Albistea entzun

Hirurogei argazki musikatu

Stuart MacDonalden 'Argazkilari baten soinuak' erakusketa ireki du Gasteizko Amarika aretoak
Stuart MacDonald argazkilariak <em>Argazkilari baten soinuak</em> erakusketa sortu du; Gasteizen dago ikusgai.
Stuart MacDonald argazkilariak Argazkilari baten soinuak erakusketa sortu du; Gasteizen dago ikusgai. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iraia Vieira Gil -

2023ko ekainak 10

Hamar urterekin hasi zen Stuart MacDonald argazkiak ateratzen, eta, ordutik, kamera du bidelagun eta ofizio. Musika festibaletako argazkiak egiten eman ditu azken hogei urteak, eta, orain, urte horietan ateratako zenbait irudi aukeratu ditu Gasteizko Amarika aretoan erakusteko. Argazkilari baten soinuak du izena erakusketak, eta Dave Grohl, Taylor Hawkins, Juliette Lewis, Maika Makovski eta Iggy Pop dira protagonistak. MacDonaldek bizitako anekdoten testuek laguntzen dituzte argazkiak, eta horiek irakurtzera animatu du artistak publikoa: «Nire bizitza profesionalaren eta pertsonalaren parte diren irudiak eta artistak dira guztiak». Ekainaren 25era bitarte egongo dira ikusgai irudiok.

Horrez gain, erakusketa osatzen duten beste hainbat artxibo aukeratu ditu MacDonaldek Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean jartzeko. Erakusketara eraman dituenak baino txikiagoak dira tamainaz, baina artistaren ibilbidea ulertzen laguntzen dute. «Lehenengo pisuan, Azkena Rock festibalean aurten abestuko duten eta Jazz jaialdian jo zuten artisten argazkiak daude, baita festibaletan lan egiten dutenen argazkiak ere». Bigarrenak, bestalde, 2004 eta 2022 bitartean Azkena Rocken egindako irudiak biltzen ditu. Testurik ez dute alboan, baina QR bat dute guztiek, irudi bakoitzean agertzen den artista zein den asmatzeko. Artista gehien asmatzen duenak argazkilariak berak sinatutako irudi bat eta liburu sorta bat lortuko ditu. Uztailaren 31ra bitarte egongo da ikusgai.

Irudien aukeraketa egitea zaila izan da MacDonaldentzat, eta aitortu du inoiz ez dela erraza horrelako erakusketak prestatzea. «Oraingoan, behintzat, argi nuen zein artista jarri nahi nituen, haiekin harreman berezia dudalako, baina ez nekien bakoitzaren zein argazki hautatu». Behar bezalako kalitatea ez zutelako baztertu zituen batzuk, eta nahi baino zaharragoak zirelako beste asko. «Ezin dut, ordea, askoz gehiagorik aipatu; nire argazkiek beren kabuz hitz egiten dute».

Guztira, hirurogei argazki erakutsiko ditu artistak Argazkilari baten soinuak erakusketan. Horrez gain, Gasteizko San Francisco kalean, Apolo tabernan zehazki, Women to the front proiekturako atera zituen argazkiak ere izango dira ikusgai, eta, MacDonaldek berak adierazi duenez, horiek ikusteko «azken aukera» izango da. Urtebete eman zuen lan hori prestatzen, eta musikan aritzen diren emakumeei ikusgaitasuna emateko helburua du. «Horrekin amaitu nuenean, zerbait desberdina egiteko nahia sortu zitzaidan, eta horrela jaio zen Argazkilari baten soinuak».

Arabako Foru Aldundiak antolatu du erakusketa hori, eta xede nagusia izan da Gasteizko herritarrei musika gerturatzea, hain «bereziak» diren egunetan. Hilaren 9an hasiko da, hain zuzen, Azkena Rock jaialdia, eta hori izan da MacDonalden argazkiak erakusteko aitzakia nagusia. Ana del Val Kultur eta Kirol saileko diputatua: «Ez dugu kasualitatez aukeratu MacDonalden argazkiak erakusteko data». Gainera, erakusketa ez da rock festibalaren harira antolatu duten ekintza bakarra. Izan ere, ekainaren 14an, The Brontes taldeak kontzertu bat emango du Ignazio Aldekoa kultur etxeko kargalekuan, 19:30ean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

1 ©JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Hogei urtez galdutzat jotako Artozkiko artelan batzuk 'solidarioen' eskuetan dira

Ainhoa Sarasola

Herria Itoizko urtegitik defendatzeko, erakusketa bat egin zuten 2003an, baina etxeak suntsitzeaz bat galdu zen obren arrastoa. «Modu anonimoan» helarazi dizkiete orain haietako batzuk. Bihar emango dituzte azalpen gehiago, Iruñean

Jaione Camborda zinemagileak Claire Denis epaimahaiko buruaren eskuetatik jaso zuen Urrezko Maskorra. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Jaione Cambordaren 'O corno'-k irabazi du 71. Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Emakumeak protagonista dituen lanarekin, Donostiako 71. Zinemaldiaren sari nagusia eskuratu du zinemagile donostiarrak. Isabella Eklof suediarraren 'Kalak'-ek Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du
Carolina Markowiczen <em>Pedágio</em> filmaren irudi bat. ©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...