Danny DeVitok ere jasoko du Donostia saria

Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrarekin batera, DeVito AEBetako aktore, zuzendari eta ekoizlearen ibilbidea sarituko du Zinemaldiak. Bideoa artikuluaren amaieran.

Zinemaldiak DeVitoren Smallfoot animaziozko filma proiektatuko du aurten, Belodromoan. NINA PROMMER / EFE.
itziar ugarte irizar
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Donostiako 66. Zinemaldiak ekainean aurreratu zuen nori banatuko dion aurtengo Donostia sarietako bat; Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrari (Tokio, 1962). Bada, atzo jakinarazi zuen beste sari bat ere banatuko dutela, eta Danny DeVitorentzat (Neptune, AEB, 1944) izango da hori. DeVitok aktore eta zuzendari gisa egin du lan, antzerkian, zineman zein telebistan, eta produkzioan ere aritu da azken urteetan. Ia bost hamarkada daramatza ikus-entzunezkoen artean, eta Zinemaldiak ibilbide hori omenduko dio. DeVitok irailaren 22an jasoko du saria, larunbatez, eta biharamunean Smallfoot haren azken filma proiektatuko dute Belodromoan. Kore-edak egun horretan bertan jasoko du Donostia saria, irailaren 23an.

DeVitok 1970eko hamarkadan egin zituen lehen ekoizpen handienak. One Flew Over the Cuckoo's Nest (1975) izan zen pantaila handirako egin zuen lehen lanetako bat, eta Taxi telesail famatuan ere aritu zen 1978-1983 bitartean, Louie de Palmaren pertsonaia jokatzen. Pertsonaia harekin, Urrezko Globoetarako eta Emmy sarietarako izendapenak jaso zituen urtero, eta bakoitzetik bat lortu zuen azkenerako. Horrek bilakatu zuen DeVito ezagun askorentzat.

Taxi-ren ostean, DeVitok bide arrakastatsu bat hasi zuen zinemagintzan. 1983an, Romancing the Stone komedian hartu zuen parte, Michael Douglasekin eta Kathleen Turnerrekin batera, eta, bi urteren ondoren, The Jewel of the Nile aurrekoaren sekuelan ere aritu zen. Ruthless People egin zuen ondotik, eta 1987an zuzendu zuen lehen pelikula: Throw Momma from the Train komedia beltza. Douglasekin eta Turnerekin lan egitera itzuli zen bi urteren buruan, The War of the Roses lanean, zeinetan aktore eta zuzendari gisa aritu zen.

Handik aurrera, bi rol horiek —aktore eta zuzendari— tartekatzen aritu zen. 1992an jokatu zuen bere pertsonaiarik ezagunenetakoa bihurtuko zena: Batman Returns filmeko Pinguinoa, Batmanen etsaia. Tim Burtonen zuzendaritzapean egin zuen aurreneko lana izan zen hura, eta gero Mars Attacks! (1996) eta Big Fish (2003) filmak egin zituen harekin. Pinguinoarekin batera, Mathilda filmean jokatutako pertsonaia da segur aski DeVitoren ibilbideko sonatuenetako bat; berak zuzendu zuen filma, 1996an, eta Harry Wormood auto tailer bateko iruzurgilearen eta Mathildaren aitaren larruan aritu zen. Bera zuzendari izan ez denetan, De Vitok aukera izan du itzal handiko zuzendarien aginduetara lan egiteko urte hauetan guztietan; zuzendari horien artean dira Milos Forman, Brian de Palma, Robert Zemeckis, Barry Levinson, Francis Ford Coppola, Sofia Coppola eta Todd Solondz, besteak beste.

Umorearen etiketari aurre

DeVitoren izena zinema komikoarekin lotu izan da usu, eta etiketa mugatu horren kontra egiten saiatu zen; The Rainmaker (1997) eta Hoffa (1992)—berak zuzendu zuen, eta Jack Nicholsonek hartu zuen parte—, Jack the Bear (1993 ) eta Heist (2001) lanetan, batik bat. Ia bost hamarkadatako haren filmografian nabarmendu ohi diren film gehiagoren artean daude, besteak beste, Throw Momma from the Train (1987), Twins (1988), The Ratings Game (1984), The World's Greatest Lover (1997), Death to Smoochy (2002), Duplex (2003) eta Cumudgeons (2016).

1990eko hamarkadatik aurrera, interpretazioa eta zuzendaritza utzi gabe, DeVitok lan ugari egin du ekoizpenaren alorrean, Jersey Films ekoiztetxean. Zinemagintza garaikideko izen handiak daude ekoitzi dituen lanen artean: Pulp Fiction (Quentin Tarantino, 1994), Get Shorty (Barry Sonnenfeld, 1995), Gattaca (Andrew Niccol, 1997), Man on the Moon (Milos Forman, 1999), film onenaren Oscar sarirako izendapena lortu zuen Erin Brockovich (Steven Soderbergh, 2000), Garden State (Zach Braff, 2004), eta Freedom Writers (Richard La Gravenese, 2007), besteak beste.

Estatubatuarrak utzi du bere marka animazioan ere, ahotsa jarri baitie hainbat pertsonaiari: Space Jam (1996), Hercules (1997), Lorax (2012) lanetan eta aurten Belodromoan proiektatuko duten Smallfoot filmean.

Sarrerak salgai

Jaialdiak dagoeneko jarri ditu salgai DeVitori Donostia saria emateko ekitaldirako sarrerak, 45 eurotan. Saria banatu aurretik, Rodrigo Sorogoyenen El Reino pelikula proiektatuko dute, Kursaalean, 19:30ean. Kore-edak, aldiz, hurrengo egunean jasoko du Zinemaldiaren aitorpena, eta hartarako ere salgai daude sarrerak; 20:30ean izango da, igandez, eta Manbiki kazoku / Shoplifters filma emango dute aurretik. Tabakalera ere batu da bi zinemagileak omentzeko asmora: irailaren 14an Kore-edaren Maboroshi no hikari filma emango dute, eta, irailaren 15ean, DeVito agertzen den Twins eta Batman Returns filmak proiektatuko dituzte.

[youtube]https://youtu.be/U1upIkpUT7Q[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.