IRLEN SAREA

Erantzun beharra dago

gorka julio
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«Hezkuntza Sailak Workspace for Education erabili nahi du EAEko mendeko ikastetxeetan». Hori esaten duen hitzarmen bat sinatu berri du Eusko Jaurlaritzak. Horrekin, pribatizazioan sakondu eta hezkuntzan teknologien erabilera bestelako bat egitea zaildu nahi dute.

«Kontraprestazio ekonomikorik gabe», dio hitzarmenak, baina zerk bultzatu du Google horrelako zerbait sinatzera? Urrun dago Google irabazi asmorik gabeko erakunde izatetik, eta beraz ez da ulergarria horrelakorik sinatzea. Ikuspuntu kritiko batetik zergatik egin duen ikertzea dagokigu. Hiru aukera daude: jada kobratu du, kobratzera doa orain, edo etorkizunean egingo du. Ez dago besterik.

Dakigunagatik —datuak lortzea zaila izaten da, gardentasun falta handia baitago— 2022an, Hezkuntza Sailak 15,3 milioi euro emango ditu ikastetxe itunduek Chromebook eta Windows ordenagailu eramangarriak erosteko. Chromebookak, ez dakienarentzat Google tresnak bakarrik erabiltzera bideratutako ordenagailu mugatuak dira.

Bigarren aukera, nahiz eta kontraprestazio ekonomikorik izango ez duela esan, tresna horien inplementazioak eta formazioak dirua kostatuko da. Partner programa batean dauden enpresek bakarrik eman ahalko duten formazio horrek kostu bat izango du; denok ordainduko dugun kostu bat. Horrez gain, Chromebook bakoitzaren prezioan, jakin gabe ere familiek kanon bat ordaintzen diote Googleri.

Hirugarren aukera: laster ordainduko dugu. Lau urterako hitzarmen bat da, beste lau urterako luzagarria, eta horren ostean zer? Ehunka eskola eta milaka ikasle Google produktuak erabiltzera bideratuta izango ditugu. Orain ez bada ere, —ustez, datuen pribatutasuna ziurtatzen da— aurrerago datu horiek guztiak ustiatuko dituztela jakitun da Google. Ez ahaztu datuak direla etorkizun gertu batean balio gehien izango duten baliabideak... Hori gutxi balitz, lau (edo zortzi) urte ostean zer? Bere menpe gaudelarik, ordainpeko izango da? Baldintzak aldatuko dituzte?

Era batera edo bestera ordaindu beharko dugu, bai eta okerragoa dena, hezkuntzan ere teknologia burujabe, askatzaile eta osoago bat egiteko aukera zailtzeaz gain, pribatizazio bide berri bat irekitzen du honek. Erantzun beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.