.

Musukodun irakasle lotsabakoak

2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Bigarren Hezkuntzako irakaslea naiz ikastetxe publiko batean. Irailaren 15eko nire lana eguneroko berdina izan da, Euskal Herriko gazteen etorkizunaren ardura hartzea. 120 euro inguru kenduko dizkidate soldatatik nire zereginaren ardura hartzeagatik. Baina askoz gehiago mintzen nau pentsatzeak zuetako askok (baita irakasleek ere) alfer eta arduragabea naizela uste duzuela. Iñigo Urkulluk edo Jokin Bildarratzek kasu.

Aspaldikoa da Hezkuntza Sistemako langileak deslegitimatzeko estrategia. Guri buruz entzuten dena ondokoa da: opor pila dugula, ez dugula ezer egiten… Inongo sare sozialetan ez da planteatu hezkuntzako langileengatik txaloka hastea egunero 20:00etan. Desprestigiorako estrategia hori gidatua eta ondo antolatua da; zenbait herritarrek elikatzen baduzue, sistema zuzentzen dutenek diseinatu dutelako da.

Ziur naiz badela irakaslerik oporrengatik aukeratu duena ogibidea. Edo behar baino indar gutxiago jartzen duena bere lanean. «Eskakeatzen» dena. Eskakeatzen diren ingeniari, kale-garbitzaile, okin edo medikuak dauden bezalaxe. Uste dut ikuskaritza lana beste modu batean egin beharko litzatekeela nire sektorean, batez ere gizartearen etorkizunaren arduraren parte handi bat maneiatzen dugulako; baita diru publiko pila ere. Hala ere, argi daukat nire lankideen gehiengoa bere lana ahalik eta hoberen egiten saiatzen dela.

Baina Urkullu jaunak, ustez guztion lehendakari den horrek, publikoki deslegitimatu nahi izan du hezkuntzako langileria (ez bakarrik irakasleak, garbitzaileak, jantokiko langileak, hezitzaileak… guztiok egin baitugu bat greba deialdi honetarako). Kargudun publiko batek (are gehiago «euskaldun guztion» lehendakaria izanda) greba deialdi bat deslegitimatzeko ardura al du? Greba egitea ez al da norberaren hautua? Ez litzateke hobea grebalariek egindako kritikaren aurrean hezkuntza komunitateari eman dizkion baliabide guztiak zehatz-mehatz zerrendatuko balitu? Non daude 1.000 irakasle estra horiek? Non daude euskara indartzeko programak? Non daude baliabide teknologiko biderkatuak? Are garrantzitsuagoa dena, non dago hezkuntza komunitatearen hitza?

Grebaren leloa Itzulera seguru eta adostua izan da. Nire aldetik, leloaren lehen partean sartzea arriskutsu ikusten dut. Segurtasunaren eta askatasunaren arteko gatazka oso presente ikusten dut hezkuntzan, eta sumatzen dut askatasuna erabat alboratu egin dela. Baita segurtasun eta osasunaren ideia oso pobrearekin lan egiten ari garela ere. Leloaren bigarren parteagatik joan naiz grebara. Adostua! Noizko hezkuntza komunitatea osatzen dugun sektore ezberdinek (guraso, garbitzaile, irakasle, jantokiko langile, Hezkuntza Saila…) osaturiko Pandemia-Hezkuntza mahaia? Noizko zentroetako zuzendaritzei galdetzea beraien ikuspegi eta beharrengatik? Noizko benetako komunikazioa?

Ez jarri krisia eta pandemiaren zailtasunak aitzakia. Denok onartzen dugu egoeraren zaila; horregatik, hain zuzen ere, ezinbestekoa da sarean lan egitea, ardurak elkarbanatzea, boterea modu horizontalean antolatzea. Argi dago gauzatzen ari diren desinformazio eta kaos estrategiarekin hezkuntza zentroetako langileak eta familiak muturrera eramaten ari direla. Horrek krispazioa sortu eta komunitatearen banaketa besterik ez du ekarriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.