Azkeneko ahalegina, zailena

Bera Berak 34-28 galdu zuen Errumanian joanekoan, eta gaur kanporaketa irauli nahi du Donostian, Europako Ligan aurrera egiteko

Ainhoa Etxeberria, jaurtitzeko prest, joan den larunbatean Errumanian jokatutako joaneko partidan. BERA BERA.
Julen Etxeberria.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Bera Berari partida bakarra falta zaio urtea bukatu aurretik. Azken ahalegina da, baina zailena ere bai. Donostiako taldeak sei golen aldeaz galdu zuen duela astebete, Errumanian, Ramnicu Valcearen aurka, Europako Ligako hirugarren kanporaketako joaneko partidan: 34-28. Beraz, kanporaketa irauli behar du itzulikoan ligaxkarako sailkatu nahi badu. Gaur da partida, arratsaldeko lauretan,Josean Gaska kiroldegian (ETB1).

Iraganak dio Bera Berak oso gutxitan egin dituela halako balentriak Europako lehiaketetan. Zortzi aldiz galdu du sei gol edo gehiagoren aldeaz joanekoa etxetik kanpo, eta horietatik behin bakarrik izan da gai kanporaketari buelta eman eta sailkatzeko. Duela zortzi urte izan zen, Errekopako final-zortzirenetan. Sekulakoa egin zuten donostiarrek orduko hartan: hamabi golengatik galdu zuten joanekoan Polonian, Vistal Laczpol Gdyniaren kontra (32-20), baina itzulikoan, etxean, alde berarengatik irabazi zuten (29-17), eta gol aldeari esker egin zuten aurrera. Oso noizean behin gertatzen dira halakoak, baina pasatzen dira, eta horri heldu behar diote.

Baita beste helduleku bati ere: joanekoan euren maila eman zutenean gai izan zirela Valceari nagusitzeko. Sei golen aldea izan zuten lehen zatian —1-7 eta 6-12—, baina bigarrengoan behera egin zuten nabarmen. Errumaniarren 5-1 defentsak eta Glibkoren eta Elghaouiren golek min handia egin zieten —hemezortzi sartu zituzten bien artean—. Errumaniarrak beste horrenbeste egiten ahaleginduko dira gaur, baina seguru Bera Berak prestatu duela zerbait horri aurre egiteko. Ikusteko dago lanak fruitua emango duen.

«Lehiatzea da lehen xedea»

Sei golen aldea da irauli beharrekoa, eta, Imanol Alvarezen arabera, «erronka zaila» da hori, baina «polita» aldi berean. Bera Berakoentrenatzaileak garrantzi handia eman dio «pazientzia» izateari eta kontrako aldearekin «ez itsutzeari». Argi ditu lehentasunak: «Lehenbizi, lehiakorrak izan behar dugu; eta, gero, aurretik jarri, bizpahiru gol-edo. Hori eginez gero, edozer gerta daiteke. 60 minutuk askorako ematen dute. Parisen ikusi zen hori».

Horretarako, «ondo» aritu beharko dute:erasoan, «eraginkor», eta defentsan, «sendo». «Gogotsu» ikusten ditu jokalariak, eta «apur bat minduta» ere bai, lehen zatian ondo aritu ondoren bigarren zatian behera egin baitzuten. Zaleak animatu ditu: «Denon laguntzarekin, egun historikoa izan daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.