Aspalditik ezagutzen dute elkar

Altuna eta Dario pozik daude igandeko finalerdirako aukeratutako pilotekin. Biek uste dute bikotekidea konfiantzaz dagoela

Jokin Altuna eta Dario Gomez, atzoko pilota aukeraketan. ASPE.
ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
1996an jaiotakoak dira biak. Nerabe zirenetik jokatu dute elkarren aurka, eta ondo ezagutzen dute elkar. Baina ez dira aurrez aurre egon halako garrantzia duen partida batean. Igandean, Astelena pilotalekuan, buruz buruko finalean egoteko lehiatuko dira. Altunarentzat bigarren finala litzateke. Lehenbizikoan 22-14 irabazi zion Olaizola II.ari; Dariorentzat, berriz, lehena. Altuna ageri da faborito nagusi, baina Dariok ezustea eman zuen aurreko astean Irribarria egungo txapelduna kanpoan utzita, eta beste balentria bat egin nahi du. Biek atzo aukeratu zituzten iganderako pilotak, eta pozik zeuden topatutakoarekin.

Adar berean Irribarria eta Ezkurdia bezalako pilotariak egonda, azkenean, ezustean, Dario aurrean izatearen inguruan hausnartu zuen Altunak: «Zozketa egin zenean, ingurukoek esaten zidaten adar gogorra egokitu zitzaidala. Baina nik zozketari ez diot garrantzirik ematen. Pilotari guztiek maila handia dute. Orain gauzak ez ditut zozketa ostean baino errazago. Igandean partida ona egiten ez badut ez dut irabaziko».

Darioren inguruan ondorengo ezaugarriak nabarmendu zituen: «Fisikoki ahalmen handia du. Oso hanka bizkorrak ditu, eta pilotari jotzean oso elektrikoa da. Bi eskuekin abiadura ematen dio pilotari, eta sakean oso ona da».Aurkariarentzat lehen finalerdiaizatea ez du uste harentzat abantaila bat denik. «Nik uste dut final-zortzirenetan Iraitz [Zubizarreta] kanporatu zuenetik lasaiago ari dela jokatzen. Hain bolada onean dagoen jokalari bat arriskutsua da beti». Bere burua ondo ikusten du. «Eskuetatik ondo nago, eta disfrutatzen ari naiz».

Darioren aurka jokatzeak «ilusioa» egiten dio. «Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta poza ematen dit gauzak ondo ateratzen ari zaizkiolako. Baina nik ilusio handia dut bigarren finala jokatzeko».

Dariok azaldu zuen ez zituztela pilota bizkorrak aukeratu: «Baziren biziagoak. Baina nik botean jokatzen dut, eta ez zitzaidan komeni bizkorregiak izatea». Irribarriaren aurkako garaipena ahaztua duela esan zuen. «Duela aste batzuk hau esan izan balidate ez nuen sinetsiko. Baina jada igandeko partida baino ez dut buruan. Asko gozatzen ari naiz, eta egiten ari naizena hor geratzen da». Argi du zer egin behar duen igandeko partidan. «Ondo egiten ditudan gauzetan jarri behar dut arreta, nire jokoa egin. Sakean asmatu, eta tanto bakoitza borrokatzera aterako naiz. Partida gogortu behar dut, aukeraren bat izateko. Faborito argia bera da, pilotari osoa baita».

Orain arte egin duen lanari ondorengo azpimarrara egin zion: «Fisikoki ondo ikusten dut neure burua, eta konfiantza daukat. Partida guztietan oso lehiakor aritu naiz, eta bide horretan jarraitzea da nire helburua». Horretarako gakoa zein izan den nabarmendu zuen: «Disfrutatzea izan da gakoa. Une txarrak bizi izan ditut, baina egoskorra izateak eraman nau iritsi naizen lekuraino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.