Korrikalariek ez dute korrituko berriz euskal selekzioarekin

«Onartezintzat» jo dituzte Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritzak hartutako erabakiak. 2021eko lasterkari guztiek sinatu dute oharra

Euskal selekzioko mendi korrikalariak bat eginda, Euskal Herrian egindako lasterketa batean. SERGI COLOME.
Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Mendi lasterketako korrikalari gehienek ez dute korrika egingo berriro euskal selekzioaren elastikoarekin. Hala dio 2021eko mendi lasterketetako euskal selekzioko korrikalari guztiek sinatutako oharrak. Atzo iluntzean kaleratu zuten agiria.

Duela 20 urte sortu zuten mendi korrikalariek Euskal selekzioa, Euskal Mendi Federazioaren eskutik. Euskal korrikalariak mundu osoan ibiltzea du xede, eta ofizialtasunaren aldarria egin du, «eta horretan aritu gara», gehitu dute oharrean.

«Boluntario» lanean aritzen diren hautatzaileek aukeratzen dituzte korrikalariak. 2021eko otsailean, hauteskundeak egin ziren Euskal Mendi Federazioan, eta zuzendaritza berria eratu. Oharrak dioenaren arabera, korrikalariek ez zuten sumatu aldaketa handirik, hautatzaileek egiten baitute zuzendaritzaren eta korrikalarien arteko zubi lana. «Baina hautatzaileek aitortu ziguten kezkatuta zeudela, zuzendaritza berriak lan egiteko beste modu bat zuelako», diote oharrean. Adierazi dutenez, zuzendaritzak «mespretxuz» eta «aldebakartasunez» hartutako erabakien ondorioz, hautatzaileetako batek kargua utzi zuen, eta beste batek ez zuela jarraituko esan zieten.

Hori ikusita, abenduaren 9an korrikalariak, hautatzaileak eta federazioko zuzendaritza taldea batzartu ziren. Zuzendaritza taldeak korrikalariei azaldu zien 2022ko denboraldian ez zietela eutsiko egungo hautatzaileei. «Ohar honen bidez, 2021eko euskal selekzioko korrikalariok onartezintzat jotzen ditugu Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritza berriak hartu dituen erabakiak eta moduak, eta adierazten dugu hartu duten bidea desegokia iruditzen zaigula».

Korrikalariek mendi lasterketetako euskal selekzioa orain arte bezalakoa izateko «nahia» adierazi dute. «Mundu mailako probetan parte hartu, eta ofizialtasuna lortzeko bidean aurrerapausoak eman nahi ditugu». Baina ez dutenez aurreikusten hori horrela izango dela, korrikalari gehienek erabakirik «tamalgarriena» hartuko dutela aitortu dute: «Ez dugu korrika egingo berriro euskal selekzioaren elastikoarekin».

Urte hauetan guztietan, euskal korrikalariak «punta-puntan» aritu dira Munduko Kopan, «eta zer esanik ez Espainiako Kopan eta txapelketetan». Oharrean, gogora ekarri dituzte emaitza horiek: «Espainiako Kopan, gizonezkoetan, irabazlea izan dugu, eta beste lauk lehen hamarretan sailkatzea lortu dute; emakumezkoetan, hirugarren eta hamargarren postuak lortu ditugu. Espainiako Txapelketan, berriz, lehen bosten artean amaitu zuten gizonezko hiru korrikalarik, eta, emakumezkoetan, laugarren postua lortu genuen. Munduko Kopan ere, laugarren eta zazpigarren postuetan sailkatu dira bi gizonezko, eta bosgarrena izan da emakumezko bat. Baina iruditzen zaigu federazioak emaitza horiek ez dituela baloratu behar bezainbeste».

Hori guztia gorabehera, nabarmendu dutenez, euskal selekzioak eduki duen arrakasta ez da izan emaitza hutsengatik. «Nortasun handiko talde bat garela erakutsi dugu; umilak izan gara, eta gizakia jarri dugu korrikalariaren aurretik. Horrek egin gaitu gainontzeko taldeetatik ezberdin eta handi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.