Albistea entzun

Doinu berriak sortu, ikasi eta plazaratzeko

Sei talde edo bakarlarik sormen egonaldiak egingo dituzte Azpeitian, 'Arkupehotsak' Kulturaz kooperatibaren proiektuaren harira
<em>Arkupehotsak</em> proiektuaren aurkezpeneko irudi bat, atzo, Azpeitian (Gipuzkoa).
Arkupehotsak proiektuaren aurkezpeneko irudi bat, atzo, Azpeitian (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2022ko ekainak 22 - Azpeitia

«Hauspo berri bat» eman diote Azpeitiko Kulturaz kooperatibaren Arkupehotsak proiektuari, eta egitasmo bat martxan jarri dute aurtengorako: sei musika talde edo bakarlari gaztek sormen egonaldiak egingo dituzte irekitzear den Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoa sormen gunearen soinuaren eremuan. Egonaldietan «musikari bidelagun» bat izango dute —besteak beste, Olatz Salvador eta Tomas Lizarazu—, eta, amaitzean, kontzertu bat emango dute Sanagustin kulturgunean, «bidelagun» izan duten musikariaren kolaborazioarekin. Musika estilo desberdinak jorratzen dituzten sei artistak hartuko dute parte, eta bakoitzak bi asteburuko egonaldia egingo du. 16 eta 25 urte bitarteko musikariek parte hartu dezakete, eta jadanik irekita dago izen-ematea —uztailaren 15era arte egongo da zabalik—. Egonaldietan lotarako lekua eta otorduak ere sartuta daude.

Egitasmoaren hiru gako azpimarratu ditu Kulturaz kooperatibako kide den Aitor Bengoetxeak: doinuak sortzea, ikastea eta plazaratzea. «Proiektu honi forma ematerakoan, osotasun bati erantzun nahi genion. Prozesuari balioa eman nahi izan diogu, eta lanketa zabaldu». Azaldu du musikan hasierako pausoak ematen, taldeak sortzen edo lehen akordeak jotzen ari direnei begirakoa dela proiektua.

Esperientzia «osoa» izango dela nabarmendu dute, eta Dinamoaren soinuaren eremuan izango dutela «sormenari lekua egiteko» aukera. Ikaste prozesuan ere jarri dute arreta, formazioan eta bidelaguntzan. «Soinu teknikari eta adituak izango ditugu. Eta guretzat gako diren musikari erreferentzialak, proiektuari babesa emateko eta musikarientzat akuilu lanak egiteko». Esperientzia horren ostean egingo dute «plazaratzea», Sanagustin kulturguneko oholtzan zuzeneko bat emanez. Modu horretan, hiru jardun landuko dituzte: formazio teknikoa eta artistikoa; zuzenekoa prestatzeko entseguak; eta kolaborazioa musikari «erreferentzial» batekin, bai prestaketan, bai kontzertuan.

Hautatuko dituzten sei talde edo bakarlari horien «bidelagunetako bat» izango da Bulego taldeko Lizarazu. «Ilusioz» heldu dio proiektuari, eta hastapenak gogora ekarri ditu: «Alde batetik, [proiektua] oso beharrezkoa dela uste dut; gazteentzat eta talde berrientzat aukera ezin hobea izan daiteke. Beste alde batetik, oroitzapenak ekarri zizkidan, gu, Bulego taldearekin, Arkupehotsa egitasmo honen barruan egon ginelako orain dela urte batzuk». Babesa eta hasierako bultzada eskertu ditu, eta adierazi du esperientzia bizitzeko «gogotsu» dagoela. Salvador izango da beste bidelagunetariko bat. Gainerakoak, berriz, hautatutako bakarlari edo taldeek jorratzen duten musika motaren araberakoak izango dira.

Bestalde, proiektuan bidelagun izan dute Azpeitiko Udala. Eneritz Albizu Udaleko Kultura batzordeburuaren arabera, azken urteetan gogorarazi izan dute oholtzari garrantzia eman eta sortzaileari agertokiak eskaini behar zaizkiola, baina hortik harago doa kultur sustapena, haren hitzetan: «Oholtza gaineko jardun horren atzean dagoenari eman nahiko genioke garrantzia; sorkuntzari eta ondoren datorren lan guztiari».

Horri erantzun nahian jarri zuten martxan Dinamoaren egitasmoa. Proiektu horrek hainbat proiektu biltzen ditu, eta eremuetan banatuta dago: hitza, irudia, gorputza eta soinua. Bakoitzak badu «proiektu ardatz bat» edo eremu horren izaerari «bultzada» ematen dion egitasmo bat; soinuaren eremuan, Arkupehotsak litzateke. Bukatzeko fasean dago eremua.

Berriro plazaratu

2017an abiatu zuen Azpeitiko Kulturaz kooperatibak Arkupehotsak egitasmoa, «sortzaile berrien plaza izan nahi duen proiektua». Lau edizio egin dituzte aurreko formatuarekin, eta, Bengoetxea kooperatibako kidearen arabera, orain arteko emaitzak, ibilbidea eta esperientzia kontuan hartuta, «arnasa» hartu dute egungo baldintzetara ekarri eta atontzeko. Hala, beste forma bat eman diote proiektuari, eta esperientzia «osoago» bat eskaini: «Musika sortu, formatu, prestatu eta plazaratzeko aukera bat da».

Ikasteko eta esperimentatzeko espazioa ere izango da Arkupehotsak proiektua. Xedea da sortzaile berriei jarduteko tresnak eskaintzea, inguruan dauden sortzaileei balioa ematea eta belaunaldi berriei plaza bat ematea. Komunikazio eta promozio berezia ere egingo zaie parte hartzen duten musikariei.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ignacio Zuloaga pintorearen 'Arrateko itsua' lana ©Juan Herrero / EFE

Zuloagaren lehen lantzat jotakoa faltsua dela salatu dute

Iñigo Astiz

Zumaiako artistaren museoa kudeatzen duen Z Espacio Cultural elkarteak egin du salaketa, haien hitzetan ezin baita ziurtatu 2020an aurkeztutako 'Arrateko itsua' lana Zuloagarena denik.

2019ko EHZko kontzertu bat, Irisarriko plazan. Aurten berriz ere dohainik izanen dira plazako ekitaldiak. ©BOB EDME

EHZ, berriz plazara

Joanes Etxebarria

Bihar hasiko da festibala Irisarrin, eta lau gunetan hedatuko da programazioa. Musika talde anitzek azken lana aurkeztuko dute

Berge, Behotegi, Kurutxarri, Aroztegi eta Feulie, atzo, Baionan. ©BOB EDME

Ipar Euskal Herriko zinemagintza ikertuko dute EHUko ikerlariek

Ainize Madariaga

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan eta nagusiki euskaraz sortutako zinema aztertuko dute EHUko NOR ikerketa taldeko kideek

Donostiako Elizbarrutiaren D'museoan, hamasei pieza ikus daitezke guztira. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Donostiako D'museoko Oteizaren lanak faltsuak direla salatu dute

Iñgo Astiz

Artistak Argentinan sortutako hamasei lan biltzen ditu Donostiako Elizbarrutiko D'museoko erakusketak, baina, Oteiza museoak dioenez, ez dira hark egindakoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...