Agur kutsua du

Caster Semenya Dohan ariko da gaur. «Noiz alde egin asmatzea jakinduria kontua da. Alde egiteko gai izatea, adore kontua. Burua tente alde egitea, duintasun kontua», esan du

Caster Semenya. J.-CHRISTOPHE BOTT / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da Diamantezko Liga, Dohan, eta bertan ariko da Caster Semenya. Atleta hegoafrikarra lehen aldiz lehiatuko da proba batean, 400 metro eta milia bat (1.609 metro) arteko lasterketetan parte hartzeko bere berezko testosterona maila jaisteko botikak hartzera behartu dutenetik.

Hasiera batean, ez zuen izena eman Dohan korri egiteko, baina azkenean, lehian izango da. 800 metrokoan ariko da, 19:07an hasita. Haren ondoan izango dira Francine Niyonsaba burundiarra eta Margaret Wambui kenyarra, Semenya bezala, botikak hartzera behartuta dauden beste bi atleta.

Hirurek azkenekoz egin dezakete korri distantzia horretan. Izan ere, NazioartekoFederazioak (IAAF) ezarri eta Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) ontzat jo duen debekua hilaren 8an jarriko da indarrean. Ikusteko dago zer egingo duen Semenyak data horretatik aurrera. Atzo bi mezu idatzi zituen Twitterren. «Noiz alde egin asmatzea jakinduria kontua da. Alde egiteko gai izatea, adore kontua. Burua tente alde egitea, duintasun kontua», zioen aurrenekoak. Hori idatzi eta berehala hasi zitzaizkion bere jarraitzaileak ez erretiratzeko eskatuz. Jarraian etorri zen bigarren mezua: «Halakoa naiz, eta halakoa izango naiz beti. Egina nago guztiz». Aurki emango du argibideren bat.

Sebastian Coe IAAFeko presidentea ere Dohan da, eta atzo esan zuen «pozik» dagoela TASek hartutako erabakiagatik. «Oso argi dago. Atletismoak bi sailkapen ditu: adinarena eta sexuarena. Biak babestu nahi ditugu, eta oso pozik nago TASen erabakiak hori ahalbidetuko baitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.