urtzi urkizu
KURSAALEKO ZUBITIK

Beste pantailetan

2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Abuztuan ehun urte bete ziren Kursaaleko zubia inauguratu zutenetik. Zurriolako zubia edo lehen zubia deitzen dute beste zenbait donostiarrek. Zinemaldiko egunetan izar guztiek gurutzatzen dute, baita langileek, akreditazioa soinean dutenek eta turistek ere. Zubian atzera eta aurrera ibiliko naiz egunotan, inorekin ustekabeko tupust bortitzik egin gabe, ahal dela. Handik pasatu da Marion Cotillard; zinemaren historiarako urrez gordeko da nola hezurmamitu zuen Edith Piaf.

Atzo goizera arte, art déco estiloko farol guztietan irakur zitekeen, euskara garbian: «Edozein ikuspuntutatik, zinema da». Netflixen kartel handi bat zen, eta atzo berria jarri zuten: Claudia Llosaren azken filmarena. Kursaalaren parean, bi aldeetara errepikatuak, HBO Max plataformarenak dira bi kartel. Movistar Plusenak beste bi, banku batena zinema babesten, eta bada auto garesti baten kartela ere.

Iaz, pandemiaren aurreneko zinemaldian, Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak zera esan zuen: «Filmak zinema aretoetan jarri nahi ditugu, ez ditugu online jarri nahi». Urtebete geroago, Movistarrek areto birtual bat jarri du martxan eta 500 etxetan —Movistarreko bazkide izan ala ez— zenbait pelikula ikusi ahalko dituzte zinemazaleek. Eskaintza horrek ez die grazia handirik egin hiriko zinema aretoetako arduradunei. Kartel handiak ordaintzeko gai diren konpainiek erabakitzen dute diruz zein ekoizpenen inguruan hitz egin behar den. Euskarazko iragarkiekin keinu bizkor bat eginez, nahi bada. Baina Rebordinosen hitzen kontraesanek ez dute eraginik zubitik ikusten den errealitatean. Eta zubitik, pantaila gehiago ikusten da, garai batean baino. Ez dira denak zinema aretoetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.