Albistea entzun

Jirafek hartutako jauregiak

Ignacio Goitia artistaren 30 urteko ibilbidea erakutsiko dute Bilboko Rekalde aretoan
Jauregiak eta jirafak dira Igancio Goitia margolariaren lanen nortasun ikurretako bi.
Jauregiak eta jirafak dira Igancio Goitia margolariaren lanen nortasun ikurretako bi. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2019ko urriak 26

Klasizismoa eta umorea. Etengabeko erreferentziak dira biak Ignacio Goitia margolariaren lanetan (Bilbo, 1968). Horregatik bete ditu Bilboko Rekalde aretoko gelak jauregi, arku eta lorategi arranditsu errealisten eta ezinezko eszenen irudiekin. «Mugimendu modernoa hasi zenetik gutxietsita geratu dira tradizioa eta historia», azaldu du sortzaileak. «Garai hartan beharrezkoa zen lengoaia berriak bilatzea, eta horretarako iragana apurtu beharra zegoen. Baina sasoi hartan sortutako haustura hori da, hain zuzen, denborarekin tradizio bilakatu dena, eta haustura horren aurreko tradiziora bueltatzen naiz ni. Erakusteko modernitatearen aurretik gertatutako guztia ere oso garrantzitsua izan zen, eta oraindik ere presente dago, adibidez, gure hirien oinarrietan. Iragana, orainaldia eta etorkizuna, denak daudelako presente orainaldian». 30 urte daramatza lan ildo horretan, eta hiru hamarkadako ibilbide hori erakusten du orain Bilboko erakusketak. Urtarrilaren 26 arte egongo da ikusgai.

Artistarentzat, umorea aldarrikapenerako tresna bat da, eta darabiltzan irudiek lehen begiratuan dibertimendu soila irudi lezaketen arren, besteak beste migrazioa, kontrola, sexu askatasuna eta boterekeria lantzeko tresna bilakatzen dira Goitiaren eskuetan. Hori da haren hasierako sasoiko lanetan etengabe ageri diren jirafen kasua ere. Jirafak, adibidez, Erromako Parteoian. Jirafak frantziar estiloko lorategietan. Jirafak hesi baten atzetik Chambord gaztelu ikusgarriari urrutitik begira. Jirafak hirietako etorbide zabaletan.

Eta zergatik hainbeste jirafa?

Bada, ez da apeta hutsa, Goitiak azaldu duenez. «Inpresionatzeko sortutako arkitektura da, boterea inposatzeko eraikitakoa. Hortik dator eraikinen handitasuna, eta badirudi kasik gehiago daudela eraikita, adibidez, jirafa batentzat edo jainkoren batentzat, pertsonentzat baino».

Artistaren marrazkera erabat errealista da, baina eszenek beti dute ukitu surrealista bat. Larruz jantzitako gizonak ikus daitezke jauregi batean luxuz inguratuta. Polizia taldeak egongela barroko baten barruan, biluzik dagoen gizon baten ipurdia gertutik begiratzen. Louis XVI.aren estiloan jantzitako hirukote batek daraman aterkiaren gainean aurreskua dantzatzen duen mutila. Bilboko Kale Nagusian paseoan dabiltzan lord ingelesak...

Dena uzteko zorian

Erakusketaren ibilbidea zirkularra da: marraztu zuen lehen koadroak ematen dio hasiera, eta marraztu duen azkeneko lanak ixten du, baina bi koadroak elkarren ondoan daude, erakusketako lehen gelan. Gutxi gorabehera kronologikoki antolatuta daude hortik aurrerako lan guztiak, artistaren sasoian sasoiko kezka eta joeren erakusgarri. Beti igar daiteke klasikotasunarekiko zaletasuna, ordea, eta umore ukitu hori.

Bisitariari harrera egiten dion lanak Esfortzuaren alegoria du izena, eta bere ibilbide osoaren laburpen modura aurkeztu du koadroa Goitiak. Behin baino gehiagotan egon da dena bertan behera uzteko zorian, baina eutsi egin dio, halere. Madrilen egindako erakusketa batera egindako bidaia izan du gogoan, adibidez. «Koadroz betetako furgoneta alokatu batean gindoazen, eta argi nuen erakusketa hartan koadro bat saldu ezean beste ofizioren bila hasi beharko nuela; zorionez, koadro bat saldu nuen».

Eta hala, beraz, urratsez urrats.

Azken gelako sabai osoa hartzen duen fresko bat da ibilbideko azken margolana. Zehatz irudikatuta daude eraikin kolonialak bertan, Errenazimentuko jauregiak, lorategi handientsuak, eta berdin zeruko hodei artean hegan diruditen elefanteak ere. Berez, Frantziako Loira haraneko XVIII. mendeko Le Fresneko gaztelu historikoko jantokiko sabaian dago jatorrizko margolana, eta Bilbon ikus daitekeena haren erreprodukzio bat da.

Normalean, arduradunek hiru zatitan banatu ohi dute Rekalde aretoko espazioa, eta erakusketa bana egon ohi da ikusgai haietako bakoitzean. Oraingoan, ordea, Goitiak oso-osorik bete du dena: kalera ematen duen erakusleihotik hasi, hallean jarraitu, eta erakusketa gune nagusian amaitu.

Goitiak berak egin du lanen hautaketa eta muntaketa. «Gaur egun, artistek baino garrantzi handiagoa hartu dute kritikariek, komisarioek eta bestek, eta sortzailea bigarren edo hirugarren mailan geratu ohi da. Horregatik aldarrikatu nahi izan dut artista ere badela kapaz bere mundua erakusteko».

Baina ez da soilik Rekalde aretoa. Hurrengo astean, artistak beste erakusketa bat zabalduko du Bilboko Lumbreras galerian, eta Miamin (AEB) erakutsi berri dituen azken margolanak erakutsiko ditu bertan. Bestetik, bere ibilbide artistikoari errepasoa egiten dion 400 orritik gorako liburu bat ere kaleratu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Kontzertu bat, Sanagustin kulturgunean. ©Alberto Beloki

Hamarkada bat beste bide batetik

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Hamar urte bete dituzte Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturguneak eta hura kudeatzen duen Kulturaz kooperatibak. Eredu propio bat garatu du kooperatibak euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Sortzeko orduan ez diot mugarik jartzen neure buruari»

Mikel Lizarralde

Idoia Asurmendik sare sozialen bitartez eta beste zenbait musikariren bertsioak eginez ezagutarazi zuen bere burua. Orain, lehenengo diskoa argitaratu du: 'Ilun eta abar'.
 ©IñIGO URIZ / @FOKU

Harrespila, gutizia husteko

Ane Eslava

L'Alakran antzerki konpainiak 'Harrespila' ikuskizun performatiboa eskainiko du gaur eta bihar Altzuzako Oteiza museoan. Cromlech bat osatuko dute parte hartzaileekin batera
 ©MARIAJE FUENTE

Zero gradua

Berria

Juan Kruz Igerabide idazlearen (Aduna, Gipuzkoa, 1956) 'Doneaneko alaba' eleberrian, 1936ko gerrako gertakari latz batek txirikordatzen ditu unibertsitateko literatura irakasle eszeptiko bat den narratzailearen eta Doneaneko alaba gazte poetaren bizialdiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna