Bost buru eta harri bat Orekan

Harrizko txalaparta da Oreka TX-ren 'Koklea' diskoaren ardatza. Bost hizkuntza entzun daitezke bertan. Laugarren lana du boskoteak
MAIALEN ANDRES / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko azaroak 29

Data bat: 1997a. Urte hartan sortu zuten Oreka TX txalaparta taldea Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Igor Otxoak. Kopuru bat: lau. 22 urteko ibilbidean taldeak argitaratu dituen diskoak. Laugarrena, Koklea, atzo aurkeztu zuten, Donostiako Taba kafetegian. «Ez gara urtero edo bi urtean behin diskoa egiten duten horietakoak. Disko baten eta hurrenaren artean beste hainbat eta hainbat lan egin ditugu», esan zuen Martinez de San Vicentek. Eta baten eta hurrenaren artean badirela aldeak: «Hasierako Quercus endorphina hartan, Kepa Junkera izan zen produktorea, eta pixka bat haren esanetara aritu ginen. Nomadak TX gure bidaiaren konposizioak izan ziren, tokian-tokian topatzen genuenarekin. Silex-ek eta honek antz handiagoa dute, seguruenik». Silex-en alde harmoniko eta melodikoa aurki daiteke Koklea-n, nabarmendu zuenez. Nomadak TX diskotik ere badu zerbait inportantea, baina: «Proiektu hartatik jasotako beste herri batzuetako gure lagunen parte hartzea».

Hala, disko berrian parte hartu duten abeslarien artean daude, Thierry Biskari euskaldunaren ondoan, Mendebaldeko Saharako Aziza Brahim, Galiziako Monica de Nut, Okzitaniako San Salvador taldea eta Japoniako Emi Toko. Bakoitzak bere hizkuntzan kantatu du, «hizkuntzon sonoritatea diskoan jaso nahi bat» izan dutelako taldea osatzen duten bost kideek. Denak agertu ziren atzo Martinez de San Vicenterekin batera: Mikel Ugarte (txalaparta), Mixel Ducau (alboka, saxoa, klarinetea eta gitarra), Iñigo Egia (perkusioa) eta Juanjo Otxandorena (buzukia eta mandolina).

Txalapart etxearekin argitaratu dute hamalau kantako diskoa. Grabaketa lanak Oh Brother estudioetan egin dituzte. Nahasketa eta masterizazioa, berriz, Musik'art Proyect estudioetan. Kanta horietako bat interpretatuz hasi zuten atzoko aurkezpena, eta lan berriaren inguruko azalpenak etorri ziren gero.

Kiribilean

Hitz bat: kiribil. Kiribil bat ageri da, izan ere, Koklea-ren azalean. «Ikusiko duzue, aurreko hiru diskoetan ez bezala, txalapartarik ez dela ageri disko honetako azalean. Fisikoki ez dago, baina gure eskuak hor daude, makila hartzeko keinuan; eta, gure eskuen gainean, Fibonacciren kiribila. Kiribil horrek eraman gaitu disko honen kontzeptura». Txalaparta jotzearen, txalapartaren beraren unibertsoaren nolabaiteko irakurketa matematiko batera. Beste kiribil bat: koklea. «Belarrian daukagun hezur kiribil bat da koklea, eta hezur horretan gertatzen da uhin mekanikoen transformazioa soinura».

Hala, eskuetako Fibonacciren kiribilarekin abiatutako txalaparta bidean, koklearenak jasotzen eta bihurtzen du ttakuna musika. Kiribilaren zirkulua itxi arte. Txalaparta jotzearen, txalapartaren beraren unibertsoaren nolabaiteko irakurketa fisiko bat. Kolektiboa. «Taldeak garrantzi handia dauka disko honetan, talde soinua eta talde izaera ondo islatzen dira bertan. Hamabi urte daramatzagu elkarrekin, eta soinu propioa daukagu jada. Horregatik, boskote formatuan defenditzeko asmoarekin sortu dugu Koklea».

Mikel Ugarte, taldeko beste txalapartaria, bat etorri zen Martinez de San Vicenterekin. Sormenaren bihurrikeriak aipatu zituen: «Sortzen hasteko behar edo momentua ailegatzen da tarteka, eta guri ere ailegatu zaigu tenore hori». Eta disko hau ardaztu duen osagai ezinbesteko bat bada, bere ustez: «Harrizko txalapartatik abiatu dugu sormena. Abesti batzuk oso Oreka dira. Beste batzuetan, testura eta atmosfera erritmikoak sortzen saiatu gara, azaleko formula matematikoen gure interpretazio moduan. Nire ustez, urrats bat aurrera egin dugu txalaparta arloan lan honekin. Eta talde gisa ere bai». Taldeari aukera berriak ireki dizkiolako. Ados agertu zen Mixel Ducau taldekidea: «Harrizko txalapartekin, harmonikoki eta melodia aldetik askoz definituago behar du egon guztiak. Juanjo harmonietan, Iñigo erritmoetan eta ni melodietan, zerbait koherentea sortzen entseatu gara denon artean. Harriak lan gehiago eskatzen du, baina merezi izan du».

Taldeko bi txalapartariek ondutakotik abiatuta, betiere. «Lan mardula, bereziki, Mikeli eta niri egokitzen zaigu», kontatu zuen Martinez de San Vicentek. «Denbora asko ematen dugu Txokoaldeko [Usurbil, Gipuzkoa] tren geltokian. Hori dugu lantokia, eta hor sortzen dugu kantuaren nolabaiteko bizkarrezurra. Gainontzekoa, gainontzekoen ekarpena da». Eta kantuak «bukatu-bukatu», estudioan bukatzen dituzte. «Ideiarekin joan, eta estudioan bertan eraikitzen ditugu piezak».

Beren eraikin kiribilduaren lehen lagina datorren ostegunean erakutsiko dute, Durangoko Azokako Ahotsenean, 16:20ean. Eta Andoain (Gipuzkoa), Altsasu (Nafarroa), Barakaldo (Bizkaia), Mutiloa (Gipuzkoa) eta Noainen (Nafarroa) lotuak dituzte jada emanaldiak. Uda arte aritu nahi dute aretoz areto. Uztailetik aurrera, berriz, kalean eman nahi dituzte kontzertuak. Diskoko beste kanta bat joz itxi zuten atzoko aurkezpenaren kiribila.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Pertsona bat terraza batean eserita, Bilbon. ©Aritz Loiola / FOKU

Kasuek nabarmen egin dute gora Hegoaldean: 932 positibo

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Guztira, 12.746 PCR proba egin dira, eta egindako proba guztien %7,31k eman dute positibo. Nafarroan bi pertsona hil dira azken orduetan, eta Bizkaiko zahar etxeetan hiru egoiliar.

Osakidetzako protesta, atzo, Donostiako Amara Berriko osasun zentroaren aitzinean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Osakidetzako «sakoneko arazoei» heltzeko eskatu dute sindikatuek

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Protestak egin dituzte lehen arretako zentroetan. Langile gehiago eskatu dituzte, eta murrizketetan «galdutakoa berreskuratzea». Osasun Sailak dio «benetako konpromisoa» duela «sendotzeko»

Ikasgela huts bat Hernanin, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Gero eta ikasle gehiago daude bakartuta ikastetxeetako kasuengatik

Uxue Rey Gorraiz

Jaurlaritzak esan du 80 ikasgela gehiago itxi dituela; ia 300 daude itxita Hegoaldean. Nafarroak laguntza emozionala emanen die ikasleei

Musukoek begiak estaltzen dituzten garai hauek

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna