Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Esperimentua

2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Gidoilariari kosta egiten zaio onartzea. Baina idazten duena idazten duela, edozer dela ere protagonistak egiten duena, musikak dena baldintzatuko du. Ikus-entzunezkoa hitzak ez darama alferrik entzun dioen bigarren zatia. Horregatik, Abiapuntua saioaren bigarren denboraldiari begira jarri naizenean, belarriak limurtu nau lehenik: The White Lotus saioari hasiera ematen dion Ahola! kanta hipnotikoarekin ekin dio aro berriari.

Amaitu da abestia, eta gainontzeko elementuetara itzuli da nire arreta. Funtsean, saioaren dinamika bere horretan mantentzen da: binaka, zenbait gazte ikusiko ditugu gizartearen bazterretan dauden pertsonak ezagutzen. Gazteen aurreiritziak zalantzan jartzea da erronka, eta, bide batez, gauza bera eragitea ikusleongan ere. Hori da saioaren alde interesgarriena. Bizipen gogorrak edo ezohikoak kontatzera mugatu beharrean, gizartean horri begiratzeko diogun moduari erreparatzen diola. Baina erritmo bizian eta gazte protagonisten ahotik egin behar du lan hori, eta denek ez dute sakontasun bera.

Bi kontu eraman ditut koadernora. Batetik, saioaren hari nagusia diren gazte kuadrilla (ia) osorik aldatu dute. Eta, hala ere, atalaren hasieran ez diote haiek aurkezteari denbora eskaini. Geroago jakin dut astero seikotea aldatuko dutela. Bestetik, lehen alerako gaia aurreko denboraldian jorratutako beste baten oso antzekoa da: Muga guztien gainetik izena zuenarena, hain zuzen. Gorputz ez-normatiboak izenpean, berriro jo dute euren ezaugarri fisikoek baldintzatuta bizi diren lagunak ezagutzera. Xabier Osa debarraren kasua egin zait bereziki deigarri.

Saioaren erdialdean hartu du protagonismoa seikote gazteak. Aurreiritzien jopuntu bilakatu dituzte horretarako. Beste gazte batzuei eskatu diete, haien argazkiak erakutsita, asmatzen ahalegintzeko kirolariena, sexyena, edo lotsatiena zein den. Parte-hartzaileak hobeto ezagutzeko aitzakia ona da, saioaren dinamikari bigarren itzulia ematen diona. Baina haien artean sortu den tentsioa eta jolasak zenbaiti eragin dien deserosotasuna ez zaizkit atseginak egin. Gizarte gaiek eskatzen duten heldutasuna reality kutsuko formatu batekin uztartzen duen esperimentua da Abiapuntua. Eta esperimentuak horretarako dira, probatzeko, bestelako bideak zabalduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.