Albistea entzun

Asto buztan motza

Jexuxmari Mendizabal 'Bizargorri' -

2021eko ekainak 11

Euskal herrietan oso ezaguna izan zen garai batean Anoetako astoaren kasua; batik bat, Pello Errotak bertsoak jarri zizkiolako behin han gertatutakoari. Agidanean, iruratar batzuk joan dira Anoetara pelea bila bezala, berotu dira karta jokoan eta, atzenerako behintzat, jokatu dute asto bat plazaren erdian, jende bero piloaren aurrean... Kontua da iruratarrek irabazi eta herrira astoarekin etorri omen zirela atzera bueltan; harro asko etorri ere, noski.

«Txiste politagorik gertatutzen lan da, guk nola egin genduben Anoetara juanda... Pelia maiz oi degu ango lagunetan, arriskatubak gera jokuko lanetan... Gure jokuba etzan izan jolasian, astua irabazi diyegu musian... Irabazi ta laister Irurara 'arri!', kontsuelo txikia ez gendun ekarri... Astua ona dago edozeñentzako, ernari dago behintzat gure iritzirako; oraiñ asto bat eta bi maiatzerako, beste iru egingo ditu oso zartzerako».

Eta zerk uste duzu ekarri didala gogora Anoetako asto haren pasadizoa, zerk...? Bada, sinisten ez badidazu ere, datorren igandean Madrilen, Plaza de Colón-en hain zuzen, hilaren 13arekin, pelea bila bezala, bilduko den eskuin muturreko jende bero piloak. Batez ere, beinke, asta-pistola galantak iruditzen zaizkidalako harako deia egin eta han bertan burutxo agertuko direnak.

Plazaren erdian, jende mordoaren aurrean, damatxo eta jauntxo jendea egongo da gidari, hizlari..., arrantzan ari eta ari. Arra izan litekeelako astoa, edo emea. Jar diezaiokegu izena ere, nahi izanenean: nahiz Rosa, nahiz Iván, nahiz Ines, nahiz Javier... Edozein delarik ere, asto putz-ontzi, asto arrantza gaiztoko, asto arriskutsu; asto, gaitzez ernari, gauza onik ez dakarrena, gu gehientsuenon ustean... Alabaina, buruen buru dabilena begitantzen zait, zaldi zalea bada ere, sarri askoan zaldi gainean harro-bulartsu ageri bazaigu ere, Anoetako astoaren parekoa, aspalditxoan zalditik astora jaitsia. Izenik ez dut oroitu nahi harenik...

Anjel Lertxundiri irakurri berri diogu: «Faxistek-eta hain dituzte goi-goian beren buruak, non trufa duten etsairik minena». Hots, ultraeskuindarrek barrea, ironia, burla omen dutela pairamenik garratzena. Badaezpada, beraz, noan bide horretatik. Izan ere, eskuinekoari, beti eta nonahi, lehentasuna eman behar diogula erakutsi ziguten trafiko espainolean. Eta arestian aipatutako buru nagusiari dagokionez, ez nik, mundu osoak dio ez duela kolpe zorririk jo bere bizitza guztian; zaldalea (bazka, pentsua) «jaietan jai eta astean ere bai» eginez lortu izan duela oraindainokoan, besteren buztanaz kendu izan dituela euliak... Euskal esaera zaharrek hala diote aspalditik: alferra beti gazte; iturritik ura eta alferkeriatik gaiztakeria; merezi ez duen astoak bi pentsu; alferrak zazpi deabru baditu aldean... Eta hamaikatxo egia biribil ere bai gehiago, trufaz mozorrotuak.

Datorren igandekoa Madrilen egun bakar batekoa da eta hor nonbait... Baina okerretan okerrena da astoa, kasu honetan emea, ernari datorrela. Eta, dirudienez, geroz eta ume ultraeskuindar gehiago hasiko zaigu plazaratzen han-hemen, ama zahartzerako. Horixe da gure motza eta asto faxistaren poza. Pello Errotak bai asmatu! Balekite, hauxe kantatuko lukete Plaza de Colón-en:

Zaldalia jateko / onak dauzka ortzak,

arrantzaz ta saltoka / ortxen dabil pozak,

atera zaizkiola / barrunbeko otzak...

Eztauzka egun txarrak /asto buztan motzak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna