Muriel Boxen lan guztiak emango ditu Zinemaldiak

Zinema jaialdiak atzera begirakoa eskainiko dio zuzendari ingelesari, eta hark zuzendutako 28 film luzeak proiektatuko dituzte Donostian

Erredakzioa
Donostia
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Donostiako 66. Zinemaldiak atzera begirakoa eskainiko dio Muriel Box zinema zuzendari eta gidoigileari (Surrey, Ingalaterra, 1905-Londres, 1991). Hark idatzi eta zuzendu zituen 28 film luzeak emango ditu jaialdiak, ohar baten bidez atzo jakinarazi zuenez.

Nagusiki 1945. eta 1964. urteen artean landu zuen Boxek bere obra, eta haren ezaugarri nagusia izan zen gai konplexuak edo tabu zirenak jorratzea, hala nola prostituzioa, adingabeei eginiko abusuak, abortua, seme-alaba ez-legitimoak nahiz nerabeen arteko sexu harremanak. Filmok egin zituen testuinguru sozial eta politikoa aintzat hartuta, ausartzat jo da haren begirada. Eta funtsezkotzat hartzen da haren ekarpena 50eko eta 60ko hamarkadetako zinemagintza ingelesean.

Boxek script lanetan hasi zuen bere ibilbidea. 1940. urtean, Bigarren Mundu Gerra betean, Verity Films ekoiztetxea sortu zuen Sydney Box senarrarekin —haren ahizpa Betty Boxen laguntza izan zuten—, gerra propagandako film laburrak finantzatzeko. Gerraren ostean, Gainsborough Pictureseko gidoigintza ataleko ardura hartu zuen, eta orduan zuzendu zuen The Lost People (1949). Bi urte geroago, Sydney Boxek London Independent Producers sortu zuen, eta «ez zineman ez gizartean ongi ikusiak ez zeuden hainbat gai» landu zituen, ia beti berak eta senarrak idatzitako gidoiekin.

Boxen obra zinema independentean sailkatu ohi da. Genero ugari landu zituen, tartean komedia —To Dorothy a Son (1954), The Truth About Women (1957) zein Rattle of a Simple Man (1964)—, drama —The Beachcomber (1954), This Other Eden (1959) edota Too Young to Love (1960)— eta zinema poliziakoa —Street Corner (1953), Eyewitness (1956) nahiz Subway in the Sky (1959)—.

1946an, jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen, senarrarekin batera idatzitako The Seventh Veil filmagatik. Bera izan zen sari hori irabazi zuen bigarren emakumea; Frances Marion izan zen lehena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.