Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Isiltasuna

2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun

Ez kritikak, ez purrustadak; isiltasuna da telebista saio batek eragin dezakeen erreakzio mingarriena. Nor edo nor haserretzea ohikoa da; xede-taldekoa ez denari ez gustatzea, berdin: arrunta oso. Baina indiferentzia eragin badu edo oharkabean pasatu bada, ia inor ez bada mintzatu ez alde ez kontra, porrot egin duen seinale. El Silencio izena duen Netflixeko telesailari ez zaio halakorik gertatu. Aron Piper eta Manu Rios aktoreek izango dute eraginik horretan. Ezin guapagoak dira biak, eta Elite telesailarekin izandako arrakastari esker, modako aktore. Nahikoa amu izan da hori batek baino gehiagok sei atal dituen thrillerrari aukera bat emateko. Aitor Gabilondo donostiarra izan da gidoilari eta zuzendari.

Gurasoak hil (omen) zituen nerabe baten gorabeherak kontatzen ditu telesailak. Edo hobe esanda, polizia saldo batek egiten dion jarraipen nekaezina, behin adingabeen zentrotik irten ostean. El Show de Truman-ekin konparatu duenik bada, eta ez da harritzekoa: pantailan pantailak ikusiko ditugu etengabe. Sergio izeneko protagonistaren pauso guzti guztiak zelatatzen ditu Ertzaintzak kamera bidez. Ertzaintzak, bai; telesaila Bilbon girotu baitute. Dirudienez, erakunde publikoek ikus-entzunezko ekoizpenak Euskal Herrira ekartzeko egin duten ahaleginak bere fruituak eman ditu.

Zentzu horretan, erraza da Intimidad telesailarekin parekatzea. Hura ere Netflixek eskaini zuen, hura ere grabatu zen Bilbon, eta thriller kutsuko telesail laburrak dira biak. Baina Intimidad-ek zuen sinesgarritasuna eta sendotasuna falta zaizkio El Silencio-ri. Sareetan asko kexatu dira Almudena Amor aktoreak poliziaren paperean egin duen lanaz, adibidez. Pertsonaia hotz eta barne gatazka ilunekoa nahi izan dute irudikatu, baina ez dute asmatu hoztasun hori sinesgarri egiten. Ez da aktoreen lana hutsune bakarra, ordea, gidoitik bertatik antzematen zaizkio zenbait herren lanari: protagonisten erabakiak ez dira behar bezain justifikatuak maiz, eta zaila egiten da haien azalean jartzea. Thrillerrak, bata bestearen atzetik. Hori da dirudienez, Netflixen formula. Ikus-entzuleen joerek bultzatuta, ziur asko. Tartean badira batzuk gogoangarriak eta ikuslea harrapatzen dutenak. El Silencio, aldiz, saiakera gris samar moduan sartuko da zerrenda luze horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.