Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Posible da, baina

2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Gaur hasi da Pantailaldia. Bai, ondo irakurri duzu. Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da, garaiz zaude oraindik izena eman, txapa eskuratu edo zein rol hartuko duzun argitzeko. Baina aurrez, beroketa gisa-edo, Ikus-entzunez ekiteko garaia da lelopean iragarri duten ariketa kolektiboarena da txanda. Izenak ematen ditu pista batzuk, baina despistatuta bazabiltza, argituko dizut badaezpada: mota guztietako pantailetan euskarazko edukiak erabili, kontsumitu edo sortzea da erronka. Baten batek pentsa dezake Euskaraldiaren baitan egiteko modukoa ere badela ariketa, banaezinak direla honezkero pantailetan eta bertatik kanpo bizi ditugun bizitzak. Eta hala da. Nahi duenak jarraitu ahal izango du gaur hasitako bidea nahi bezain luze. Baina pantailek, gure bidelagun intimoenak diren honetan, merezi dute erronka sozial zabalagoak difuminatuko ez duen protagonismoa.

Aitzakia ona da, bestalde, azken zazpi —zenbaki bat hautatzearren— urteetan, loratu diren sareko ikus-entzunezkoei begira jartzeko. Asko izan dira, eta batez ere, esponentzialki hazi dira. Ezin konta ahala podcast ditugu orain —asko bideo bidez ikus daitezkeenak—, txio batean kabitu ezinekoa da websailen zerrenda, bideoklip industria propioa dugu, eta sareko bideoen mundura jauzi egin duten hedabide ez gutxi: Gaztea, BERRIA, Argia, Kanaldude, Naiz... Kasu askotan, egiteko grina zutenen burugogorkeriari esker garatu dira, eta gero eta gehiago —hori ere esan behar da— erakunde publiko batzuk ari direlako behingoz gisako proiektuak nola edo hala finantzatzen. Bejondeiela inoiz sosik izango ote zen jakin gabe aitzindari izan diren guztiei.

Dagoeneko ezinezkoa da sarerako euskaraz egiten den guztiari jarraitzea.

Gauza gehiago sortzen dira—telebista tradizionalerako ekoizten diren saioak kontatu gabe ere— lo egiteko ohitura duen edonork eskain dezakeen denbora baino. Bai, hortaz: posible da astebetez bizirautea pantailara euskarazko edukiak soilik eramanda. Besterik da gure ekosistema audiobisuala ondoan eskaintza bereziz eta kolore-festa harrigarriz estalitako supermerkatuak dituen azoka erraria dela. Hartzaileen kontzientzia militanteaz gain, infraestruktura sendoagoa eta erakusleiho gehiago beharko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.