'Iruña-Veleia auzia'. Erreakzioak

Lurmen enpresak helegitea jarriko dio epaiari

Iruña-Veleia Argitu-k esan du «eskubide guztiak» urratu dituztela. Lopez de Lacalleren arabera, epaiak Kultura Sailaren lana berretsi du

Iruñea-Veleia Argitu plataformako kideek protesta egin zuten atzo, sententzia jakin ostean, Gasteizen. J. FONTANEDA / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun

SOS Iruña-Veleia, Euskararen jatorria eta Martin Ttipia taldeek eta Lurmen enpresak osatzen duten Iruña-Veleia Argitu egitasmoak ohar baten bitartez adierazi du auziaren epaiaren «aurka» dagoela, eta jakinarazi du Lurmenek helegitea aurkeztuko duela. Taldearen irudiko, epaiketan «eskubide guztiak» urratu dituzte, epaileak ez duelako ahalbidetu arkeometrian espezializatutako Europako laborategiek azter dezaten aztarnategian aurkitutako grafitoen lagin bat, faltsuak diren ala ez zehazteko. Onartezintzat jo dute hori: «Faltsuak direla uste badute, zergatik ez dute utzi beste laborategi batean egiten?». Horri lotuta, adierazi dute datazioak egiten ez diren bitartean ez dela justizia egongo: «Bitartean, aurrez aurre izango gaituzte».

Aztarnategian aurkikuntza egin zutenean, 2006an, 400 piezatik gorako multzoa aurkeztu zuten, eta, akusazioaren arabera, faltsuak ziren. Epaileak, baina, frogatutzat jo du soilik horietako 36 manipulatu zituztela delitu egiteko helburuarekin. Kolektiboak salatu du hori ebazteko Espainiako Kultura Ministerioaren parte den laborategi batek egindako azterketa bat baliatu dutela, eta laborategi hori ez dela inpartziala: «Euskalduntze berantiarra babesten ari direlako, eta Iruña-Veleiak hankaz gora jartzen duelako teoria hori».

Bestalde, esan dute auziarekin «onura» atera duen bakarra Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologia saila dela, Arabako Foru Aldundiak Lurmen enpresa kanporatu ondoren aztarnategiaren ardura hartu zuelako.

Horiek horrela, Iruña-Veleia Argitu-ko kideek adierazi dute «inoiz baino beldur handiagoa» dutela ez ote dituzten grafitoak suntsituko. Salatu dute, gainera, El Correo egunkariaren bidez izan dutela epaiaren berri, «justizia sistemaren mailaren erakusle». Edonola ere, «pozik» daude Eliseo Gilek ez duelako espetxera joan behar izango, eta hark eta Ruben Cerdanek Foru Aldundiari ordaindu beharko dioten zenbatekoa —12.490 euro— eskatzen zutena baino txikiagoa delako.

Bestalde, aztarnategiaren arduradun eta akusazioko parte den Arabako Aldundiak ez du baloraziorik egin, baina Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak Radio Vitorian esan du pozten dela «hainbeste urte igaro eta gero epaiak erakutsi duelako zeintzuk izan ziren egitateak, eta nortzuk arduradunak». Horrez gain, azpimarratu du «eragozpenik gabe garrantzizkoan arreta jartzeko» modua ere emango duela: «Aztarnategiaren balioa nabarmentzea».

Bestalde, Eusko Alkartasuna ere «pozik» azaldu da auziaren epaiarekin. Aurkitutako grafitoen egiazkotasuna zalantzan jartzen hasi zirenean, 2007tik aurrera, alderdi horretako Lorena Lopez de Lacallek zuzentzen zuen Arabako Foru Aldundiko Kultura Saila. Kasuan delitu zantzuak antzemanda, aldundiak arduradunen aurkako salaketa jarri zuen 2008an. Lopez de Lacallek adierazi du epaiak garai hartan haren sailak egindako lana babestu duela: «Ez Arabak ez Euskal Herriak ez dute iruzurrik behar beren iraganaz, orainaldiaz eta etorkizunaz harro egoteko».

Izen ona berreskuratzea

Hasieratik gaia «sakonki aztertu» nahi izan zutela azpimarratu du Lopez de Lacallek, «gertatutakoa argitzeko»: «Kultura Sailak erantzukizunez egin zuen lana, Arabako ondareari eragindako kalteak eta galerak auzitegien esku utziz, horien zantzu nahikoak baitzeuden». Hala ere, nabarmendu du helburua inoiz ez zela izan akusatuek kartzela zigorrak jasotzea.

Kultura Saileko taldeak 2007ko abuztutik 2010eko abendura egindako kudeaketa txalotu du, eta gaineratu du hemendik aurrera aztarnategiaren «izen ona eta indusketen erritmoa» berreskuratzeko garaia izango dela, «bikain zaindutako gunea izanda, historiaurretik gaur egunera arteko datuak aztertzeko aukera ematen duen Arabako historiaren liburu irekia baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.