Donostiako 69. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera

Pintura fotogramaz fotograma

'La traversée' Florence Miailhereren animaziozko lehen film luzeak migrazioaz dihardu

Florence Miailhereren La traversée filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Horma bete marrazki, pintzel poteak, margo orbanak eta kamera aurrerantz margolari baten lan gelan, harik eta mahaira heldu, koadernoa fokuratu eta barrura sartzen den arte. Hor hasiko da kontakizuna: Kyona eta Adriel anai-arreben ihesaldiarena, guraso, senide eta beste ehunka herritarrekin Novi Varna herrixkatik alde egin, eta leku seguru batera heltzeko zeharkaldi latzarena. Latz baina koloretsuarena. Pintura animatuz kontatu baitu haien istorioa Florence Miailhe margolari eta zinemagileak (Paris, 1956) La traversée-n (Zeharkaldia). Zabaltegi-Tabakaleran erakutsiko du egunotan, pozik, espezifikoki animaziozkoa ez den jaialdi batera heldu delako filma: «Animazioak oraindik baduelako soilik umeentzat den ospe okerra».

Miailhek hiru hamarkada daramatza animazioan lanean, baina hau da zuzendu duen lehen film luzea. Herenegun gauean egindako aurkezpenean azaldu zuenez, Alemanian, Frantzian eta Txekian talde bana aritu da pelikula ontzen; «jende gutxi», hala ere. 600 dekoratu sortu behar izan zituzten. «Sekulako lana izan da. Txekiako taldean, esaterako, bost lagun aritu ziren, hemezortzi hilabetez, animazioa zuzenean kamera gainean egiten. Bakoitzak, batez beste, filmeko bi segundo egin zituen eguneko».

Zuzendariak aspalditik zuen gogoa «izaera piktorikoko» film bat egiteko. «Disneytik eta mangen mundutik urrun, Caroline Leaf eta Yuri Norshtein bezalako egileengandik gertu». Ikusle batek aipatu zion La traversée-n Henri Matisse eta Paul Gauguinen eraginak suma zitezkeela, eta zuzendariak ontzat jo zituen. Inspirazio iturri berezi bat ere aitortu zuen, ordea: «Nire amaren irudiena. Margolaria zen hura ere, eta haren irudi batzuk sartu ditugu; 15-18 urte zituenekoak».

Bi menderen oihartzuna

Zuzendaria Marie Desplechinekin aritu da idazketan. Migrazioez jardun nahi zuten, azken urteetan auzia larriagotuz joan dela ikusita, baina gogoan hartuta historian aurretik egon diren beste zenbait lekualdatze behartu. Zuzendariak oroitu zuen bere birramonak ere, 1905ean, Odesatik (Ukraina) ihes egin behar izan zuela —judua zen—. Miailhe: «Animazioa egitea mundu oniriko batean sartzea da, pintura animatua egitea; errealitateaz hitz egiteko beste modu bat da. Horrek denboraz kanpo aritzea baimendu digu: oihartzun bat sortzea XX. eta XIX. mendeen artean».

Finantzaketa kostata lortu ostean — «gurean beti da traba ez jakitea nori zuzendutako lanak diren»—, azken lau urteetan aritu dira buru-belarri filmarekin. «Planoak apurka heldu dira,eta gaztelua eraiki da, oso pixkanaka». Etxea indarrez utzi behar izan dutenei eskaini diete filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.