gorka julio
IRLEN SAREA

Elkarlan erradikala

2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Barkatu matraka ematea hezkuntzako etae-irakaskuntzako gaiekin, baina gauza garrantzitsuak gertatzen ari dira. Multinazionalen etengabeko saiakerak daude gure hezkuntza sisteman barruraino sartzeko, baina horien aurrean apustu ireki oso indartsuak ere badira.

Ezagunak dira Google Suite eta Classroom, Microsoft Teams eta 360; eta orain Amazonek ere bere plataformekin sartu nahi du hezkuntza sistemaren datu arrantzan. Hori da nahi dutena, ikasleen eta irakasleen datuak.

Hori lortzeko, estrategia ekonomiko bat jarri du martxan. Jakina da eskolek izaten duten diru sarrera falta. Hori probestuz, eskolei programa batean izena emateko aukera ematen die. Programa horren bidez, beren plataforma aurkezteaz gain, eskolei aukera ematen die, jendeak Amazonen eskola materiala erosten duenean, %2,5 eskolari emateko. Eskolek Amazonen propaganda egitea lortzen dute horrela —herrietako eta hirietako denda txikien kalterako berriro ere—. Seguruenik, zergetan ordaintzen dutenagatik soilik, gure hezkuntza sistemarentzat onura gehiago ematen dituzte denda txikiek.

Gauzak horrela dira bai, baina ez da etsipenean erotzeko momentua. Inoiz baino aukera gehiago ditugu gertatzen ari denari aurre egiteko. Erresistentzia garrantzitsua izango da, horrelako mugimenduen aurrean kontra azaltzea, baina baita ere tresna txukunak mahai gainean jartzea ere. Aukera elkarlanak eskainiko digu, esperientziak, materialak, eta baita, zergatik ez, azpiegiturak partekatzeak.

Apustu sendo bat behar da, elkarlan erradikalerako apustu bat, software libreko tresnak eta lizentzia libreetan oinarritutako materialak sortu eta partekatzera bideratua, eta eskola publiko, komunitario eta kontzertatuak lotuko dituena.

Moodle e-learning plataforma librea ezaguna da, baina orain, gainera, edukiak partekatzeko aukera emango duten MoodleNet biltegiak ere izango ditu laster. Horretaz gain, H5P formatuak ere aukera ematen du eduki interaktibo berrerabilgarriak sortzeko. Hiru tresna horiekin bakarrik, materiala sortzeko, partekatzeko eta lantzeko aukera izango genuke. Atal pedagogikoan eta kurrikularrean ere aurrerapausoak eman daitezke, tresnak eta horien erabilera ere elkarrekin pentsatzeko, baina hori gabe ere, aurrerapauso itzela litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.