Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Sasibill Lirika elkarteak 'La leyenda del beso' zarzuela taularatuko du

Donostiako Viktoria Eugenia antzokian oholtzaratuko dute obra, larunbatean eta igandean
Sasibill Lirika elkarteko arduradunak, emanaldia aurkezteko prentsaurrekoan, joan den astean.
Sasibill Lirika elkarteko arduradunak, emanaldia aurkezteko prentsaurrekoan, joan den astean. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Delgado Aldabaldetreku -

2021eko irailak 9

«Bi urteko isilune luzearen ostean», Sasibill Lirika elkartea agertokietara itzuliko da asteburu honetan, 2019an Luisa Fernanda zarzuelaren azken emanaldia egin ostean. Elkarteko kideek La leyenda del beso zarzuela interpretatuko dute, larunbatean eta igandean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Bi emanaldietarako sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eta antzokiko leihatiletan eros daitezke.

COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz, joan den urtean taldearen jarduera eten egin behar izan zutela azaldu du Daniel Miguel Sasibill Lirika elkarteko arduradunak, «murrizketak, ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna» zirela eta. Orain, urte eta erdi geroago, oholtzara bueltatzeko aukera izango dute, eta pozik agertu da Miguel, azkenean iritsi zaielako horretarako garaia: «Guretzat garrantzitsua zen obra hau aurrera eramatea eta publikoaren aurrean antzeztea. Azkenean, aukera izango dugu, eta poz are handiagoa izango da Donostian egingo dugulako».

Elkarteko arduradunaren hitzetan, taularatuko duten obra «klasikoa» eta «genero lirikoaren barruan oso garrantzitsua» da. Josean Garcia eszena zuzendariak «zorrotza baina muntaketa xumea» duen obra bat dela gehitu du, eta «pasioa, jeloskortasuna, komedia eta drama» batzen dituela. Gainera, azaldu du «orkestraren aberastasunagatik» eta «ahotsen trataera sakonagatik» nabarmentzen dela. Libretoari dagokionez, «dramatismo handiko uneak eta tarte komiko dibertigarriak» uztartzen ditu, Garciaren iritziz.

Zarzuela bi ekitaldik osatzen dute, eta ekitaldiok hiru agerralditan banatuta daude. Libretoa Enrique Reoyo, Jose Silva Aranburu eta Antonio Pasorena da; musika, berriz, Reveriano Soutullo eta Juan Vert musikariek idatzitakoa. 1924an estreinatu zuten, Madrilgo Apolo antzokian.

Obrak Mario noblearen istorioa kontatzen du. Hark ezkongabeko agur bat ospatuko du jauregi zahar bateko lorategietan. Ijito tribu batek bere lurretan kanpatzeko baimena eskatuko dio, eta baietz erantzungo die. Ijitoetako batekin «liluratuta» geldituko da Mario, Amapolarekin, hain zuzen ere. Baina ez daki emakumeak madarikazio bat duela gainean: muxuaren kondaira.

75 pertsonatik gorako talde batek parte hartzen du obran, eta, hainbeste partaide izanik, egoera honetan obra prestatzeko arauak «zorrotz» jarraitu behar dituztela gogoratu du eszena zuzendariak: «Aktoreek agertokian bakarrik kenduko dute maskara. Haatik, elkarrizketa motzak dituztenek maskara jantzita eduki beharko dute beti». Koruko kideek araututako metro eta erdiko distantziari eutsiko diote, eta maskararekin abestuko dute; orkestrako 26 kideak, berriz, agertokiaren beheko aldean izango dira.

22 urteko ibilbidea

Sasibill Lirika elkartea Josean Garciak sortu zuen, 1999an, Donostian zarzuela sustatzeko asmoarekin, eta, orain arte, 350 ekoizpen baino gehiago daramatza eginda. 2002ko eta 2003ko Donostiako Musika Hamabostaldietako inaugurazio kontzertuetan parte hartu zuen. Kursaal auditoriumean ere egona da, Katiuska, El Caserio, La del Manojo de Rosas, Bohemios eta Marina zarzuelak interpretatzen. Bestalde, orkestra askorekin aritu da lanean: Donostiako Sotto Voce orkestrarekin, Valentziako Llanera orkestra sinfonikoarekin eta Barakaldo Antzokiko lirikarekin, besteak beste.

Zuzendariei dagokienez, puntako profesionalekin lan egin du elkarteak: Jose Antonio Irastorzarekin, Montserrat Fontekin eta Tulio Gagliardorekin, esate baterako. Gainera, lirikaren munduan garrantzitsuak diren artistak bildu ditu; horien artean daude Miren Urbieta, Amparo Navarro, Andeka Gorrotxategi eta Marife Nogales.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

«Ez dakit hau zerbaiten aurrekaria izango den; nahiko nuke»

Ane Eslava

Anarik kontraste handiko single batean bildu ditu bi kantu: Nacho Vegasen 'Vinu, cantares y amor'-en bertsio bat, «himnotzat» duena, eta, 'Efemerideak, kontzertuetan jotzen duena baina grabatu gabea zuena'.
 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera
Iban Zaldua, atzo, <em>Nola izan garen gauza</em> liburua eskuetan hartuta. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Gauzaren» bueltako obra oso bat

Andoni Imaz

Iban Zalduak euskal gatazkaren inguruan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du: 'Nola izan garen gauza'. Erein etxeak eman du argitara
Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.