Sorginkeria eta feminismoa

Jesse Jones artistaren 'Dar-dar' ikus-entzunezko instalazioa erakutsiko du Guggenheim museoak

Jesse Jones artistak sortutako Dar-dar ikus-entzunezko instalazioan sorgin baten irudiak du protagonismo nagusia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
«Gure kontzientziak eralda ditzakeen aldaketa oso sakon baten ertzeko amildegian gaude, eta uste dut aldaketa hori feminismoaren alorretik etorriko dela». Irlandan abortua legeztatzeko borrokek eraman zuten Jesse Jones artista (Dublin, 1978) sorginkeriaren iruditeria eta historia aztertzera. Elkarri lotuta bizi ditu artea eta politika, eta horren emaitza da Dar-dar ikus-entzunezko instalazioa. «Arte ekintza oso politikoa da mitoa eta kondairak hartzea, eta gure munduaren ikuspegi kolektiboen bihotzera itzultzea», azaldu du artistak. «Horregatik egiten dut artea». 2017ko Veneziako biurtekoan Irlandak zeukan pabiloian erakutsi zuen lehenengoz pieza, eta Bilboko Guggenheim museoan ikus daiteke orain, martxoaren 1era arte, Film & Video aretoan.

Instalazioaren «konplexutasuna» nabarmendu du Manuel Zirauki komisarioak. Zinema, eskultura, soinu paisaiak eta performancea uztartzen dituelako batetik, eta esanahi geruza asko metatzen dituelako ere bestetik. Hamaika elementu konbinatzen dituen erritu moduko baten parte bilakatzen du piezak ikuslea, eta egunero lau emakume egongo dira aretoan artelanaren parte diren oihalak mugitzen eta areto erdiko harri zirkular zelta zaindu eta aktibatzen. Baina, edonola ere, aretoko bi pantaila erraldoietan ikus daitekeen sorginak eta haren kontakizunak biltzen dute dena.

Olwen Fouere aktore irlandarrak antzezten du sorginaren rola, eta ikusgarria da haren interpretazioa. Keinu. Hots. Zarata. Mugimendu. Dena, pertsonaia aretoan ia presente bilakatzea lortzeko. Bere ezpainen lehen-lehen plano batekin abiatzen da proiekzioa, adibidez. Irudi bakar horrek betetzen ditu bi pantailak, baina bertikalean grabatu dute aktorearen ahoa, eta, beraz, goitik behera ikusten dira ezpainak.

Nahasian eta tartekatuz doaz aktorearen hots guturalak eta narrazioa: «Bazegoen beste lege bat, belaunaldiz belaunaldi eta alabaz alaba pasatua». Hain zuzen ere, gizonen arauen kontrako malefizio moduko bat ere botatzen du bideoko beste une batean horregatik. «Nire hezur hautsiak armak izango dira; kaosa, nire eguneroko ogia». Eta orain arte topatu den giza arbasorik zaharrenaren ahotik ere mintzo da beste tarte batez; noiz, eta aretoko argiek Lucy izeneko antzinako gizakiaren hanketako hezurren erretxinazko bi erreplika argiztatzen dituztenean. «Ibaiertzean paseoan nenbilen, duela hiru milioi urte inguru».

Ilea zurituta, arropa zaharrekin, gorputz mugimendu arraroekin, sorgin baten arketipoa eskaintzen du aktorearen irudiak. Baina irudiak ez du irudi izoztu bat izateko asmorik. Jonesek azaldu duenez, emakumeen emantzipatzeko tresna gisa aurkeztu nahi izan du sorginkeria.

Artistak maiz kontrastatu du bere lana Silvia Federici pentsalariarekin, eta igar daiteke haren pentsamenduaren oihartzuna artistaren hitzetan ere. «Bereziki interesatzen zait jakitea estatuak zer testuingurutan kontrolatu izan dituen emakumeen gorputzak, eta oso garrantzitsua iruditu zait gai hori sorginen jazarpenarekin lotuta aztertzea».

Euskal Herriko iruditeria

2017ko Veneziako Biurtekoan bertan hasi zen Bilboko Guggenheim museoarekin elkarlana. Bilbokoa bosgarren geldialdia du lanak, baina lekuan lekura moldatu du aldiro artistak. Euskal Herriaren kasuan, esaterako, Zugarramurdin (Nafarroa) egon da Jones, eta Donostiako San Telmo museotik ekarritako hiru elementu etnografiko ere txertatu ditu erakusketan: triku larrua, gau-hontz burua eta azkonar hanka.

Argizaiolarena da erakusketara txertatutako beste euskal elementuetako bat. Hildakoen aldeko erlijio ospakizunetan erabiltzen den argizariz kiribildutako zurezko taulak dira argizaiolak, eta halako hainbat topatuko ditu bisitariak bideo proiekzio gelara sartu aurreko gelako bitrinan. Argizaiolen kandela kiribildu horietako batekin bildu du, esaterako, Irlandan sorginkeriaren aurkako zigorrak bertan behera uzten zituen 1921eko araua, areto sarreran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.