Maitasunean dago gakoa

2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Zergatik saiatzen dira euskaraz hitz egiten ozta-ozta dakiten batzuk eta euren hizkuntzaz lotsatzen dira hainbat euskaldun zahar peto-peto? Zergatik ez dute haien artean euskaraz egiten ikasketa guztiak euskaraz egin eta unibertsitateko euskal lerroetan matrikulatzen diren ikasleek? Zergatik ez dute ezertxo ere euskaraz entzuten, ikusten eta batez ere irakurtzen hizkuntza horretan ondo trebatutako askok? Zergatik egiten diete seme-alabei (eta txakurrari) euskarazguraso euskaldunek eta euren artean erdara hutsean ibiltzen dira? Zergatik ez diete inoiz entzun gazte euskaldun askok Zuberoako euskaldunei hitz egiten hainbatetan Irlandan egonda daudenean ingeles ikastaroak egiten?

Ad nauseam jarrai genezake antzeko galderak egiten. Hizkuntzalaritzak eta euskalgintzak berak nahi beste azterketa eta gogoeta sakon aurkeztu digu azken hamarkadetan. Ni ez naiz aditua gai horretan, argi gera dadila. Nire bizitzako esperientziak eta, nolabait esatearren, sen onak, gauza batzuk irakatsi dizkit, ordea, eta ondorio sinple bezain konplexu honetara heldu naiz: euskarari eusteko maitasuna egon behar da; hori da giltza.

Maitasuna era askotara azaldu daiteke, denboraren eta egoeraren arabera. 60ko eta 70eko hamarkadetan euskaldundu ginen erdaldunok, adibidez, abertzaleak ginen. Maitasun militantea zen hura eta, batez ere, lagunen abaroan euskalduntzen ginen. Kaleko giroari esker ikasi zuen euskara erdaldun andana batek, seme-alabei transmititu, eta gaur egun euskaraz bizi da, bete-betean. Harrigarria, egungo ikuspegitik begiratuta. Maitasun militante hori, euskaldunen kasuan, etxean hasten zen. Noizbait irakurri diot Ramon Saizarbitoriari haurtzaroan aitak entzunez gero umeak gaztelaniaz hitz egiten, ukabilkada bat ematen zuela mahai gainean oihukatuz: «Euskeraz, mecagüendios!».

Gaur egun, nola edo hala, batzuetan bide zeharo malkartsua eta oztopoz betea izanik ere, Euskal Herri osoan ikasi daiteke euskaraz hitz egiten. Eta ikasi egiten da. Euskararen aldeko mugimenduak urrats erraldoiak eman ditu kaleratutako diskurtsoan euskara erakargarri gerta dakion erdaldun jendeari, eta erakundeekin gero eta harreman estuagoak ditu helburu hori betetze aldera. Bilakaeraren adibideetako bat da Euskaraldia, euskal hizkuntzarekiko jarreretan eragin nahi duena. Euskaltzaleek ez dute bilatzen, dagoeneko, abertzaleen bulkada militanterik. Are gehiago, indar handia ipintzen da euskara ezein aukera politikotatik at kokatzeko; despolitizatzeko, alegia. Ondo egina, nire uste apalean; euskara euskal herritar guztion ondare kultural modura ulertuta bakarrik lortuko baitira aurrerapauso esanguratsuak.

Alta, arazo handi bat ikusten dut nik hemen. Bulkada politikorik ezean, nolabaiteko lotura emozionala egon behar da arestian aipatu ditudan jarrera batzuei erantzun egokia aurkitu ahal izateko. Zergatik? Askoz errazagoa delako gaztelaniaz (edo frantsesez) bizitzea, Euskal Herriko leku gehienetan behintzat. Eta, aldez edo moldez, lotura emozional hori hitz batean laburtzen da: maitasuna. Euskara nolabaiteko obligazio gisa edo eskakizun profesional huts bezala ikusten duenak ezin du transmititu euskararako zaletasunik, berak ere ez duelako gozatzen hizkuntzarekin. Seme-alabek ozta-ozta jakingo dute nor den Maialen Lujanbio. Ez dute Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat nobela irakurriko, plazer hutsagatik. Txikitan, ez dute barre egingo Harkaitz Canoren Itsasoa etxe barruan ipuinarekin. Eta nagusiak direnean, ez dira izango BERRIAren harpidedun. Ez dituzte arakatuko Ruper Ordorikaren kanten hitzak esangura bila eta ez dute gozatuko Aitziber Garmendia aktorearen bakarrizketekin edo Adur Larrearen komikiekin.

Horrexegatik ere, euskara maitatzenez zaielako irakatsi, hala moduzko euskara egiten dute gazte askok, egitekotan ere… Orain, nola lortuko dugu euskaldunok euskararekin maitemintzea? Nork bere gogoeta egin dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.