Albistea entzun

Keinuak bildu, poema bidez

Elena Olabe idazleak bere bigarren poema liburua idatzi du: 'Keinura itzuli'. 57 poema laburrek osatzen dute lana
Elena Olabe idazlea, atzo, Donostian, <em>Keinura itzuli</em> poema liburuaren aurkezpenean.
Elena Olabe idazlea, atzo, Donostian, Keinura itzuli poema liburuaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2022ko azaroak 24 - Donostia

Keinuei so eta horiek ardatz hartuta osatu du Elena Olabek (Durango, Bizkaia, 1997) bere bigarren poema liburua: Keinura itzuli. Izenburuak Chantal Maillard idazlearen aipu bati egiten dio erreferentzia, eta aipamen horren bitartez ematen dio hasiera liburuari ere: Keinura itzuli, keinu motzera, interes bakora. Hain zuzen, keinuak biltzeko ariketa egin du Olabek bere azken lanean. Hala azaldu du: «Niretzat, keinua txikia bezain iragankorra edo behin-behinekoa den ekintza, gertakizun edo mugimendua izan daiteke. Keinu hori biltzeko eta jasotzeko saiakera egin dut». 57 poema laburrek osatzen dute liburua —hemezortzi lerro ditu luzeenak—, eta segidan jasota daude guztiak, ataletan banatu gabe. Susa argitaletxeak kaleratu du.

Idazlearen arabera, «galdutako zurrumurru edo historia baten aztarnak» aurki daitezke testu edo poema laburretan, poemak eurak fosil bilakatuta: «Alde horretatik, gustatzen zait pentsatzea poemak sedimentu ezberdinez osatutako aztarna arkeologikoak izan daitezkeela». Eta horietan, gehienetan, presente dago keinua; batzuetan, modu esplizituan ageri da, eta, besteetan, poema bera «keinu edo keinu baten arrasto» bihurtuta.

Leire Lopez editoreak bi multzotan banatu ditu liburuko keinuak: desirarekin lotutakoak eta idazketarekin lotutakoak. «Biak ala biak ageri zaizkigu gorputzarekin eta bizitzarekin harremanetan». Poema bat jarri du adibide gisa:

Kostata bereiz ditzakegu eta
testua eta bizitza;
oraindik ez dakigu adierazten
zeinek konfiguratzen duen
[ zein.

Liburuaren antolaketan ere «banaezinak» direla uste du: «Bizitza idazteko saiakera bat izan daiteke liburua. Dena dela, hemen ez dago bizitza bere osotasunean jasotzeko asmorik; poemak argazki modukoak dira, askotan momentu jakin bat biltzen dute. Halako inbentario prekario moduko bat egiten dute».

Olabek ere azpimarratu du keinuek lotura nabarmena dutela desirarekin, baina idazketara itzultzeko ekintza gisa ere uler daiteke liburua. «Alde batetik, desiratzen diren gorputzak edo objektuak falta direnean, idazketa eta testua bilakatzen dira desira hori proiektatzeko eta artxibatzeko metodo bat. Bestalde, poema guztiek, nolabait, testuaren sorkuntza eta idazketarekiko ardura edo interes bat islatzen dute».

Keinuaren eta poemaren arteko loturak «nahiko argi» ikusten dituela azpimarratu du, eta berau argudiatu: «Biak mugimendu oso baten zati gisa uler daitezke, eta haien txikitasunean mundu oso bat gordetzen dute. Circe Maiak bukaeran esaten duen bezala, txinparta solteak izateaz batera, sua ere izan daitezke. Beharbada hori da bi kontzeptu hauen loturen artean gehien interesatzen zaidana».

Fantasiaren pisua

Poemak une kronologiko ezberdinetatik saltoka doazen testuak dira, «jolasa eta nolabaiteko fantasiazko eszena abiapuntu» dutenak. Hain hustu, fantasiak pisu nabarmena duela azaldu du: «Agian modu agerikoan islatzen ez bada ere, idazketa prozesuan zehar fantasian oinarritutako pentsamenduak eta adierazpenak bidelagun izan ditut, eta sorkuntzara eta errealitatera gerturatzeko bestelako moduak eskaini dizkit».

Horiek horrela, liburuaren irakurketak iraganean, orainean eta etorkizunean jauzika ibiltzearen sentipena eragin dezake, baina poema guztiek dute «kode, sinbologia eta iruditeria» komun bat. Lopezek esan du badaudela errepikatzen diren zioak: landareak, animaliak, artearen eta bizitzaren arteko gurutzaketak... «Eta, liburu osoan zehar, gorputza, guztiari eusten». Poema bat irakurriz amaitu du aurkezpena Olabek.

Oinaze partekatuak
[sostengatzen gaitu,
gau bakoitzak goiz bat
[gordetzen duela sinisteak.

Kontakizun konkretuari ez
[diogu beldurrik,
ezta tartekako desorientazioari
[ ere

egarria ezin delako ilusioz
[soilik ase
jarraitzen dugu elkarrekin
iturri eder eta baliagarriak
[sortzeko eginahalean.

Gure gorputzek iraungo
[badute
transformazioan izango da.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Auschwitzeko kontzentrazio esparruan hil zen Nemirovski, 1942ko abuztuaren 17an. ©BERRIA

Nemirovskik emandako azkena

Naroa Torralba Rodriguez

'Suite frantsesa' nobelaren bertsio argitaragabe bat eman du Alberdaniak. Agota Kristofen 'Koaderno handia' ere atera du
Aukeran konpainiako kideak, Hernanin (Gipuzkoa) <em>Migratzaileak</em> disko-liburua aurkezten. ©MAIALEN ANDRES / FOKU
'Irati' fimaren irudi bat. ©

'Irati' filma bost Goya jasotzeko hautagai da

Uxue Rey Gorraiz

'Ainhoa: Black is beltza 2' filma da hautagaien artean beste euskarazko lan bakarra

 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.