Neska gazte baten begietatik

Garbiñe Ubedak 16 urteko neska bat jarri du protagonista 'Sasieskola' nobelan, eta 1984. urtean kokatu. Bilduma bateko lehen liburua da, eta idazleak iragarri du beste bi ale plazaratuko dituela

Garbiñe Ubeda idazlea, liburu berria eskuetan, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Maitasun istorio bat eta gertaera tragiko bat. Bi hari horiek uztartuz osatu du Garbiñe Ubedak Sasieskola eleberria (Elkar). Gazteentzako liburua da, 16 urteko neska bat protagonista duena. 1984. urtean girotu du kontakizuna idazleak, eta zergatia azaldu zuen atzo, liburuaren aurkezpenean. «Pentsatzen jarri nintzen gazteentzat idaztea zer den, edo helduentzat idaztetik zerk bereizten duen. Niretzat, diferentzia gazte baten ikuspegitik idaztea izan da. Eta horrek niri ekarri dit ni oso gazte nintzen garaira jotzea, batez ere sinesgarritasunagatik». Antxiñe Mendizabal editorea alboan zuela eman zituen idazleak azalpenok, Donostian.

Larraitz da istorioaren protagonista, langile familia bateko alaba. Institutuan piper egin, eta gustuko duen mutilarekin mendi aldera joango da goiz batez. Han dela, gertakari bortitz baten lekuko izango da. Hurrengo egunean, hala titulatuko dute berria egunkarietan: «Mueren tres terroristas en un tiroteo» (hiru terrorista hil dituzte tiroketa batean). Larraitzen bizitza hankaz gora jarriko du horrek, baina baita mutilarekin duen harremanak ere.

Horrela laburbildu zuten idazleak eta editoreak kontakizuna. Ubedak aitortu zuenez, «erronka bat» izan da gazteentzat idaztea, orain arte landu gabeko generoa baitzuen. Eta horregatik, zer den gaztetasunetik idaztea eta zer den gazte izatea, galdera horiek buruan izan zituela azaldu zuen. «Konklusio batera iritsi nintzen, eta da nire bizitzako etapak markatu dituzten zedarriak ez direla urteak izan, gertaerek markatu dutela nire etapa bakoitza». Gertaera horiek, normalean, «bortitzak edo espero gabekoak» izan ohi direla gaineratu zuen, eta hala gertatzen dela eleberrian ere. Gogoeta horietatik hartu zituen eleberrirako osagaiak.

1980ko urteetako Euskal Herria ageri da liburuan, eta, iragana bada ere, gaur egungo garaiekin «antzekotasun ikaragarriak» ikusten ditu idazleak. «Gizartea krisian zegoen, industria krisia zegoen, eta gaur egun ere badago krisia; gazteak gutxietsita zeuden, eta gaur ere bai; eta indarkeria toki askotan zegoen, ez bakarrik politikan: familietan ere bazegoen, eta gaur ere bai». Genero indarkeria eta bullyng-a jarri zituen horren adibide. «Indarkeria beti egon da, eta, ez nuke esan nahi, baina egongo da seguruena. Uste dut horri ez zaiola ihes egin behar, eta hori paisaian atera egin behar dela, eta nik horixe egin dut: nire paisaia horretan agertu egin dut hori». Zehaztu zuen horrekin ez duela esan nahi horretaz idatzi duenik, bestelako osagai batzuk ere agertzen baitira istorioan: lehen maitasuna, traizioa, bizitzan toki bat bilatu beharra...

Kaleko irakaspenak

Lekukoa saileko lehen liburua da Sasieskola, eta beste bi ale izango ditu bildumak. Larraitzen istorioari jarraipena emango dio idazleak hurrengo bi lanetan. Azaldu zuenez, nobelari Lekukoa izena jartzea pentsatu zuen hasieran, baina bilduma osatzea bururatu zitzaienean, izenburu hori sailari ematea erabaki zuen, eta Sasieskola deitzea lehen aleari.

Izenari tiraka, eskolaz ere egin zuen gogoeta. «Egun eskola zer den ez dut esango; ur handiegietan sartuko nintzateke. Baina gure garaian zer zen garbi esango dut, nire ikuspegitik: kasik kartzela zen. Eskolan ez genuen ikasten; segun eta irakaslea nor zen, irakatsiko zigun zerbait, baina bizitza zer zen kalean ikasi genuen, hortxe hezi ginen». Alde horretatik, eta sasieskola egitea piper egitearen sinonimo den neurrian, liburuan «kale giro horri» aitortza egin diola adierazi zuen. «Omenalditxo bat egin nahi diet piper egitera ausartzen direnei, grina erakusten ari direlako, eta bizitza ikasteko gogoa ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.