urtzi urkizu
KURSAALEKO ZUBITIK

Cowboyak

2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Fernando Leon de Aranoaren El buen patrón filmaren iragarki ugari daude hirian, haietako bat zubian bertan. Javier Bardem protagonista argazkian. Pelikulak aukera ematen du bi ordu barre algaraka pasatzeko ez da halakorik gertatu Sail Ofizialeko beste lanetan, eta pertsonaien artean dibertigarrienetakoa Fernando Albizu gasteiztarrak jokatutakoa da, lantokiko segurtasun langilearena photocall-ean Zorionak zuri kantatu zioten.

Susmoa dut Albizu ondo konponduko litzatekeela Jose Luis Murga eta Oier Martinez de Santos Kuartangoko (Araba) zinemagileekin. Haiek zuzendu zuten Algo más que morir westerna 2014an, eta film horren grabaketaren ingurukoak umore biziz jaso ditu Maider Oleagak Kuartk Valley dokumental jostagarrian. Kuartangoko herritar guztiek dute berezko grazia, eta Oleaga mimoz gerturatzen da haiengana. Lehen eszenatik sorrarazten du irribarrea ikus-entzulearengan, eta hori ez da beti erraza dokumental batean. Mugerza eta Martinez de Santos ezagutzeko aukera izan dut, eta argazki bat atera dut haiekin. Instagramen sareratuko dut: ez badiozue ematen atsegin botoiari, kontuz ibili... ea ez dudan pistola Zinemaldiko zorrotik ateratzen.

Western generoko oso bestelako pelikula da Jane Campionen The Power of the Dog (Perlak). Sotila da; musika zoragarriarekin ikus-entzulea beste eremu batera eramaten du. Aktoreen interpretazioak sekulakoak dira, eta ez naiz akordatzen noiz ikusi nuen azkeneko aldiz hain western eder bat. Ez du ematen Netflixeko pelikula bat, eta bada.

Tira, eta Mendebalde Urruneko cowboyen giroan gaudenez, azken bala jaurtiko dut: ezin bada dantzarik egin, ez dago iraultzarik; eta ezin bada prentsaurreko batean nahi duzunaz galdetu, ez dago prentsa askatasunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.