Bi munduren arteko talka umoretsua

Txalo konpainiak 'Rita' antzezlana emango du gaur Tolosan. Willy Russellen testua moldatu, eta egungo testuingurura gerturatu dute
Joseba Apaolazak eta Aitziber Garmendiak jokatzen dituzte Frank eta Rita pertsonaia protagonisten rolak antzezlanean.
Joseba Apaolazak eta Aitziber Garmendiak jokatzen dituzte Frank eta Rita pertsonaia protagonisten rolak antzezlanean. DAVID VICENTE / TXALO KONPAINIA

Ainhoa Sarasola -

2019ko urtarrilak 18
Unibertsitateko literatura irakaslea da Frank, jada erretiroari begira dagoena. Rita, berriz, ile apaintzaile gaztea da, kultur munduaz askorik ez dakiena. Oraingoz. Gogoa piztuko baitzaio ikasteko, eta, hala, Frankengana joko baitu Ritak. Bi munduren arteko talkaren agertoki bihurtuko da irakaslearen bulegoa. «Eta hor sortzen den txispatik eta kontrastetik umorea ere sortzen dugu tarteka», azaldu du Joseba Apaolazak. Franken rola jokatzen du aktoreak Txalo antzerki konpainiaren Rita antzezlanean, eta Aitziber Garmendiak, berriz, ikaslearena. Begoña Bilbaok zuzendu du obra, eta, Aretxabaletan eta Lezon (Gipuzkoa) erakutsi ondotik, gaur Tolosan (Gipuzkoa) taularatuko dute, Leidorren, 20:30ean; igandean, berriz, Hondarribian (Gipuzkoa). Herriz herri ibiliko dira hortik aurrera; hogeitik gora emanaldi lotuak dituzte dagoeneko.

Gorpuzten duen pertsonaiaren izaeraz hainbat zertzelada eman ditu Apaolazak. «Unibertsitatean urte asko daramatza, eta erretiroari begira dago jada. Ez du askorik sinesten gaur egungo irakaskuntza molde berrietan». Poesiaren munduan ibili zen bere garaian, eta argitaratu zuen lanen bat. Alkoholaren menpe bizi da egun. «Nolabait, indarra galduz joan den pertsona bat da, neurri batean, alkoholaren eraginez... Bera konturatzen ez den zulo batean sartuta dagoela uste dut. Hori da pertsonaia honen abiapuntua, beste terremoto hori gerturatzen zaion arte». Rita da beste lurrikara hori, Garmendiak antzezten duen pertsonaia. «Oso pertsona bitala da, borrokalaria, emakumeen eskubideen aldekoa... Pertsona ausarta ere bada, bere bizimoduarekin erabat hautsi nahi duena eta kulturaren munduan murgildu nahi duena». Frankengana joko du orduan.

Komedia erromantiko gisa definitu daiteke obra, Apaolazaren ustez. Kulturaren inguruko eztabaidak ere tartekatzen dituela nabarmendu du. «Umore asko du, baina badu diskurtso bat ere, ez da txiste bat bestearen atzetik. Bi mundu oso ezberdinek talka egiten dute, eta uste dut hortik sortzen den dialektika interesgarria dela». Komedia da, beraz, baina ez komedia hutsa; badu garratzetik ere. Eta elkarren arteko harremanaren ondorioz, bilakaera bat izango dute bi pertsonaiek. «Ritak unibertsitateko mundua ezagutuko du, lagun berriak egingo ditu, eta pixka bat aldendu egingo da Frankengandik; horrek zeloak eta hor dauden beste emozio batzuk sortzen ditu». Ritak probetxuzko bide bat egiten du, aktorearen hitzetan; Frank, berriz, «zulo batean murgilduta» dagoela eta alkoholarekiko adikzioa zama bilakatu zaiola jabetzen da, eta bere bilakaeran eragina izango du horrek.

Egokitzapena

Willy Russellek duela lau hamarkada idatzitako Educating Rita antzezlanaren testua egokitu egin dute Txalo konpainiakoek. Apaolaza: «Testua hartu genuenean, konturatu ginen nahiko zaharkitua zegoela. Azken finean, badira 40 urte argitaratu zela eta gauzak, nola ez, asko aldatu dira. Hori gutxi balitz bezala, jatorrizkoan erabiltzen ziren erreferentzia literarioak guretzat ezezagunak ziren. Beraz, egokitzapen lan dezente egin behar izan dugu. Batetik, laburtu egin dugu, gure ustez oso luze zegoelako. Eta, bestetik, gerturatu egin dugu hemengo errealitatera, agertzen ziren erreferentzia literarioak ezagunak eginez». Talde lanean landu dute testua, aktoreak azaldu duenez. «Denok egin behar izan dugu geure ekarpena testua eraberritzeko». Emaitzarekin «harro eta kontentu» geratu direla gaineratu du.

Garmendiak bere aldetik egin behar izan dituen moldaketak ere nabarmendu ditu aktoreak. Izan ere, Rita bere hizkera aldatuz doa bere bilakaeran. «Iristen denean, erdarakada dezente erabiltzen ditu, bere hizkera ere halakoa da... eta, halako batean, beste batzuen eraginagatik, aldatu egiten du, eta zuzenago hitz egiten hasten da, bere euskara txukundu nahian». Bi aktoreak Uda gau bateko ametsa antzezlanean aritu ziren 2016an, baina orain arte ez zuten sekula «aurrez aurre» elkarrekin lanik egin. Gustura aritu da Apaolaza Garmendiarekin, eta haren gaitasuna goraipatu du.

Apaolazari berari ez zaio bereziki kosta izan bere pertsonaiaren larruan sartzea. Baina bere zailtasunak dituen rol bat dela ere aitortu du. «Alkoholarekiko adikzioa da pertsonaia honen ezaugarri bereizgarrietako bat, eta hori erakutsi behar da, baina tamainan». Bi pertsonaia besterik ez duen obra bat dela ere nabarmendu du. «Ez da ahaztu behar ia ordu eta erdi hor gaudela, bata besteari gauzak esanez, bestearen eskutik; elkar osatze handia eskatzen du horrek, eta exijentea da oso».

Franken bulegoan izango dira bien arteko elkarrizketak, «erabat errealista» den eszenografia batean. «Oso vintage-a da Franken bulegoa; hor ditu garai bateko kasete bat, idazmakina bat, telefono zahar bat, liburuz jositako apalak, tartean alkohol botilak ezkutaturik... joan den mendekoa da dena. Eszenografia polita da, eta jokoa ematen du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ainhoa Sarasola

Informazio osagarria