Arruntaren teatrotik tiraka

Rafa Egigurenek 'Txipiroiak bere beltzean' estreinako ipuin liburua plazaratu du, Susarekin

Rafa Egiguren idazlea, atzo, Txipiroiak bere beltzean lana eskuetan, Donostiako Konstituzio plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Gazte hasi zen Rafa Egiguren idazten (Hernani, Gipuzkoa, 1948); Zeruko Argia aldizkariko Gazte naiz atalean, hain zuzen. 1960ko urteak ziren, eta 1980koak bere lehen literatur lanak eman zituenean, poesiaren bidetik biak: Txipiroiren bat edo beste (Ustela, 1981) eta Mugarrien garraioan (Susa, 1986). Nobelara egin zuen jauzi 1990ean Ilargia putzuan ageri-rekin, eta orduan agertu zuen aurrenekoz Ekialdeko kulturarekiko eta, zehatzago, Txinarekiko lotura. Chevrolet tropikala eleberria (Susa, 2007) eta Gauza guztiak (Pamiela, 2011) saiakera ondu zituen gero, eta azken horretatik zortzi urte pasatu ostean aurkeztu du lan berria: Txipiroiak bere beltzean.Estreinakoz ipuin liburu bat osatu du idazleak, eta Susak argitaratu.

Hamahiru dira liburua osatzen duten narrazioak, hasieran nobela baterako asmoa izan zuen arren. «Horrek, baina, eltzetzarra eskatzen zuen, eta ipuinak suertatu zaizkit azkenean. Alegia, ontzi gehiago erabili behar izan ditut, baina txikiagoak». Askotariko gaiei egin die leku narrazioetan, baina badute batasun bat, eta jatorrizko ideia da guztiak biltzen dituen hari nagusietako bat.

Irakurgai batek piztu zuen jatorrizko ideia hori idazlearengan, Eugenio Barba antzerki zuzendariaren Beyond the floating islands (Igeri dauden uharteez harago) lanak, eta han Japoniako antzerkiari buruz aurkitu zituenak. Argigarri izan zitzaizkion bi esaldi baliatu zituen azaltzeko: lehena, «oximoron hutsa dirudien arren, antzezleari batzuetan bere absentzia interpretatzea dagokio». Eta bigarrena: «Izu, larrialdi, gogobero edo neurrigabeko zorionaren aurrean, denok jokatzen dugu eguneroko bizimoduan ez bezala». Eguneroko bizitzaren zein borrokaren alderdi teatralaz jardun nahi izan du hala: «Arrunt zaizkigun gauza asko misterio hutsa direla erakusten du antzerkiak. Eta irudipena daukat, funtsean, antzerkiak ematen diola tankera borrokari». Azaldu zuenez, ikuspuntu horretatik idatzi ditu liburuan bildutako ipuinetako asko. «Ni militantzia politiko jakin batetik nator, batez ere frankismoaren garaikotik. Orduan, ikusten nuen bazegoela teatroaren bidetik klandestinitatea irakurtzeko modu bat. Ideia hori izan da sorrerako hazia. Alegia, batzuetan egiten ditugula gauzak jakin gabe zergatik egiten ditugun». Edo adibide batekin esanda: «Batek eraso bat egiten duenean irrintzi bat egiten badu, hori teatroaren mundua ere bada».

Troiako zaldia ipuinean islatu du zuzenen ideia hori —«hor dago zentroa»—, eta alboan sortuz joan zaizkio besteak. Liburuekin dute lotura askok, ez metaliteraturarekin; ezpada liburuekin gertatzen diren pasadizo eta irakurle zein idazleek liburuekin duten harremanekin baizik. Donostia ere ageri da istorioetan, baita heriotza eta ohiko duen Ekialdeko kultura ere. Xehetasunik apenas Egigurenek: «Ipuinok, ziur asko, gehiago dakite niri buruz, nik beraietaz esan dezakedana baino». Izenburuak sukaldaritza iradoki dezakeela aipatu zuen, baina ez dela dirudiena. «Txipiroiak badu beste ezaugarririk: bere beltza erabiltzen du arriskuaren aurrean».

«Momentuko pindarra»

Leire Lopez Susako editorea eta Koldo Izagirre alboan zituela aurkeztu zuen lana Egigurenek, atzo. Ipuin bat zer den, definizio bat emanez abiatu zen Izagirre: «Ipuina, edozein eran, ongi kontatutako edozein istorio da. Tamalez, ongi kontatuta eta gaizki kontatua bereizteko arauren bat eskatzen digu horrek; eta mataza nahasia da, ipuinak hainbat azpigenero baitauzka». Gehitu zuen, nobelak ez bezala, ipuinak ez duela «astirik» bilakaera psikologikorik edo aldaketa sozialik aurkezteko; «momentuko pindarra antzematea» dela haren motorra. Bai Egigurenen narrazioetan. «Liburuari titulua ematen dion ipuinean pindarra izan daiteke ikasle katalanak esaten duena: euskaraz dena dela diferentea, zureak ez diren betaurrekoak janztea bezala. Pertsonaia katalana izanik, eta euskaltzalea, narratzaileak, pertsonaia horren bitartez, euskaldunon erradiografia bat eskaintzen ahal digula pentsatzeko bidea ematen digulako da esaldia pindar».

Erregistro eta ikuspuntu ezberdinak tartekatu ditu egileak kontakizunetan. Eta horrek indartu egin du «ipuinen autonomia», Izagirreren ustetan. Egigurenen hizkerari ere egin zion azpimarra: «Badaki elegantea izaten, zehaztasuna galdu gabe. Lorpen handia da hori: hizkuntza bizi baten hizkera da berea, ez antzinako marmol hotza edo egungo diskurtso trigonometrikoa». Hala, «dastatzeko» ipuinak direla esan zuen: «Irakurri ipuina, eta itxi liburua. Ikusi zer eguraldi den kalean. Irten balkoira, sukaldeko lanak egin, dutxatu. Glandula literarioak lanean ari dira. Ipuina ibiliko duzue buruan. Nahikoa ipuin bat eguneko. Ez izan maitale presatuak, ez bihurtu literatur kontsumitzaileak. Zoazte lasai, irakurritako hitzen intuizio guztiek atera zaitzaten pixkanaka zuen segurantzatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.