Pilota

Pilotarien Elkartea sortzea erabaki dute

Altunak, Ezkurdiak, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak sortu dute. Gainerakoek 48 ordu dituzte bat egiteko. Enpresen Ligarekin bildu dira, eta onartu egin die Buruz Buruko Txapelketa astebetez atzeratzeko eskaria

Baiko enpresakoen eta greban dauden pilotarien arteko bilera, urriaren 7an, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun

Baikoko arduradunak eta greban dauden enpresako hamabost pilotarien ordezkariak bigarrenez bildu bezperan iritsi da berria. Pilotarien Elkartea sortu dute Joseba Ezkurdiak, Jokin Altunak, Mikel Urrutikoetxeak eta Aimar Olaizolak. Lau pilotari horiek atzo bildu ziren, arrazoi jakin batzuk bultzatuta: «Gaur egun pilota profesionalak eta lehiaketek duten egoera ikusita, eta egunak pasatzen ari direla eta gauzak zailtzen ari direla ikusita, arazoari ahalik eta lasterren irtenbidea bilatzen saiatzeko».

Pauso batzuk ematea erabaki dute: besteak beste, Pilotarien Elkarte bat sortzea. Haiek gidatuko lukete, eta soilik EPELen ari diren pilotariek parte hartuko lukete. Haien asmoa da elkarte honek negoziatzea esku pilota profesionalaren sektorean etorkizunean sor daitezkeen puntu garrantzitsuak. Berehala hasi dira mugitzen.

Hala, EPELekin bildu dira, eta haien asmoa azaldu diete, eta zenbait planteamendu egin: duela gutxi kontratuak berritu ez zituzten pilotariekin negoziatzen has daitezela. Diotenez, EPELek onartu egin du horietako batzuekin hitz egiten hastea; buruz burukoaren hasiera astebete atzeratzea eskatu diote ere, eta hori ere onartu egin du EPELek.

Diotenez, haien asmoa Pilotarien Elkartea EPELeko pilotari guztientzat «zabalik» egotea da. Hori dela eta, pilotari guztiei eskaini diete 48 orduko epean haiekin bat egiteko. Bultzatzaileek espero dute egiten hasi diren urratsak «esku pilota profesionala eta pilota bizitzen ari den egoera hobetzea, eta normaltasuna lehenbailehen lortzea».

Grebalariak eta Baiko, gaur

Baikoko arduradunak eta greban dauden enpresako hamabost pilotarien ordezkariak bigarrenez bilduko dira gaur arratsaldean Bilbon. Duela bi aste bildu ziren aurrenekoz, eta ez zuten inolako aurrerapausorik eman. Are gehiago, pilotarien ordezkariak «oso burumakur eta desilusionatuta» azaldu ziren. Horregatik, egun bat geroago erabaki zuten pilotariek aho batez greba egitea.

Hain zuzen, greba egiteagatik, Agirre-Albisu ez ziren aurkeztu Ezkurdia-Martijaren aurkako binakakoaren finalerdietako partida erabakigarrira. Enpresen Ligako epaileak galdutzat eman zien partida, 22-0, baina ELAk, pilotari grebalarien izenean, salaketa jarri zuen horren aurka, greba eskubidea «urratu» zela argudiatuta. Kautela neurriak eskatu zituen, epaia iritsi bitartean ez zedin finala jokatu. Eta EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin zizkion kautela neurriak, eta bertan behera utzi zuen finala.

Auzitegiaren epaiak hankaz gora jarri ditu Enpresen Ligaren asmoak: gaur zen aurkeztekoa banakakoa eta asteburuan zen hastekoa. Orain, ikusteko dago zer pasatuko den.

Ibai Zabala pilotari grebalarien ordezkarietako batek azaldu duenez, «gogotsu» doaz bilerara, «baina aurrenekoan baino itxaropen gutxiagorekin eta zuhurtzia handiagoarekin». Enpresaren «azken mugimenduak» salatu ditu: «Greban dauden pilotariekin betetzea jaialdiak eta oso denbora gutxian hainbat gazte debutaraztea». Argi du: «Epaiak haien alde egin izan balu, ez ziguten deituko».

Zabala, kritiko

Ibai Zabala kritiko azadu zen elkartearen sorrerarekin. «Ni ez nau ordezkatzen azken bost hilabeteetan beren eskubideen eta pilotarien alde borrokan aritu den taldea baztertu eta alboratu duen inork. Are gutxiago, mugimendu horiek greban dauden pilotariekin hitz egin gabe egiten direnean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.