Durangoko 53. Azoka

Bizitzak harilkatzeko dohaina

Mikel Laboaren bizitza eta obra aztertu ditu Josune Albisuk 'Non dago Mikel Laboa?' liburuan

Non dago Laboa? liburua aurkeztu zuen Josune Albisuk, atzo, Durangoko Azokan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Durango
2018ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Sormenaren errezeta aletu du Josune Albisu EHUko irakasle eta ikerlariak. Osagaiak balira bezala bota du zerrenda, banan-banan. Lehena: «Mikel Laboa, pertsona. Bere ahulezia eta sentimenduekin». Bigarrena: diziplina. «Musika lantzen zuen Laboak». Eta, azkena: «Eremu kritikoa edo sorkuntza prozesuan egindako bidea». Hiru osagaiak nahastea ezinbestekoa da sormena azaltzeko, Albisuren hitzetan. «Mihaly Csikszentmihalyi psikologo sozialak eman zuen sormenaren definizioan oinarritu naiz. Hark ez zuen sormena zer den galdetzen, sormena non dagoen aztertzen zuen». Bide beretik jo du EHUko ikerlariak ere, eta Csikszentmihalyiren galderari tiraka ondu du Non dago Mikel? (EHU) liburua. Atzo egin zuen lanaren aurkezpena, Durangoko Areto Nagusian. Hilaren 1a ekarri du gogora Albisuk. «Hamar urte bete ziren Laboa ezkutatu zitzaigula». Ezkutatu aditza erabili du ikerlariak, «bizi delako oraindik».

Musika eta sorkuntza. Bi-biak izan ditu aztergai. «Zer gertatuko litzateke musika isilduko balitz?». Isilunea. «Imajinatzen duzue mundu bat musikarik gabekoa?». Komunikaziorako tresna gisa definitu du Albisuk musika. «Gure emozioak eta sentimenduak kudeatzen ditugu harekin, eta hitzez esan ezin duguna esaten laguntzen digu. Gizartearen kohesioan, eraikitzaile eta eratzailea da: subjektibotasun berriak sortzen ditu eta baita identitate indibidual eta kolektiboak ere». Musikan bide bat zabaldu zuen Laboak, eta haren doinuak hartu ditu lana ardazteko. «Bere bizitza etengabeko inprobisazioa da».

Harreman sarea

Harilkatzen zekien Laboak. «Sareak josi zituen; sortzaile moduan, musikarien arteko harremanak landu zituen, eta belaunaldi ezberdinekin nahasi zen». Eremu askotariko jendearekin elkartzeko gaitasuna aitortu dio Albisuk Laboari. «Aurreiritzirik gabekoa zen; irekia». Artistaren «barneko eta kanpoko erreferentziek» Laboarengan izan zuten eragina azaltzeko, autore eta sortzaile sorta aipatu du, jarraian. «Haurren neuropsikiatra izan zen, eta, zentzu horretan, asko irakurri zuen Jean Piaget. Asko edan zuen hortik. Berdin Bertolt Brecht ere: besteak beste, gai sozialak lantzeko poesia jaso zuen harengandik. Johann Sebastian Bach konpositorea eta Jose Gonzalo Zulaika Aita Donostia. Orotariko musika entzuten zuen».

Barnean gordeak zituenak dira horiek guztiak, baina eguneroko sareetan ere egin du indar. besteak beste, Marisol Bastida emaztea, Luis Llach abeslari katalana eta Rafael Ruiz Balerdi eta Jose Luis Zumeta margolariak aipatu ditu. «Harreman sarea elikatzen zuen, etengabe. Ez Dok Amairu taldea ere hor dago, zazpi urte eman zituzten elkarrekin, eta elkar aberastea ere bazen beren helburua». Iñaki Salvador piano jotzailearen figura nabarmendu du. «25 urte eman zituzten elkarrekin, eta zortea izan zuen Laboak Salvadorrekin. Hark ulertu baitzuen errespetatu behar zituela Laboaren ahotsa eta gitarra jotzeko modua, akademiaren kontra bazen ere». Bastida ere izan du ahotan. «Ezin da Mikel Laboa ulertu Marisol Bastida gabe: bere managerra, kritikaria, emaztea, laguna... izan da».

Harremanak saretu zituen, baina musika ere harilkatu zuela azpimarratu du EHUko irakasleak. «Hiru ildo josi zituen: abesti tradizionalak, garaikideak eta esperimentalak». Eta gehitu dizkio ezaugarri gehiago. «Arte diziplinak ere elkartu zituen».

Zumetak Laboari egindako erretratuaren irudia erakutsi du: aurpegi erdia horiz margotu zuen Zumetak, eta kolore ilunak eman zizkion Laboaren aurpegiaren beste erdiari. «Marisolek [Bastida] eta beste askok begietan jartzen dute fokua argazki hau begiratzean. Irudia ikustean diote begi bat zuhurra zuela Laboak, eta, bestea, ero puntu batekin. Nik erdiko marra zuria ikusten dut, ezer baino gehiago: argia eta itzala bereizten diren lekua. Hor ibiltzen jakin zuen Laboak, eta horra eraman gintuen gu ere. Eta ez da erraza, espazio berean, kolore guztiak biltzea».

Horiek guztiak ikertu ditu Albisuk, eta aipatu ditu sorkuntza prozesuan musikariarengan eragina izan zuten aldagaiak. «Haurtzaroan euskara galdu zuen, eta hori beti izango du berarekin. Gernikako bonbardaketa ere behin eta berriz azalduko zaio, eta etxean jasotako musika zaletasunak berebiziko garrantzia izan zuen bere sorkuntza prozesuan». Askatasunean sortzen zuela azpimarratu du. «Nahi zuena lantzen zuen, baina behar batetik abiatzen zen beti: mundu justuago bat eraiki nahi zuen». Jolaserako zuen ohituran egin du geldialdia, gerora. «Benetakotasuna da, akaso, duen ezaugarririk nabarmenena. Benetan egin zuen egin zuena, eta arriskatu egin zen. Horregatik irauten du oraindik ere bere lanak. Utzi duen arrastoa nabarmena da. Norberak bere ahotsa aurkitzeko bidea zabaldu zuen».

Abeslariaren Hegazti errariak kantuarekin borobildu du solasaldia. «Hegazti errariak/ pausatu dira/ leihoan/argia eta itzala/ bereizten diren lekuan/ argia eta itzala/ leihoan/ pausatu dira/hegazti errariak». Errepikatu du. «Argia eta itzala bereizten diren lekuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.