30eko urteetarako bi bidaia musikatu

Wayne Marshal zuzendari eta piano jotzaileak Euskadiko Orkestra zuzenduko du gaur Kursaalean, Andra Mari abesbatzarekin batera

Euskadiko Orkestra Wayne Marshallen zuzendaritzapean, atzo, orkestraren egoitzan egindako entseguan. JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
George Gershwin konpositorearen bi obra ezagunenak oholtzaratuko ditu gaur Euskadiko Orkestrak, Donostiako 83. Musika Hamabostaldiaren barruan: Rhapsody in Blue entzutetsua eta Porgy & Bess opera. Wayne Marshall zuzendari, piano jotzaile eta organistak gidatuko du kontzertua, eta hainbat artista izango ditu ondoan kantuan: Andra Mari abesbatza, Indira Mahajan sopranoa eta Eric Greene baritonoa. 20:00etan hasita, 1930eko hamarkadako Ameriketako Estatu Batuetan kokatuko dute Kursaaleko publikoa.

Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak egin du kontzertuaren argazkia, eta «ohiz kanpoko errepertorioa» dela nabarmendu du, beste ezeren gainetik. «Ez du aurkezten musika klasikoko jaialdietako karteletan nagusi izaten den errepertorioa», esan du, eta, hala ere, publiko zabalaren ezagunenetako bat izango dela jakinarazi.

Marshallek aurtengo Hamabostaldian parte hartuko duen bigarren aldia izango da gaur iluntzekoa. Aurretik, joan den astelehenean, Artzain Onaren katedralean organo kontzertua eman zuen, eta beste aurpegi bat erakutsiko du orain, Kursaalean, egiteko bikoitzarekin.

Lehenik, piano jotzaile gisa arituko da Rapsody in Blue -n, solo batekin. 1924an idatzitako obra da; musika klasikoko elementuak jazzarekin nahasten dituena. Urte bereko otsailaren 12an estreinatu zen New Yorkeko Aeolian Hall aretoan. Paul Whiteman ek eta haren bandak zuzendu zuten kontzertua, eta Gershwinek gehitu zizkion piano doinuak. «Jazz estiloan ditu sustraiak lan horrek, eta nahiz eta ezohikoa izan, oso ezagun bihurtu dira gaur egun».

Hura interpretatu ondoren, zuzendari lanak egingo ditu Marshallek, Porgy & Bess operan. Euskadiko Orkestrarekin buruz buru arituko den laugarren aldia izango da. Azaldu duenez, ez dute Porgy & Bess osorik interpretatuko, hiru orduko obra bat baita denera. Horren ordez, obrako pieza adierazgarrienetako batzuk aukeratu ditu zuzendariak, eta 70 minutu inguruan egingo dute horien erakustaldia. «Nolanahi ere, etorkizunean opera folk hau osorik eta eszenifikatuta egin nahiko nuke», aitortu du.

Gershwinek idatzita utzi zuen obra hori kantari beltzek interpretatu behar zutela etorkizunean. Haren esanei men eginez, beraz, Indira Mahajan sopranoak eta Eric Greene baritonoak egingo dute Bess eta Porgyrena Hamabostaldiko emanaldian. Bi-bientzat da gertukoa pieza, eta operak Ameriketako Estatu Batuen alde ederrena zein latzena erakusten duela adierazi du sopranoak:«AEBetan inoiz idatzi den opera onena izango den arren, gatazka dago harekin, eztabaida politiko eta soziala sortu zuten estereotipoen ondorio baita. Gure bihotzean dago, hala ere. Magikoa da, eta ohore bat, era berean, hura interpretatzea».

Izan ere, Porgyren istorioa kontatzen du obrak, auzo txiro batean bizi den elbarri batena. Giro gatazkatsua izango du inguruan, eta, hain zuzen, droga saltzaileen aginduetatik babestuko du Bess. «1930eko hamarkadan gizartean zegoen giroak afro-amerikarrak pobretzen jarraitzen zuen», azaldu du Greencek. «Hala ere, izaera ekintzaile bat gailentzen da obran, eta ni oso identifikatuta sentitzen naiz horrekin; egoera horretatik irteteko borrokarekin, alegia. Gaur egun nire seme-alabei eskaindiezaiekedan etorkizuna lantzen lagundu zidan jarrera horrek».

Andra Mari abesbatza ere haiekin ariko da kantuan, urteroko bihurtu zaien Hamabostaldiko saioa betez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.