Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ez-pastelak

2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Tentagarria da gogoko generoaren zerrenda luzeari segi eta bide horretatik ez irtetea. Thrillerrak suspense zalea bazara, Filmineko dokumental sarituak zirkulu intelektualetan zer esan izan nahi baduzu, komedia erromantiko arinak zure bihotz zauritua nahi baduzu miazkatu. Baina ezin dira egunero makarroiak bazkaldu. Urdailak eta buruak, biek eskertzen dute menua pixka bat aberastea.

Horregatik hasi naiz, nire insomnio gauetan, zuekin partekatzeko otordu exotikoagoen bila. Plataformen putzu ilunetan arakatu eta algoritmoak sekula gomendatuko ez lizkidakeen edukiak hautatzen ditut, zer topatuko. Lehenengo aleak Is it cake? du izena. Ez da metafora bat; Netflixek 2022an plazaratu zuen saioaren funtsa izenburuko galdera erantzuten asmatzea da. Sinetsi edo ez, AEBetan pastel itxurarik ez duten pastelak egiten dituen industria oso bat dago, bere txapelketa, bere merkatu eta bere izarrekin. Haien denbora zeregin horri eskaintzen dioten zortzi laguneko kuadrilla da protagonista. Parean jarri dieten objektu multzoaren artean, tarta zein den asmatu behar dute lehenik. Sei baloi, demagun, eta haietako bakarra da jateko modukoa. Azkarren asmatzen duten lehenengo hirurek soilik egiten dute aurrera.

Behin hirukotea osatuta, haiei dagokie sukalde lanetan jartzea. Misio berarekin: pastel itxurarik batere ez duen pastela sortzea. Telebistaren magia zer den, hamar minutuan laburtzen dituzten zortzi ordu dituzte horretarako. Amerikarrak dira, eta antzematen zaie: beren iragan gorabeheratsua, beren amets handi eta inspiragarriak...Telesail bateko pertsonaiak dirudite denek. Famatuen txanda da orduan, jakina baita ezin dela sukalde saiorik egin ospetsurik gabe. Lehiakide bakoitzaren pastela —demagun jostailu itxurakoa— haren antza handia duten bost objekturekin batera aurkezten diete hiru pertsona ezaguni. Amarruzko objektua zein den asmatzen ez badute, lehiakideak 10.000 dolar irabaziko ditu.

Zalantzan nago zer ote den harrigarriagoa: inork hainbesteko lana hartzea ez-pastelak egiten; ikuslearen begia hain ondo engainatu ahal izatea; edo jakitea bilera bat izan zela, non saioa ekoiztea ideia bikaina zela ondorioztatu baitzuten. Tira, bi bilera, gutxienez: bigarren denboraldia izango duela erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.