Donostiako jazzaldia

Doinu etiopiarrei aitortza

Mulatu Astatke musikariak Afrikari eta bertako kulturari eskaini dio Donostiako Jazzaldia saria

Mulatu Astatke musikaria, atzo, Viktoria Eugenia antzokian, Donostiako Jazzaldia saria esku artean duela. JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Mulatu Astatke konpositore, bibrafonista eta perkusionista etiopiarraren ethio-jazz doinuak saritu zituen atzo Donostiako Jazzaldiak, eta, Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariaren eskutik jaso zuen saria. Lehenengoz iritsi da aurten haren musika hiriko itsasertzera. Herenegun egin zuen ikuskizuna, Zurriolako hondartzan, eta «momentu zoragarria» izan zela adierazi du berak. Etiopiako banderadun bufanda lepotik zintzilik zuela igo zen oholtzara, eta horixe jantzita jaso zuen saria.

Ethio-jazz estiloaren aitzindaritzat jo izan da artista. Jazza, musika latinoa eta etiopiar tradizioa uztartuz garatu zuen estilo hori. 70eko hamarkadan sorterrian arrakasta lortu ostean, 1998tik aurrera hasi zen haren musika nazioartean zabaltzen, Ethiopiques diskoa bildumari esker. Are ezagunagoa bihurtu zen haren izena geroago, berak konposatutako zazpi pieza Jim Jarmuschen Broken Flowers (2005) filmean agertu zirenean, hain zuzen. Ibilbide luze bat egin ostean kantatu dizkio, beraz, bere kantuak Donostiari.

To Know Without Knowingdu azken diskoa, eta, hain zuzen, disko horrek biltzen dituen abestietako batzuk eskaini zizkion publikoari, ezagunagoak dituen doinuekin tartekatuz. Bere sei taldekideekin batera bete zuen Zurriolako oholtza musikariak, eta horiek ekarri ditu gogora saria eskuetan hartu duenean: James Arben (saxofoia), Byron Wallen (tronpeta), Danny Keane (biolontxeloa), Ben Brown (bateria), John Edwards (kontrabaxua) eta Richard Olatunde Baker (perkusioa). «Talde kohesionatua da, eta denek ulertzen dute jo nahi dudan musika». Horiekin guztiekin, «publikoaren estimua» sentitu zuen Astatkek kontzertuak iraun bitartean. «Oso ederra izan zen, denok geunden pozik».

Afrikaren ekarpena

Musika paregabea egiten duela adierazi du jaialdiak hedabideei igorritako ohar batean: «Kutsu pertsonal batek markatzen du haren musika. Erraz ezagutzeko modukoa da, baina nekez imitatzekoa». Eta, hala eskertu zion artistak jaialdiari bere musikari egindako aitortza: «Afrikako kulturak eragina izan du mundu osoan, ez bakarrik musikari dagokionez, baita beste arlo artistiko askotan ere. Horregatik estimatzen dut hainbeste gaur eman didaten sari hau».

Afrikari eskaini dio, beraz, saria. Izan ere, etengabe aipatu du Afrikako musikak mundu osoari egin dion ekarpen garrantzitsua. Azaldu du, halaber, bere helburua dela Afrikan sortutako musikari ateak irekitzea, mundu guztian ezagutu dadin. «Batzuetan, landa eremuetako instrumentu zaharrekin egiten den jazza da Afrikakoa, jendea hunkiaraztea lortzen duten horietakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.